Egonaldiak familia euskaldunetan

euskararenerroak 1456132559729 Euskararen erroak | 2010-04-13 11:07

baserria.jpg

HABEk sortutako Egonaldiak familia euskaldunetan ekimenerako, familia bila ari dira Urrats eta Ulibarri euskaltegiak.

Azken urteotan Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundeak Egonaldiak Familia Euskaldunetan izeneko ekimena antolatu izan du Euskal Herriko hainbat familiaren laguntzaz. Aipatu ekimenaren helburu nagusia, euskara, inguru euskaldun batean, praktikatu eta bertako bizimodu eta kultura gertutik ezagutu nahi duten pertsona helduei, familia euskaldun batean hilabeteko edo bi hilabeteko egonaldiak eskaintzea izan da.

Programa HABE erakundeak antolatu eta finantzatzen du, eta kudeaketaz arduratzen dira Bilboko Ulibarri euskaltegia eta Donostiako Urrats euskaltegia. Une honetan 2010eko udako egonaldietarako familia bila ari dira bi euskaltegi horiek.

Familia euskaldunentzako baldintzak:

  • Biztanleriaren % 70etik gora euskalduna duten udalerrietako zein auzuneetako batean bizi izatea.
  • Egonaldia eskaintzen den hilabetean, familian gutxienez hiru kide bizi izatea.
  • Kide guztien arteko ohiko komunikazio-hizkuntza euskara izatea.
  • Egonaldiak hilabetekoak izango dira gutxienez, eta egonaldi bakoitzeko ikasle bat besterik ezingo dute hartu.
  • Ikasleak familiako bizitzan parte hartuko du, eta familiak gutxieneko intimitatea eta askatasuna eskainiko dizkio.
  • Ikasleari logela pribatua emango zaio.
  • Ikasleak, etxeko zein baserriko lanetan parte hartzera beharturik ez badago ere, berak hala nahi badu, parte har dezake ohiko eginkizunetan.

Izena emateko epea 2010eko apirilaren 23an amaituko da.

Argibide gehiago:
www.egonaldiak.net


Utzi iruzkina: