AEBen segurtasun nazionalaren estrategia berria
Alex Kreiner merkatu-analista eta estaldura-funtsen kudeatzaile ohia da. Gaur, Glenn Diesen akademikoaren galderei erantzunez, D.Trumpen azken dokumentuari buruzko iritzia dakarkigu: “Segurtasun nazionalaren estrategia berria”
Glen Diesen: zein da Washington “Segurtasun nazionalaren estrategia berriarekin” bidaltzen ari den mezua?
Alex Krainer: Bigarren Mundu Gerraren ondorengo mundu ordena zaharkitua dela berresten du dokumentuak. Status quoaren desbideraketa handia da, egungo agenda globalistaren arbuioa eta mundu ordena multipolarraren onarpena. Gauzak aldatzen ari diren aitortza da, AEBek egin duten bidea okerra eta jasanezina izan dela eta orain norabide desberdina hartzen ari dela.
AEB norabide aldaketa egiten aritzea oso gauza positiboa da, elementu kezkagarriak dauden arren. Kontuan izan behar da Trumpek oso oreka zaila mantentzen jarraitzen duela bere estrategia nazional berriaren eta Bigarren Mundu Gerraren osteko ordena globalaz baliatu diren interes oso boteretsuen artean.
Glen Diesen: Gerra Hotzaren ondorengo hegemonian zentrala izan den erakundeetako bat NATO eta bere hedapena izan da. Orain guztiz kontrakoa defendatzen du.
Alex Krainer: dokumentuak esplizituki dio NATOren etengabeko hedapena oso ideia txarra dela eta AEBek dagoeneko ez dutela babesten. Gainera, Ukrainako gerra bukatu egin behar dela aipatzen du eta Errusiak Europako segurtasun arkitektura berriaren parte izan behar duela. Horrek Europako oligarkiarengandik urruntzea adierazten du.
Europako Batasunari ere kritika egiten dio eta subiranotasunaren aldeko mugimenduak babesten ditu. Horrek aldaketa nahiko erradikala dakar. Dokumentuak dio Europako aliatuak zenbait balio eta politika partekatzen ditugun heinean direla aliatuak, hala nola demokrazia, giza eskubideak eta adierazpen askatasunerako eskubidea. Europako herrialdeak balio horietatik desbideratzen badira, ezin hartuko dira aliatu gisa. Horrek indartu egiten ditu Europako subiranisten argudioak, eta ahuldu egiten ditu paneuropeistenak, une honetan tematuta baitaude Errusiaren aurkako gerrara joateko, adierazpen askatasuna zapaltzeko, hauteskundeak bertan behera uzteko... Dokumentu horrek joera horiek guztiak gaitzesten ditu, eta inplikatzen du bide horretatik jarraituz gero ez garela aliatuak izanen.
Glen Diesen: Europako nazioen barruan Europaren egungo ibilbideari aurre egitea izan behar dela irtenbideetako bat adierazten duen oharra ere badago. AEBek Europari egungo norabidetik aldentzen lagundu beharko lioketela dio.
Alex Krainer: adierazpen batzuen arabera, AEBek Europako zenbait nazioekin lan eginen dute egungo politika aldatzeko. "AEBk Europako aliatu politikoak animatzen ditu … Europako alderdi abertzaleen gero eta eragin handiagoa sustatzera”. AFD bezalako alderdiak babestuko dituzte Alemanian, eta alderdi subiranistak, Frantzian, Italian eta Europako beste hainbat herrialdetan, ezkertiarrak zein eskuinekoak. Hori kolpe latza da Macron, Merz eta Starmerrentzat.
Dokumentu honekin lotura zuzena duen gatazka bat ere bada. X, Elon Musken plataforma, zentsuratu eta isilarazteko Europaren saiakera, Europan adierazpen askatasuna murriztera behartu nahian eta 120 milioi dolarreko isunak jarriz hori ukatzeagatik. Europarrek galduko duten bataila handia sortzen ari da eta Europan erregimen aldaketa mordo bat eragin lezake.
Patrick Bob kazetari alemaniarraren arabera, joan den astean Moskun eztabaidatu zen gauzetako bat Nord Stream gasbideen birlotura izan zen, eta hori oso interesgarria da. AEBek gobernu aldaketa aurreikusten dute Alemanian, eta horrek Europako Batasunaren desintegrazioa ekar lezake.
Glen Diesen: Europako buruzagiek Ukrainako gerrari eusteko apustua egin dute eta Europako zibilizazioa hil zorian dago.
Alex Krainer: Europako Batasuna izututa dago eta inprobisatzen ari da. AEBen eta EBren arteko lotura sendoa deneko itxura egiten jarraitzen du. Ukatzen ari da AEBek Europako aliatuekin aliantza berresten duelarik nazio europar subirano indibidualez ari dela. Uste dut erreakziorik kezkagarrienak estatu sakonaren egituretatik etor litezkeela. Donald Trumpen gobernua agintetik kentzeko saiakera egiteko arriskua dago, Trumpen aurkako hilketa saiakera baten bidez edo koloretako iraultzak antolatuz. Labanak zorroztuko diren gatazka-garai batean sartzen ari gara.
Glen Diesen: estrategia berri honetan alderdi kezkagarri batzuk badirela aipatu duzu.
Alex Krainer: Kezkagarriena Taiwanen kontua da. Taiwan nazio independente bat balitz bezala defendatu nahi dute. Baina Txinaren parte da eta oso jarrera oldarkorra hartzen ari dira bere aurka. Baina, aldi berean, Trump Txinarekin akordioak egiten saiatzen ari da. Elkarrizketak uste baino zabalagoak eta uste baino adiskidetsuagoak direla pentsatzen dut. Beraz, Txina aurrez aurre jartzeko eta gerra ireki batera eraman dezakeen jarrera erasokor horri eusteko ideia guztia AEBetako konplexu militar industriala baretzeko besterik ez delakoan nago.
Glen Diesen: alde batetik, zintzoa dirudi gatazka eta gerra militar guztiei amaiera emateko nahia, batez ere Ukrainakoa, eta baita errealitate multipolarretara egokitzeko nahia ere. Hau da, estrategia hegemonikoa kalterako eta autosuntsitzaile suertatzen dela onartzen du. Baina aldi berean militarismo ia absurdu bat dago: Gaza, Iran, Venezuela eta, jakina, Txina.
Alex Krainer: bada parrafo bat niretzat dokumentu osoko kezkagarriena dena. Honela dio: “Gure mende dauden herrialdeetan, kontratuak gure enpresentzat bakarrik izan behar dira. Ahalegin guztiak egin behar ditugu eskualdean azpiegiturak eraikitzen dituzten atzerriko enpresak kanporatzeko”. Parrafo hori CIAk txertatua izan liteke, horixe egiten aritu baitira mundu osoan orain arte. Txinatarrak azpiegitura bat eraikitzera etortzen baziren, zuzenean erasotzen zioten eraikuntzari, desegiteko, langileak zirikatzen zituzten edo ingeniariak hiltzen zituzten. Hori gertatu zen Balutxistanen, Myanmarren, Afrikan, Georgian...
Gainerakoan, dokumentua benetan oso pozgarria da eta norabide zuzenketa ona suposatzen du. Denentzako zerbait sartu dute dokumentuan, baina hobekuntza handia da Biden, Obama, Bush eta Clintonen administrazioekin alderatuta.
Glen Diesen: nola ikusten duzu multipolaritatearen motorra dokumentuan?
Alex Krainer: multipolaritatea dokumentuaren muinean dago, esplizituki baztertzen duelako AEBek hegemonia global gisa duten zeregina, jasanezina eta garestia delako. AEB superpotentzia industrial bihurtu nahi ditu. Herrialde ekoizle, produktore eta potentzia esportatzaile izanen bazara, merkatuak behar dituzu. Eta merkatuak behar badituzu, ongi bizi diren kontsumitzaileen kopuru handia behar duzu munduan. Zentzu horretan, AEBen estrategia Txinarenaren osagarria da. Zentzu horretan, AEBek eta Txinak interes komuna partekatzen dute. Horrek esan nahi du beste superpotentzia berdintzat hartu behar duzula. Eta hori munduko ordena multipolarraren onarpen inplizitua da.
Glen Diesen: azken 30 urteetan ikusi dudan dokumenturik zirraragarriena dela uste dut, alde handiz.
https://www.youtube.com/watch?v=KhBYes0IheA
joan mari beloki kortexarena
2025-12-13

Iruzkinak
Utzi iruzkina: