Fakturak
Pisu bat alokatzen duzunean garbi eduki behar da lehenengo bi hilabetetan gutxienez dena gastua izango dela.
Hilabete eta erdi goaz pisuan bizitzen. Denbora honetan gastu handiak izan ditugu, izan ere, alokatu dugun etxean, ez geneukan sukalderako materialik, beraz, platerak, edalontziak, kazuelak... erosi behar izan genituen. Honetaz gain, izarak, mantak eta baita gela bakoitzerako ikasteko mahaiak, eta beste mila gauza.
Konturatu orduko kontuan ez geneukan dirurik, eta beraz, berriz sartu behar. Baina gastuak ez ziren hor amaitzen, alokairuko diruaz gain, hilabete honetan beste era bateko zor-agiriak etorri zaizkigu. Kontuan 70 euro gutxiago geneukan bat-batean: tasas municipales zion bat, gasa besteak, ura, argia... Gainera orain etxean internet jartzeko asmoa daukagu, beraz, beste gastu bat.
Janaria erosten astero 50€ inguru gastatzen ditugu. Eta astero sortzen zaigu aparteko gasturen bat.
Beraz, alokairuaz gain, beste mila gauza ordaindu behar dira. Baina geuk, gure etxean ez ditugunez inoiz horrelako agiriak ikusten (izan ere, gurasoek ordaintzen dituzte), ez gara konturatzen etxe batek dituen gastu guztiez.
Egia esan, esperientzia ona dela uste dut, geure aldetik bizitzera joaten garenerako gauza asko jakingo baititugu jada. Elkarbizitza, janaria, garbiketak, fakturak, bizilagunak, leku berria... Gutxienez, ez gara berriz zerotik hasiko, eta dena gurasoei galdetzen ibili beharrik izango: -Zer da tasas municipales?; -Nola pizten da berogailua?; -Gasaren faktura zenbat hilean behin etortzen da?; -Nola...?; -Zergatik...?; -Zer...?...
19 urte ditugu eta ez daukagu inongo ideiarik horrelako ezerri buruz. Eskoletan ikasten ditugun alperrikako gauzak ikasi beharrean horrelako gauzak ikastea askoz baliagarriago izango litzateke.
Duela bi urte, ikastolan, lan-kontratuak nolakoak ziren ikasi genuen, baita fakturak eta antzeko beste mila dokumentu ere ikusi genituen giza eta gizarte zientzietako adarreko batxilerra egin genuenok. 50 ikasletatik 11ak. Nire ustez oso garrantzitsuak dira gauza hauek, baina ez dira inon ikasten, eta gero ikusi, beharra dagoenean guztiz galduta ibiltzen gara. Hori bai denok dakigu matrize bat askatzen, Espainiako klima mota guztiak, preterito pluscuamperfecto zer den, etab.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: