Zuian oldarraldia ari du | Oier Azkarraga

diseinua@ehe.eus 1746984178905 adierazpen libreko txokoa | 2025-09-17 20:57

Azken denboraldi luzean gure herria eta bereziki gure hizkuntza oldarraldi judizial oso bortitz bat bizitzen ari dira. Hainbat interes medio, euskara eta gaztelera parekidetasun egoeran jartzea bilatzen duten lege eta iniziatiba guztiak epaitegi bitartez atzera botatzen dituzte era sistematikoan.

Bereziki Kontseiluak bultzatuta, erantzun irmoa eman nahian ibili da euskal gizartea eta bereziki euskaltzaletasuna. Alderdi politiko, sindikatu, eragile sozial eta herritarrak elkarturik gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko.

Oldarraldia, ordea, ez dator soilik esfera judizialetik. Hainbat eragile, instituzio eta udalek, euren erabakiekin euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzen gaituzte, eta hori da hain zuzen gure udalak erabaki duena Zuiako euskaldunontzat.

Urteak dira udalak egiten duen kirol eskaintzan euskarazko aukera egon zedin eskatu zela, izan ere, udalak helduontzat eskaintzen dituen 14 ekintza ezberdinetatik 0 dira bertako hizkuntzan ematen direnak. Eskari hau udalak berak duen Euskara Batzordearen bitartez egin zen eta idatzi bidez udalaren egoitzan, baita Kontseiluaren Behatokiaren bitartez ere, bilera ezberdinak udalarekin, teknikariekin...

Bai Euskara Batzordeari, bai idatziz sartutako eskariri eta baita Behatokiaren bitartez jarritako kexari, egoera konponduko zela eta euskarazko eskaintza egongo zela erantzun bazitzaion ere, hara sorpresa datorren ikasturterako eskaintza jaso eta berriro ere euskaldunak baztertuak izan garela ikustean. Hori da, hain zuzen, eskutitz hau publiko egitera eraman nauena, ea egoera sozializatuz udaleko agintariak interpelatzea lortzen den.

Aurten ohar bat jarri izan da kirol eskaintzarekin batera: "Talde bat baino gehiago eskaintzen diren zenbait jardueren kasuan (combi gym eta gimnasia posturala) talde horietako batek euskaraz funtziona dezan saiatuko gara, baldintzak betetzen badira". Kontuan hartuta azken urteetan erabiltzaileoi galdetu zaigula ea zein zen gure euskararen ulerkera maila eta hainbat klaseetan euskaldunak gehiengo (eta gehiengo oso) izan arren erdaldun bakarra egotearen aitzakiarekin klase horiek gazteleraz eskaini direla, ulertu dezakegu aurtengo hau ere ezerezean geldituko dela. Beste ikasturte bat galduta, borondate politiko ezagatik.

Gaineratzeagatik, Musika Eskolako eskaintzan ez da euskaraz egiteko aukera eskaintzen ere, langileei profila eskatu bazaie ere (eta ondo eskatuta) eta klase asko banan-banakoak badira ere, udalak ez ditu beharreko urratsak eman klase horiek ofizialki euskaraz eskaini daitezen eta beti ere ikaslearen eta irakaslearen jarreraren araberakoa da hizkuntza hautua.

Udalak duela gutxi berritu duen euskara planean ageri da halako eskaintzak euskaraz egiteko borondatea, baina beste behin ere, euskara planak, euskara batzordeak… udalen aurpegi garbiketarako tresna baino ez direla argi geratu da.

Udal barruan bada bai hainbat teknikarien aldetik baita hainbat kargu politikoen aldetik jarrera egokia gai honekiko, eta onartu behar zaie lan handia egin dutela gai hau lantzeko eta irtenbidea topatzeko. Baina erabakiak hartu behar direnean, zuzen eta artez hartzen dira, euskaldunon aurka beti ere. Borondate politikorik ez dago, eta ez du balio oldarraldi judizialaren aurka gaudela esateak gerora oldarraldia aplikatuko bada herritar euskaldunen aurka.

Bukatu nahiko nuke Zuiako Udalari eskari zuzena eginez: errespetatu itzazue euskaldunon eskubideak, ez zaitezte batu gure hizkuntzaren aurkako olatu erreakzionariora. Eta bide batez, egoera berdin edo antzekoa bizi duten beste udalerritako herritarrak animatu nahiko nituzke hauek salatzera. Argi baitago soilik salaketa eta mugimenduarekin lortzen direla helburuak.

Oier Azkarraga.


Utzi iruzkina: