Euskararekin Gozatuz
2007-ko azaroaren 20a, asteartea Aitzol Udal Euskaltegia, Tolosa
Aitzol Udal Euskaltegiko irakasleek gonbidaturik, gazteei zuzenduriko hitzaldi batetara gonbidatuak izan ginen. Hizlaria Joxerra Gartzia zen eta bere solasaldiarekin azaldutakoaren helburua euskara bizitzako zoriontasun eta beharrak asetzeko baliabide bilakatzea izan zen, horretarako erabileraren garrantzia azpimarratuz.
Bere emanaldia Parmenides eta Planton moduko filosofoen pentsamenduen azalpen labur batzuekin hasi zuen, ondoren hezkuntzan eta kalean euskarak dituen erabileraren adibideak sakondu zituen, eta azkenik euskara gozabide bilakatu behar dugula esanaz amaitu zuen.
Antzinatik gizarte eta kultura ugaritan bizitzaren helburuak zeintzuk diren bilatu eta hauek azaltzen saiatu gara, eta horien arten filosofia alorrean ezagun egin ziren Platon eta Parmenides modukoak aurki ditzakegu. Hauen garaitik jada, argi utzi zen bizitzan zoriontasuna eskuratzea dela banakoaren xedea, eta horretarako, bai batak eta bai besteak euren pentsamenduak ilustratzen saiatu ziren hitzen bidez. Hala ere, gai al da euskara moduko hizkuntza xume bat, helburu hori lortzen laguntzeko?
Beharbada ez gara inoiz ohartu egunero erabiltzen ditugun hitz ugarik hori adierazten digutela, esate baterako, “lehendabizi” hitza zatikatzen badugu, “lehen” “da” “bizi” moduan, argi uzten digu, guztiaren gainetik bizitzea dagoela, eta gero gerokoak. Euskaran gertatzen den fenomeno xelebre bat “luze” eta “labur” hitzak digu, non luze hitza labur baino laburragoa den, eta labur hitza aldiz, luze baino luzeagoa.
Baina, behin agure batek esan zuen moduan, “bizitza ez da luzatu behar, baizik eta zabaldu” eta beharbada honela, desira dugun zoriontasun hori errazago eskuratuko dugu.
Hala ere, askotan zalantzan jartzen da bizitzan benetan axola diguten gauza horietarako euskararen baliagarritasuna, eta zehazki nerabezaroaren adinari erreparatuz gero, honakoak dira gure jomugak: APROBATZEA, DIRU ASKO IZATEA, EGA LORTZEA eta OSPEA IZATEA. Seguruenik, aprobatzeak baino garrantzia handiagoa izango du gauza asko probatzeak, eta diru asko izateak baino, izate hutsak, eta ospea izateak baino, mundu zikin honetatik ospa egiteak; baina euskara lagun al diezaguke? Hori da galdera.
Euskararen mundu honetan alferrikakoak diren esaera ugari aurkitzen ditugu: itsasoan euria, egurra basoan, gizonezkoen titiak, ilargia egunean… baina baita benetan garrantzitsuak ditugun alderdi desberdinak jorratzeko eta gozatzeko baliabideak ere; hau da, MAITASUNA, LAGUNAK eta NORBERA NOR SENTITZEA edo ONGIZATEA.
Egun euskararen erabilera hiru alor hauetan nahiko atzeratua dagoela esan daiteke, izan ere hizkuntzak berak eskaintzen duenarekin jolasteko trebezia falta nagusiturik dago.
Maitasunaren inguruan “ez dakigu” gure sentimenduak nola adierazi eta horregatik gure maitaleari idatzitako edo esandakoak ezina gutun egina moduan defini genitzake. Hau da, maitasun sentimendu horiek hitzen bidez islatzen ez dakigunez, sekulako astakeriak botatzen ditugu, hizkuntzarekin egin genezaken jolas hori landu beharrean.
Euskara lagunartean oso mugatua dago. Alde batetik geroz eta gutxiago entzuten da gazteen artean hizkuntza hau, zaharkitutzat eta baserri girokotzat ikusten baita, eta bestalde, erabilia den kasuetan oso ohikoak izaten dira “tio” moduko joerak (neskak soilik dauden elkarrizketa batean ere), guay, mola mazo, caranba, tope… erdarakadak sartzen dira izugarria den zerbait adierazteko; mugikorren bidez bidaltzen diren mezuetan kolinismo fenomenoa aurkitzen da, hau da, euskaraz garrantzirik gabeko gauzak jartzen dira eta benetan garrantzia duten gauza horiek edo gaztetasuna adierazten duten hitz eta adierazpenak, gaztelania nahiz ingeleseko esaerekin idazten dira (Gaur me lo he pasao DPM)…
Eta norberaren nor sentimendu hori azaltzeko unean, adibiderik garbiena haserre egoera baten aurrean, euskaraz baliabiderik bilatzen ez dugunez, gaztelaniako hitz “gogorrak” sartzen ditugula da, tentsio eta frustrazio hori arintzeko, izan ere, ez baitakigu euskaraz gogortasun hori nola eman. Adibidez, cabron, hijo de puta, caranba…
Baina zein da egoera lastimagarri honen errudun? Gaur egun Euskal Herrian ez da ez kalerik ezta etxerik ere euskararentzako, eta norbait salatzekotan hezkuntza eta komunikabideak izango dira guztiaren atzean dauzkagunak.
Hezkuntzaren helburua gazteak mundurako prestatzea dela esaten da, baina euskaraz prestatu beharrean, euskararen teoria eta erregelak irakasten dituzte, baina egin behar luketena HELBURUA DUEN HIZKUNTZA BAT IRAKATSI ETA ERABILTZEA litzateke.
Komunikabideetan ere euskararen erabilpena mugatua dago, eta nahiz eta saiakera ugari egin izan diren, eta garapen nabarmena jasan duen azken urteotan, ahaztu egiten zaie eurek direla gizartearen eredu, eta gizabanako orok nolabaiteko eragina jasotzen duela berauetatik. Beraz, zergatik ez dira saiatzen euskara “ongi” erabiltzen, “Goenkale” telesaileko gazteen hitano ikasia, “Euskadi gaztea”-ko Miel eta Joxeinaren sms atala, egunkarietako akatsak… Mihiluze programan agerian geratzen dira hainbat eta hainbat hanka-sartze, eta grazia egiten diguten arren, horixe da euskarak gaur egun duen egoera soziala.
Euskararen jabe izateko maila ugari dauzkagu eta bere erabilerarako gaitasuna barnean, sakonean, lortu behar dugu. Honela bi munduekin jolasteko aukera izango dugu, eta hizkuntza bera gozamen bilakatuko du, nahiz eta aurretiko trebakuntza bat eskatzen duen.
Euskararen egoera denon artean hobetu dezakegu, itzulpen txatxuen ez digute balio, eta erabilera da indarra lortzeko bidearen lehen pausoa.
“DENOK DAUKAGU NORBERAREN ONGIZATEA LORTZEKO BEHARRA, EUSKARARI HARK GURI EMATEN DIGUNA EMANAZ.” Joxerra Gartzia
Iruzkinak
Utzi iruzkina: