Hipotesi sustantiboa
Esan dugu ETBren irizpideak izango ditugula aztergai. Jarraitu beharreko irizpideak 1982ko sorrera-legeak ezartzen ditu. Amatiño kazetariaren blogetik honakoa hartu dugu abiapuntutzat:
“Sorrera-legeak dioenez, bi helburu handiz jaio zen ETB. Hiritarren arteko informazioa eta eskuhartze politikoa erraztu, batetik, eta euskal hizkuntza, hezkuntza eta kultura sustatu, bestetik.”
Hortaz, ETBren helburuak zeintzuk diren badakigu. Bi helburu horiek bi kateen (ETB1 eta ETB2) programazioetan islatzen diren aztertu nahi izan dugu. Hasteko, hainbat programa ikusiz eta edukiak eta protagonistak behatuz. Behaketa horretatik lurrundu da ikerketa-lanaren hipotesi sustantiboa: ETB2k ez du euskal kultura sustatzen.
Hipotesi horri jarraiturik bi azpi-hipotesi ere batu ditugu:
-ETB2k sustatzen duen gizarte eredua ez dator bat ETBren sorkuntzaren helburuekin.
-ETB2k helburu politikoak jarraitzen ditu gizartea euskalduntzearen gainetik.
Hortik abiatuta hiru helburu nagusi planteatu dizkiogu ikerketa-lanari:
-Jakin nahi izan dugu, hasteko, ETB alde batera utziz, nolakoa behar lukeen euskal kultura bultzatzen duen euskal telebista ideala.
-ETB2ren irizpideak eta sorrera legeak dakazkarrenak bat datozen ala ez frogatzea, eta bat ez badatoz, benetako irizpideak agerian uztea.
-ETB eta euskal kultura bultzatuko lukeen euskal telebista berdinak ez badira, nola bideratu beharko litzateke aldaketa?