Euskararen Lehen Eguna
Euskararen eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen lehenengo aldiz. Garai hartako Espainiako egoera politikoak eraginda, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta Ameriketako hainbat lekutan egin zen.
Euskararen eguna Eusko Ikaskuntzak sortutakoa da. Erakunde hau 1918an sortu zen, Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundien eraginez. Euskal kulturaren sustapena eta iraupena ziurtatzea izan da hasieratik Eusko Ikaskuntzaren helburu nagusiena. Espainiako Gerra Zibila lehertu arte, dinamismo handiko erakundea izan zen. Beste lanen artean, Euskaltzaindia habian jarri, autonomia estatutuaren testua idatzi eta ikastoletarako ikas materialak ekoitzi zituen.
Bestalde, euskal ikasketen arloan zebiltzan ikertzaile eta aditu garrantzitsuenak bildu zituen eta sei biltzar ere antolatu zituen. Baina euskal kulturaren hedapena gizarte guztietara ere zabaldu nahi zuen, eta horrela antzerki eta olerki egunak, bertsolari egunak eta antzekoak ere antolatu zituen.
Espainiako Gerra Zibilak Eusko Ikaskuntzaren ekimenak eten egin zituen, eta erakundearen desagerpena ia erabatekoa izan zen. Baina Joxe Miel Barandiaranen ekimenez, Iparraldean jarraipena izan zuen erakundeak, eta Nazioarteko Eusko Ikaskuntza bultzatu zuen. Horrela, 1948an Biarritzen eta 1954an Baionan, biltzar bana egin ziren. Halaber, Iparraldeko Euskaltzaleen Biltzarra ere 1948an hasi zen lanean, eta euskararen aldeko kultur ekitaldiak berpiztu ziren.
Giro honetan, 1949ko abenduaren 3an, lehenengo Euskararen Eguna aldarrikatu zuen Nazioarteko Eusko Ikaskuntzak, eta urtero egun horretan ospatzen da.
1995ean egindako Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak Euskararen Egunak berrindartzea proposatu zuen, eta Diasporako euskaldunentzat hain garrantzitsua zen eguna "ofizial" izendatzea. Beraz, Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak oniritzea eman ostean, abenduaren 3a, Xabierko Frantziskoren eguna, Euskararen Egun ofizial izendatu zen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: