Independentziaren utopia

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-12-10 17:13

belokijmari@gmail.com 1765383883247

Aurreko batean, Estatu mailan antola litekeen konfederazio baten inguruan idatzi nuen (https://blogak.eus/euskal-herritik/trantsizio-konfederatua), Euskal Herri independenteranzko tarteko urrats gisa. Irudimenari askatasun osoa emanez, oraingoan balizko Euskal Herri independenteari buruz ariko naiz.

Euskal Herrian asko gara independentziaren gogoa barru-barruan daramagunok. Aurretik ez dakit esaten zenbatek, baina 1960. hamarkadaz geroztik behintzat Euskal Herri burujabearen ametsa euskal herritar askok eta askok bihotzean iltzatuta dugu. Ez da alferrik isuri hainbeste odol gure kale eta mendietan.

Une honetan idazten ari naizena ez da egitura politiko batean eztabaidatzeko txosten politikoa. Ezta egituratuta dagoen militante baten eztabaidarako ekarpen politikoa ere. Independentziaren irrika duen euskal herritar arrunt baten hausnarketa xumea baizik. Irakurtzen duenari buruan buelta batzuk emateko gogoa piztea bakarrik bilatzen duena, besterik gabe.

Hemen plazaratuko ditudan ideiak aspaldi bizi dira nirekin. Duela 25 bat urte paper batean laburtuta jarri nituen eta goi-kargu batek ez zela horretaz eztabaidatzeko unea esan zidan. Ea bi hamarkada luze igarota, une egokia den oraingoa.

Euskal Herri konfederatua

Eman dezagun - ametsetan ari naiz- independentziaren atarian garela eta epe laburrean gure herri askeari egituraketa bat antolatu behar diogula. Geure historiarekin zintzo izanik, ezin pentsa genezake Euskal Herri zentralizatu batean. Herrialdetik herrialdera desberdintasun nabarmenak ditugu, nahiz denok kultura bera duen herri bakarra osatzen dugun. Euskalkiak horren adierazle argiak ditugu. Beraz, herrialdeek subiranotasun maila handia beharko lukete, denak instituzio konfederatuek elkar loturik.

Errealitate politiko, sozial eta ekonomikoak oso desberdinak direnez, herrialdeez mintzatzean oso egoera desberdinetan daudela hartu beharko genuke oinarritzat egituraketa bat diseinatzerakoan. Historiari erreparatu beharko genioke, nola ez, baina baita egungo baldintzei ere. Lehen baldintza nagusia Euskal Herria bi Estatutan banaturik dagoela litzateke. Baldintza desberdinak bizi dituzte bi aldeek eta agian, segur aski, bi erritmo desberdin eramanen dute burujabetasuneranzko bidean.

Konfederazioari begira, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoak Konfederazioaren pieza bakarra osatuko lukete, elkarren artean federatuta. Nafarroa Behereak Nafarroa Garaiarekin Nafarroa bakarra -Nafarroa historikoa- osatzen badu ere, azken mendeetako bilakaera historikoak seigarren merinaldea Zuberoa eta Lapurdirekin oso harreman estuak izatera eraman du. Gaur egun Euskal Herri Konfederatuan instituzionalki hiruek bat eginda txertatzea dirudi naturalena.

Nafarroa Garaiko jendeak Nafarroa Beherekoekin harreman estuak mantentzen jarraituko luke. Gaur egun, herri mugimenduak suspertuta, harremanak gero eta gozoagoak dituzte, baina instituzionalki Nafarroa Garaiak bere ibilbide propioa garatu beharko luke.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaz gain beste herrialderen bat sartuko balitz Konfederazioan -Nafarroa Garaia, adibidez-, Gasteizko Legebiltzarrak agian zentzua galduko luke eta ez luke lekurik izanen Konfederazio berrian. Hegoaldeko lau herrialdeak Konfederazioan baldintza berdinetan txertatzea dirudi egokiena. Honatx eztabaidarako beste puntu garrantzitsua.

Beraz, Konfederazioaren egituraketa 3+1+3 ala 3+1+1+1+1 aztertu beharko litzateke.

Hiriburua

Eztabaida eraginen lukeen beste puntu bat da hau. Batzuek Gasteiz lehenetsiko lukete eta beste askok Iruñea. Nafarroa Garaian erreferenduma irabazi ezkero, noski. Historiari erreparatu ezkero, Euskal Herri osoa Antso III. Handiaren garaian bakarrik egon da elkarturik, Nafarroako Erresumaren baitan. Ikuspuntu historikotik, Iruñeari legokiokeela esan liteke. Egungo azpiegiturei erreparatu ezkero, beharko liratekeen gehienak dagoeneko Gasteizen prest daudela esanen lukete beste batzuek. Behar bada, azpiegiturak eta zerbitzuak banatuta konpon liteke afera. Adibidez, Gobernu Konfederala Iruñean eta Parlamentua Gasteizen.

Autodeterminazioa

Nazio Batuen Erakundeak arautua duen bezala (1966ko ICCPR eta ICESCR Adierazpenen 1. artikuluan), “Herri guztiei dagokie autodeterminazio-eskubidea”. Euskal Herria ez da salbuespena. Eskubidea egikaritzeko ordua iristean, nola gauzatuko genuke urratsa? Hau da, erreferenduma nola antolatuko litzateke lurraldeari dagokionez? Teorikoki, aukera desberdinak daude:

  1. Euskal Herri osoan batera.
  2. Iparraldea alde batetik eta Hegoaldea bestetik.
  3. Iparraldea, Nafarroa Garaia eta Euskadiko lurralde autonomikoa, hiru zatitan.
  4. Iparraldea, Nafarroa Garaia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, bost zatitan.

Laugarrena dirudi zentzuzkoena. Dena den, gorago esan dugunez, Euskal Herriaren Konfederazioa egituratzeko modu egokiena aztertu beharko litzateke aurrez. Ondoren, horren arabera antolatuko lirateke erreferendumak. Puntu garrantzitsua izanen litzateke ere erroldarena. Nork izanen luke bozkatzeko eskubidea?

Instituzioak

- Udal eta kontzejuak: egungo mapa ez litzateke zertan aldatu.

- Herrialdeak: mendebaldeko hiruek beren Batzar Nagusiak mantenduko lituzkete. Nafarroa Garaiak bere Foru Parlamentua ere. Iparraldearen instituzionalizazioa hiru herrialdeen esku geratuko litzateke, baina hasiera batean bakoitzak bere Batzarra izatea lirudike egokiena, hiruak federazio batean elkartuta.

- Erreferenduma gainditu duten herrialdeek Parlamentu Konfederala osatuko lukete. Bertatik sortuko lirateke Gobernu konfederala eta Presidentea hautatzeko moduak.

Ikurrak

Armarria: “seiak bat”. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoarenak barne hartzen dituena.

Banderak. Herrialde eta udal bakoitzak bere historikoarekin jarraituko luke. Baina Euskal Herri mailako nagusia zein izanen litzateke? Ikurrina, hasieran, Sabino Aranak Bizkairako asmatu bazuen ere, aspaldi denok Euskal Herri osoko ikur gisa dugu barneratua. Nafarroako bandera garai bertsuan sortu zen, XX. mendearen hasieran, eta ikurrina bezainbeste zabaldu ez bada ere, gero eta euskal herritar gehiagok hartzen du Euskal Herri osorako ikur nagusi gisa. Eztabaidarako beste puntu bat bezala geratuko litzaiguke eta, agian, egunen batean herri-kontsulta batez ebatzi beharko litzatekeena.

Hizkuntza

Euskara eta gaztelania izanen lirateke bi hizkuntza ofizialak. Baten bat lehenetsi beharra izanik (Gobernuaren ekintza ofizialetan, telebistan, bide seinaletan…) euskara lehenetsiko litzateke.

Armada

Islandia, Monako edota Liechtensteinen moduan, Euskal Herriak ez luke armadarik edukiko. Balizko inbasio baten kasuan, herri milizien esku geratuko litzateke defentsa lana. Barne segurtasunaz eta ordena publikoaz polizia arduratuko litzateke.

Ondorioa

Inork bide hau jorratzea erraza izanen dela uste bazuen, hasten ahal da pentsatzen euskal herritarron arteko eztabaida ez dela samurra izanen. Eztabaida politikoen agendan egun ez da lehentasunen artean kokatzeko gaia. Baina herritarron artean nola ikusten dugun prozesua plazaratzen hastea ona litzateke denontzat. Ez da politikari profesionalei uzteko gaia. Erreferendumean parte hartzera deituak izanen garenez, denok iritsi beharko dugu noizbait iritzi propioa izatera. Eta horretarako, iritzien trukaketa lehenbailehen hastea onena.

joan mari beloki kortexarena

2025-12-10


Utzi iruzkina: