Manifestazioa

euskalerriairratia 1456132493097 euskalerriairratia | 2006-05-26 12:29

Maiatzaren 27an, m!ntza kalean

Herritarrek Euskalerria Irratiaren alde ozen mintzatzeko aukera izanen dute maiatzaren 27an. Hitzordua, arratsaldeko seietan, Iruñeko Autobus geltokian. Leloa, “M!ntza: Euskalerria Irratia, eskubide osoz ”.

Deitzaileak irratiaren entzule, lagun edota kolaboratzaile diren hamaika gizon eta emakume dira, bakoitza bere gisakoa, desberdinak, normalak, gizarte honetakoak, euskaldun korrienteak.

Gobernuak euskararekiko duen jarrerak harritu egiten ditu hamaika herritarrok. Haien idurikoz, Gobernuak, lizentzia Euskalerria Irratiari ukatuz, haiek ere baztertu ditu. Euskaldun guztiak baztertu ditu.

Horregatik guztiagatik deitu dute manifestaldira: euskaldunok, gizarte honetako partaide garenez, gizarte honetan geure lekua izateko eskubidea dugula aldarrikatzeko. Euskalerria Irratiarentzako lizentzia exijitzeko. Nafarroako Gobernuaren jokaera zikin eta zakarra salatzeko. 

Entzun gaitzaten, m!ntza gaitezen kalean.

Deitzaileak:

Edurne Arrizibita (Karrikiri elkarteko kidea), Kike Diez de Ulzurrun (itzultzailea), Pello Eltzaburu (editorea), Inma Errea (idazlea), Arrosa Gaintza (administraria), Blanca Izkue (musikaria), Esperantxi Kondearena (Euskalerria Irratia elkarteko bazkidea), Mikel Juaniz (La Pamplonesako musikaria), Mikel Lasarte (Ilundaingo Baserri Eskolako zuzendaria), Pedro Otaduy (Iturrama Institutuko zuzendaria), Ainara Santakiteria (SOS Arrazakeria taldeko koordinatzailea).

 


Utzi iruzkina: