Plan Bereziak Errenteriako enpresak kolokan jartzen dituela salatu dute

eroskiez 1456132312393 Zerua horitzen ari da... | 2009-04-16 15:36

Plan Bereziak Errenteriako enpresak kolokan jartzen dituela salatu dute

Ekonomia Berriatuko eta Ondarroako hautetsi independentistek alternatiba ekonomiko eta soziala aldarrikatu dute

Berriatuko eta Ondarroako hautetsi independentistek eredu ekonomiko eta sozial alternatiboen aldeko apustua egiten dutela adierazi dute. Horrela, Errenteriako industrialdearen inguruan Berriatuko Udalean egon zen eztabaidaren inguruan egiten duten hausnarketa publiko egin nahi izan dute.

Prentsaurrekoan plazaratu dute hautetsiek euren hausnarketa. «Gure aldetik, argi laga nahi dugu Sprik proposaturiko hitzarmenari ezetza esaten diogula baina industrialdea egitearen aldekoak garela», adierazi dute berriatuarrek. Ez dute bat egiten momentu honetan arau horiek erabilera finkatzeko dituzten irizpideekin. «Arau horiek erabilera komertzial handia egiteko aukera ematen dute une honetan, eta ez dugu pentsatzen erabilera hori denik garrantzisuena. Gure ustez, industrialde batek, kasu honetan Errenteriakoak,enpresa txiki eta ertainen industri jarduerari eman behar lioke lehentasuna, holakoa baita momentu honetan bertan dagoen jarduera nagusia eta inguruko enpresa txiki eta ertainek behar dutena».

Udalen jarrera

Ondarrutarren ustez, «Berriatuak herria entzuteko eta kontuan hartzeko borondatea» dauka, eta Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak, ostera, ez: «Gestorakoek, ezkutuan eta isilpean,herritarrei bizkarra emanez, kanpoko interes ekonomiko jakin batzuei erantzunez, beraien neurrira egindako Plan Berezia dihardute prestatzen». Industrialdeari eta Eroskiri baietza emateko asmoa jada hartuta daukala leporatzen diote. «Zeregin horretarako, Eusko Jaurlaritzako SPRILUR sozietate publikoaz baliatu nahi dute, bertako industri enpresak desjabetzeaz kanporatzeko planteamenduagaz, eta ia 60 lanpostu inguru desagertzeko arriskuan jarriz». Horietxek dira, Ondarroako hautetsien iritziz, Plan Bereziaren planteamenduak kolokan jarriko dituen lanpostuak, «eurentzat berkokatzeko aukerarik ez delako aurreikusten. Beraz, ondorio larriak ekarriko dituen jarrera da, testuinguru ekonomikoak aintzakotzat hartuta». Beste datu bat ere eman dute. «Errenteriako poligonoan Eroskik hartzen duen espazioa ezingo da erabili industri jarduera berriak sortzeko edo Ondarroan hain beharrezkoa den industria berkokatzeko».

Eztabaida premia

Berriatuako hautetsien esanetan, «eskualde osoaren etorkizunean eragingo duen eta epe luzera eginda dagoen proiektu baten prozesuak» alde guztien arteko eztabaida sakona eta informazio argia izatea eskatzen du, «horren erantzule zuzenak direlarik udala moduko erakundeak».

Orain arte, informazio eza eta presioa egon direla salatu dute berriatuarrek. «Horrek zalantza asko sortarazten ditu, eta presa eta presioak ez dira lagun onak horrelako proiektuen gainean erabakitzeko». Alternatibak eta aukera ezberdinak egon badaudela diote, inguruan bertan, Markina-Xemein eta Gizaburuaga aitatuta.

Ondarrutarrek euren aldetik gogoratu dutenez, eskualdean mugimendu indartsua sortu da herri bizitasunaren eta eredu ekonomiko eta sozial alternatiboen alde. «Sindikatu, arrantzale, ekologista, nekazari, dendari, alderdi, gazte erakunde eta beste hainbat herritarrek hainbat arrazoi eman dituzte Eroskiren merkataritza gune handi baten kontra».

 iturria: www.11barri.info


Utzi iruzkina: