Elkarrizketa

eroskiez 1456132312393 Zerua horitzen ari da... | 2006-03-15 15:24

OIER OTXOANTESANA >>>EROSKI BARIK HOBETO PLATAFORMAwww.11barri.info -tik hartua Errenteriako industrigunea birmoldatzeko eta bertan Eroski saltokia ipintzeko egitasmoaren inguruan albisterik eza da aspaldian albiste. Eroski Barik Hobeto Plataformako kide Oier Otxoantesanak Jaurlaritzaren irizpide «guztiz kontraesankorrak» salatu ditu. Plataformak batzarrerako deia egin du, gaur iluntzerako, herriko ostalari eta dendarientzat.

Zertan dira Errenteriako Barne Antolaketarako Plan Bereziari (PERI) aurkeztu zenizkioten alegazioak?

Ezerezean. 1.300 alegazio baino gehiago dauzka Ondarroako Udalak erantzun barik, eta oso arduratuta gaude. Ez daukagu informazio berririk Errenteriako Planaren inguruan, ezta Eroskiren egitasmoaren inguruan ere aspaldion.

Errenteria berrantolatu beharra aspaldiko eskaria da Ondarroan. Zergatik egon dira, orduan, hainbeste alegazio?

Eroskik saltoki handi bat hor ipintzeak guztiz baldintzatuko lukeelako poligonoaren beraren antolakuntza, baina ez horregatik bakarrik. Alegazio horiek gure merkataritzaren, ingurunearen eta jendartearen alde egin dira; herria basamortu geratzearen aurka, eta han finkatuta dauden enpresak ez suntsitzeko.

Zertarako izan behar dira Errenteriako lurrak, orduan, zuen ustez?

Industria txikiarentzat izan behar dira lurrok, aberastasuna herrian bertan banatzeko eta ez multinazionalen eskuetan amaitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak urte hasieran esan zuen Eibarko merkataritza guneak Lea-Artibaiko erosleen premiak ere ase ditzakeela...

Bai, eta Ondarroako Zatozte merkatarien elkarteak hori salatu egin zuen komunikabideetan. Zoriondu egin nahi dugu Zatozte eduki zuen erreakzioagatik. Eta sailburuaren berbei buruz zer esan? Jaurlaritza kontraesan gogorrean dabil merkataritza arloan.

Ze kontraesan dauka Jaurlaritzak gai honetaz zuen ustez?

Iaz Merkataritza Sailak azalera handiko saltokiak ezartzeko 28 baimen berri eman zituen, ia denak herri eta hirietako kanpo aldeetan kokatuak. Baina ondoren Gabonetako kanpaina egin dute, merkataritza txikiaren desagertzeak herri eta hirien basamortutzea eta gizarte sarearen galtzea dakarrela esaten. Kanpaina horretan isildu egin dute, hala eta ere, herrien basamortutzearen benetako arrazoia: azalera handiko saltokiak. Instituzioetatik konpetentzia askea onartzeko eskatzen da, baina aukera berdintasun barik. Herriguneetan aparkalekuak gutxitzen doaz udalak aldundien laguntzagaz... eta saltoki handiak guztion dirutik hainbat aparkalekugaz hornitzen dituzte.

Ondarroako Udalak PERCO planagaz dihardu beharrean.

Herriko merkataritza berpizteko plana da hori, bai. Eta hori ez da bateragarria Errenterian Eroski saltoki handi bat ipintzeko baimena emateagaz.


Utzi iruzkina: