ni hesi

Norbere bidea topatzea omen da zailena bizitza honetan. Baina noiz da bidea norberarena? Jende askok jarraitutako bide bat ez al daiteke norberaren bide izan? Norberak ireki behar al du bere bidea? Ezin al da hautu kontziente bat izan besteen bidean jarraitzea? Argi dago baietz.

Kontziente garen momentutik baina, inork ireki gabeko bide bat baino ez dugu nahi, geurea izango den bide bat. Eta bizitza etengabeko bide-bilaketa bat omen da. Orain arte horrela izan da. Gaurtik aurrera nolakoa izango den jakiterik ez dago, ordea.

Hartzen dugun bidea hartzen dugula ere, izan kontzienteki ala inkontzienteki, beti izango ditugu trabak eta arazoak, hesiak eta sasiak. Baina oharkabean hesi horiek aurrean hartzen dugun jarrerak markatuko ditu gure bideak. Hesi bati ez ikusiarena egin dakioke, hesi bat igaro daiteke, ala igarotzeko ahalegina egin eta atzera ihesi joan.

Elkarrengandik gertuegi daude hesi eta ihesi.

Baina hesi bat gainditzen ari zarelako sentsazioa ere oso atsegina da. Nahiz eta jakin bizitzak hesi bat baino gehiago jarriko dizkigula parez pare, ihesi doanak nekez gozatuko du hesiz hesi doanak beste.

Hesiz hesi doanak badaki bestaldean dagoela nahi duen hura. Bestela ez legoke hainbeste denbora hesiari begira.

Elkarrengandik gertuegi daude ni hesi eta hi hesi.

 


Utzi iruzkina: