TRANTSIZIO KONFEDERATUA

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-11-20 01:45

belokijmari@gmail.com 1700441221549

Euskaldunok lehengo Gaztelarekin eta oraingo Espainiarekin izan ditugun harremanak ez dira sekulan samurrak izan. 1200. urtean Gasteiztik hasi zuten euskal lurraldeen konkistak pasarte odoltsu asko utzi digu mendetan zehar. Nafarroaren konkistan eta karlistaldietan hildako milaka lagunek ongi erakusten dute euskaldunon erresistentzia historikoa gure lurrak besteen esku geldi ez zitezen. Azken gertakizun odoltsu masiboa 1936an Mola jeneralak antolatu zuen altxamendua dugu. Francok jarraipena eman zion eta honek ezarri zuen sistema faxistak 1975 arte iraun zuen. Euskal Herrian Francok milaka herritar hil zuen, beste milaka asko atzerrira joatera behartu zuen eta mendebaldean abiatu berria zen hiru herrialdeetako autonomia deuseztatu egin zuen.

Franco desagertu zelarik, sistema faxistaren zutabe nagusiek bere horretan iraun zuten eta demokrazia berria kutsatuta sortu zen. Milaka lagun torturatu zuten eta komisaldegietan eta kalean jende ugari hil zuten. Europako Batasunean ezinezko zirudien altxamendu militarra egitera ere iritsi ziren -tankeak kalera aterata eta Parlamentuan tiroka sartuz- helburu bakarra zutelarik: txoriek ez zezatela Madrilek jarritako kaiolatik alde egin. Estatuaren baliabideekin Euskal Herrian jarduteko talde terrorista bat osatu zuten. Euskaldunok Euskal Herritik sortzen genuen informazioaren iturriak lehortzeko ahalegin bortitzak egin zituzten. Orduan gazte ziren asko gaur, adinduta, oraindik kartzelan dauzkate gupidarik gabe, garaiak zeharo aldatu badira ere. Euskarari hegalak etengabe mozten dizkiote. Kirolari hoberenei munduko onenen aurka euskal koloreekin lehiatzeko ateak ixten dizkiete... Zer enpatia izanen dugu, ba, euskaldunok España Una y Grande horrekiko?

Espainiak sentipen garratzak, mingotsak eta gaziak soilik eragiten dizkigu, gozoetatik urruti beti. Kaiolan giltzatuta gauzkate, hegalak aske astindu ezinik. Madrilekiko kateak xehatu egin nahi genituzke, baina epe motzean zail dago. Ba al da noranzko horretan urratsik emateko beste aukerarik? Demagun Espainia urdinaren aurrean, Pedro Sánchez presidenteak gidaturiko Espainia gorriak periferia deitzen dutenekin apustu estrategikoa egin nahi duela Estatu plurinazionala osatze aldera. Demagun independentziarako trantsizio fase bat adostea egoki ikusten dugula Euskal Herrian. Nola uztartuko genituzke bi jarrerak? Federalismoa, egungo autonomia maila bera eskainiko ligukeenez, ez dugu aski. Konfederazioaren eredura jo beharko genuke, eskuduntzen balantza gure aldera desoreka dadin.

KONFEDERAZIOAREN EREDUA

Konfederazioa interes berdinak defenditzeko estatu burujabek osatzen duten elkargunea da. Hortaz, gure kasuak ez luke kontzeptu horrekin bete-betean bat eginen, Euskal Herria estatu burujabea ez delako. Baina burujabetasun horren goseak gaude oso eta hurrengo hilabeteetan Espainiako presidentearekin negoziatzen hasi behar denez, ongi legoke epe ertain-luzeari begira egin dezagun. Ausart jokatzeko tenorea da, jauzi kualitatiboa emateko apustu eginez. Presarik gabe, baina tinkotasunez. Burujabetzarantz goazela irmo erakutsiz. 

Konfederazioaren ereduari jarraiki, batetik hitzarmenak ukituko ez lituzkeen Estatu mailako gaiak zehaztuko lirateke: Estatuko instituzioak (monarkia, senatua…), nazionalitatea, atzerri-politika, Estatuaren mugen zaintza, moneta sistema… Bestetik, euskal lurraldeei legozkiekeen eskuduntzak zehazterakoan, honatx osotasunean erreklamatuko genituzkeen hainbat: hezkuntza, osasungintza, segurtasuna, gizarte-segurantza, euskararekiko hizkuntza-politika, langileen eskubideen kudeaketa, presoen eskubideen bermea, kultura eta kirolaren esparruak (selekzioak barne), herritarrei era guztietako kontsultak egin ahal izatea… eta guztiaren zaintzari dagokion justizia administrazioa.

Hegoaldeko lau probintziek autonomi-estatutu bakarrean elkartzeko eskubide aitortua izanen genuke. Bestalde, segurtasuna aipatzean, gure lurraldean euskal instituzioen menpeko polizia bakarrik egonen litzatekeela esaten ari gara, batetik, eta armadaren kuartelak eraitsi eginen liratekeela, herrialde desmilitarizatua izan nahi dugulako, bestetik.

Aurreko guztiak ez gintuzke independentziaraino eramanen, baina bai etxe burujabearen ezkaratzeraino. Prozesuari amaiera emateko herri kontsulta eginen litzateke. Quebeci (1980 eta 1995) eta Eskoziari (2014) aitortu zitzaien zilegitasun berarekin.

Hauxe kaiolako atea zabal liezagukeen giltza, txori aske gisa hegan joateko aukera emanen ligukeena. Eskuratzen nekeza. Noizbait lortuko duguna.

joan mari beloki kortexarena

2023-11-13


Utzi iruzkina: