Ekar dezagun euskara erdigunera! | Ibon Leibar Belastegi

diseinua@ehe.eus 1746984178905 adierazpen libreko txokoa | 2025-11-20 15:05

Kaletik zoazenean, nagusiki, erdarazko elkarrizketak entzuteak, Bruce Springsteenen kontzerturako iragarkia gaztelera hutsean ikusteak, larunbat gaueko futbol partida ETB1en euskaraz ezin ikusteak edo, beste behin, medikuarengana joan eta euskaraz ezin zaituela artatu konturatzeak haserretzen zaitu?

 

Tamalez, hori gure errealitatearen parte da; euskaldunok Euskal Herrian pairatzen dugun menpeko hizkuntz egoeraren ondorioak dira guztiak. Egoera ez desiragarri eta baztertzaile horiek guztiak hala mantentzeko nahiz ugaritzeko, ordea, hainbat mekanismo daude indarrean: lege propioak egiteko ezintasuna; bi estatu (frantziar eta espainiar estatuak) linguiziden zapalkuntza; etsaiek euskaldunon aurka ongi diseinatutako oldarraldi politiko-mediatiko-judiziala; euskarari legezko ofizialtasuna ukatzea; euskaraz ikasteko eta hezkuntza sistema euskalduna bermatzeko oztopoak; kultur sortzaileei edota aisialdian gure hizkuntzan izan ditzakegun erreferenteei bideratutako laguntza oso urriak; pantailetan eta mundu digital gero eta garrantzitsuagoan eragiteko dauzkagun baliabide eskasak... Luze jarrai nezake injustizien zerrenda osatzen eta horiek guztiek euskararen larrialdi egoerara garamatzate.

 

Eta horren aurrean zer? Esnatu ala hil, hori dio euskararen egoeraren inguruan oraintsu argitaratu den liburuak. Alarmak piztu ditugu, orain, gu geu esnatu, ingurukoak esnarazi eta agintariei esna daitezen presio egitea dagokigu. Esnatze horretan, alor ezberdinak jorratu beharko ditugu. Eraginkorrak izateko, tokian tokiko errealitatera egokitutako estrategiak landu eta, denok norabide berean ekiteko, gure arteko hika-mikak gainditu beharko ditugu.

Orain mende erdi pasatxo piztutako grina berreskuratu behar dugu. Kaleak hartuz, gure eskubideak ozen aldarrikatuz eta euskararen auzia problematizatuz eta erdigunera ekarriz, presioa handitu behar dugu. Batzuek gure aurka egingo dutela gauza jakina da, horien aurrean, ordea, antolatzen ari gara, herriz herri, auzoz auzo, Euskal Herri euskalduna egunero eraikiz. Horretarako, ezinbestekoa da geure buruengan eta ondokoengan konfiantza izatea, eraldaketarako indar kolektiboan sinestea eta euskal komunitatea kalera irtetea.

 

Pentsatu, sentitu eta ekin! Kalera irtete hori modu oso zabalean ulertu eta egin genezake: koadrillan euskararen auziaz hitz egiten hasiz; euskaldunon aurkako eguneroko erasoak lotsarik gabe salatuz; sare sozialetan euskararen aldeko hautua eginez; euskarazko kultur sorkuntzak “kontsumituz”; kultur adierazpide ezberdinen bitartez, euskararen aldeko mezuak zabalduz; kaleak euskararen aldeko kartelekin, mezuekin eta marrazkiekin betez; euskararen aurkako agenteak seinalatuz; edota gure herrietan nahiz auzoetan, euskara sustatzeko ekimenak bultzatuz.

 

Norabide horretan, abenduaren 6an hitzordu garrantzitsu bat dugu. Durangoko Azokaren baita, 13:00etan, Landako Gunetik hasita, "Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika" manifestazioa egingo dugu. Kaleak betetzeak daukan indarrean sinesten dugulako eta kaleak geure egin behar ditugulako, abenduaren 6an Durangon ikusiko dugu elkar. Entzun gaitzatela!



Ibon Leibar Belastegi

Euskal Herrian Euskarazeko kidea


Utzi iruzkina: