Ikerketaren arazoen formulazioa

etb 1456132392095 ETB: irizpideak aztergai | 2007-01-09 02:21

Euskal Telebistak jarraitzen dituen irizpideetan euskal kultura era egokian islatzen da? Hori da aukeratu dugun gaia gure ikerketaren nondik eta norakoak zehazteko. ETB Euskal Herrian daukagun telebista komunitario bakarra da, eta gainera publikoa. Beraz, Euskal Herriarentzako telebista egokia dela suposatu daiteke. Hau da, euskal kulturaren edukiak nagusituz, euskal hizkuntza eta heziketa kulturala bultzatzen dituela aurreikusi genezake.

Hala ere, gure kriterioz, telebista kate honek aipatutako irizpide horiek baino, beste batzuk hartzen ditu kontuan. Audientziak agintzen duela argi dago, egonkortasuna lortzeko ezin dela komertzialtasuna guztiz baztertu. Baina beste kateen arrakastari jarraituz, bere irizpideak (politikoki ikusita gure kulturarekin bat ez datozenak) gero eta gehiago agertzen direla sumatu dugu.

Honi buruz informazioa eskuratzeko eta gure susmoei nolabaiteko argitasuna eman nahian, gaiarekin erlazionaturiko hainbat testu batu ditugu eta ETBko programak ikusi ditugu gure hipotesiaren gaia baieztatu ahal izateko eta oinarrizko abiapuntua finkatzeko.

Hasteko, ETBren programazioaren parrilla aztertu genuen hainbat egunetan. Bertan ikus daiteke nola ETBn, astean zehar emititzen dituen serie zein pelikula gehienak atzerrikoak diren (ETB1en kasuan euskarara itzulita daudenak), eta euskal kulturari dedikatutako programa, serie edota filmen kopurua oso eskasa dela (existitzen ez dela ez esateagatik), eta hauetako askotan ia ez da Euskal Herriarekin erlazionaturiko gairik jorratzen.

“Pasalo” programa arratsaldetan emititzen den euskal “magazine” bat da; baina gehien jorratzen diren gaiak Espainia mailako eta maila internazionaleko prentsa arrosakoak dira, Euskal herriaren nortasun, errealitate eta arazoei denbora oso urria eskainiz.

Horrez gain hainbat testu landu ditugu. Besteak beste, "Euskal nerabeak eta Telebista" (Beatriz Zabalondo) eta "ETB: 25. urteurrenaren bidean" (Luis Alberto Aranbarri "Amatiño"). ETBren edukiak maila globalean aztertzen dira, hau da hizkuntza, ikusleen adina, produkzioa...

Materian adituak diren hainbat pertsona elkarrizketatu ditugu, gure hipotesia baieztatu edo ezeztatu dezaten, elkarrizketetatik lurruntzen denetik konklusioak ateratzeko.