Euskaraz bizi nahi dugu | Markel Adin Bidegain

diseinua@ehe.eus 1746984178905 adierazpen libreko txokoa | 2026-01-28 12:00

Sarritan entzun eta errepikatu dugu, baina benetan diogu: euskararen egoera kezkagarria da. Instituzioek politika euskaltzaleak egiten hasi behar dute, eta gizarteak bertze aldera begiratzeari utzi behar dio. Euskararen egoera kezkagarria da: euskararen normalizazioa ez da gertatzen ari, eta atzerapausoak gero eta agerikoagoak dira.

Egia da gero eta euskaradun gehiago garela, baina euskara jakitea edo euskara izatea ez da berdina. Ez digu ezertarako balio Euskal Herritar orok euskaraz jakitea gero ez badugu euskaraz solastatu behar. Ezagutza datuen gibelean, errealitate gogor bat dago: kalean, lantokietan, osasun zentroetan, epaitegietan edo merkataritzan, euskaraz aziritzea ez dago bermatua. Euskaraz artatua izatea zorte kontua bihurtu da askotan, eta horrek agerian uzten du hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen direla.

Instituzioen ardura ukaezina da. Urteetan zehar adierazpen politak entzun ditugu, baina hitzek ez dute errealitatea aldatu. Euskararen aldeko politikak bigarren mailan geratu dira, eta bertze interes batzuk egon dira lehenbiziko planoan. Neurri ausartak falta dira: derrigortasuna, baliabideak eta kontrol mekanismo eraginkorrak. Euskarak ezin du borondate hutsean oinarrituta biziraun.

Euskararen zapalkuntza ez da kasualitatea; egun, espainiar eta frantziar konstituzioek, Euskal Herriaren burujabetza ukatzen dute. Niri, ezinezkoa zait ulertzea bata bertzea gabe, Euskal Herriaren ez izateak zuzenean eragiten diolako gure hizkuntza, kultura, politika zein ohiturei. Nik argi dut: Euskarak biziraun behar badu, independentzia behar dugu, eta Euskal Herria euskaraz izan behar da. Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez dugu pentsatuko.

Instituzioez gain, jendarteari ere dei egiten diogu: Presio sozialak, ohiturak eta erosotasunak erdarara bultzatzen gaituzte, eta horrek euskararen bazterketa normalizatzen du. Egoera horren aurrean, konplizitatea ez da aukera bat.

Bertze borrokek egin duten bezala, euskarak ere bere zapaltzaileak, baita zapalkuntzarik txikienak ere, argi izan behar ditu. Mugimendu feministak erakutsi digu eraso eta erasotzaileei aurre egiten, erakutsi digu argazki batean egon daitekeen mikromatxismo txikiena ere identifi katzen. Bazegoen eta badago beharrik; hori da bidea. Euskaltzaletasunak ere hori lortu behar du, eta hor hasiko gara benetan eragiten. Baina horretarako, euskaltzaleok antola gaitezen, soilik ongi antolatutako herri batek lor ditzazkeelako helburu handiak.

Otsailaren 5ean, Euskal Herrian Euskarazko lau kide epaituko dituzte jasaten dugun egiturazko zapalkuntza salatzeagatik eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeagatik. Zapaltzaileek makurtuta eta ahul nahi gaituzte, ez diezaiegun horretarako zirrikiturik utzi. Alderantziz, harrotu gaitezen eta hartu ditzagun kaleak gure eskubideen alde.

Horregatik, urtarrilaren 31n kalera aterako gara. Herritarrei dei egiten diegu, 12:00etan, Pirineo Atlantikoetako Departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean egingo den mobilizazioan parte hartzera; euskararen aldeko borroka denona delako. Euskararen etorkizuna ez dago ziurtatua, baina gure esku dago norabidea aldatzea. Ezinbertzekoa da euskara erdigunean jartzea, orain eta hemen.

Ez dugu gehiago itxarongo. Euskaraz bizi nahi dugu, eta hori lortzeko borrokan jarraituko dugu.

Markel Adin Bidegain

Euskal Herrian Euskarazeko kidea


Utzi iruzkina: