Ama ahaztu arazia | Iñaki Idigoras

diseinua@ehe.eus 1746984178905 adierazpen libreko txokoa | 2025-09-03 10:13

Arrotz matxista batek gure ama erail zuen. Umezurtzoi ezkutatu egin
zigun egia. Bere menpean hazi gintuen, eta bere interesen arabera
hezi, bakoitzari “berea” emanez. Ama ahaztu, eta bakoitza “berezia”
zela sinestarazteko. Ahizpok elkarrengandik aldenduz, bat eginik bere
kontra ez oldartzeko. Gure onarpena nahi zuen, berarekin “betidanik”
eta borondatez geundela sineztaraziz.


Gipuzkoarrok ama eta ahizpak ahaztuta gabiltzala iruditu zait, aurten
bereziki. Bereziak garelako ustean sakontzen ari ote garen… Aurrekoan,
Ahaldun Nagusia eta alkate gehienak Tolosan elkartu ziren ekitaldi
sinboliko batean, “gipuzkoarron nortasunari” gorazarre egiteko.
Eskutik helduta ibili ziren. Dantza egin zuten. Xume, polit, jator.


«Gaurkoan, herri honen nortasuna irudikatzen duten sinboloak
aldarrikatu nahi ditugu, adierazten dutelako nondik gatozen, zer garen
eta zergatik».


Itxuraz esaldi ederra, baina edukiz?


Gipuzkoa da «herri hau»? Ondo hasten gara, gero!


«Nondik gatozen»? Apenas aipatu duten egiarik esanguratsuena, nortasun
politikoari dagokionean. Alegia, 1025ean Ipuskoa Iruñeko erresumaren
parte zela. Harik eta 1200ean arrotzek konkistatu zuten arte. Hitzik
ez, krimenaz. Noski, ezkutatu egin behar da: ez dator bat aitaorde
espainiarraren ipuinarekin. Menpean nahi gaitu, zatituta. Zer hoberik,
probintzia bakoitzari “bere” nortasun “propioa” ematea baino. Hor
ditugu, egunero gure sukaldetan, Vocento taldeko hedabide probintziano
espainiarrak iruditeri hori sustatzen: bakoitzari “bere” pentsua
ematen, ahizpengandik bereizia, konfrontatua sarri, elkarrendandik
ahalik eta gehien aldendu gaitezen. Bakoitzaren erreferentea Madril
izan dadin, Bidasoaz gaindiko aitaordeak Paris izan nahi duen bezala.


«Zer garen eta zergatik»? Kulturari erreparatu diote, horrek bai
baitauka errelato espainiarrean lekurik, estatu “plurinazionala”
izaki. Gero euskaraz bizitzen uzten ez badigute ere. Baina politikaz?
Aipamenik ere ez, motz eta garbi esan badaiteke ere: Espainiapekoak
gara, konkistatu egin gintuztelako.


Nafarroak zentralitatea dauka politikan. Bera da gure askatasunaren
produktu. Geuk eraikitako estatua izan zelako ama. Aitaordeak badaki
hori: horregatik ezkutatzen digu.


Bultzada mediatiko handia eman diote “milurtekoaren” ospakizunari.
Gure diruarekin, aitaordearen ipuina kontatu digute. Argazkia, beste
behin, haren markoan atera digute. Gipuzkoako Aldundian bertan,
aitaordeari gurtza dago: eraikineko sarreran eta gela nagusian, bere
figura da nagusi: Alfonso VIII., konkistatu gintuen berbera! Ez
amarik, ez ahizparik. Eskerrak, Agirrek bultzatuta, armarritik kanoiak
kendu genituen.


Konkistaren azken fasean sartuak gara. 1200ean militarki hasi zutenari
segida ematen ari dira harrezkero, etenik barik. Garai “paketsuotan”,
juridikoki eta mediatikoki. Pentsu pozoindua ematen digute egunero:
memoria lausotzeko, autopertzepzioan interferitzeko… espainiartzeko,
fin batean.


Ahizpok: ama gogora, berriro ere izan gogo bagara, batu eta aske.
Sinboloei dagokienez, Orreaga, Gasteiz, Amaiur, Castejon, Intxorta,
Xiberta, Lizarra-Garazi… han bildutakoen espirituak gida gaitzala, San
Inaziok baino.


Utzi iruzkina: