2009-3-24, Elkartaratzea Berriatuako Udaletxean

eroskiez 1456132312393 Zerua horitzen ari da... | 2009-03-23 00:38

ZER: Elkartaratzea, EROSKiren zentro komertzial berri baten aurka
NON: Berriatuako Udaletxe aurrean
NOIZ: 2009ko martxoaren 24an, martitzena, arratsaldeko 20.15



EROSKIrik BARIK HOBETO!


2009ko martxoaren 24an, martitzena, Berriatuko Udalbatzak bilera egingo du 20.30etan eta bertan, besteak beste, Ondarroako Errenteria auzoko poligono industrial berria onartu edo ez erabakiko da.

Poligono berri horretan EROSKIk zentro komertzial handi bat ipini nahi du. Eta Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak poligonoari eta EROSKIri baietza emateko asmoa jada hartua dauka.

Horrexegatik, martxoaren 24an, martitzena, arratsaldeko 20.15etan Berriatuko Udaletxe aurrean elkartaratzea egingo dugu, Eroskirik barik hobeto gaudela aldarrikatu eta Berriatuako zinegotziak zentro komertzial erraldoi horren kontrako jarrera hartzera animatzeko.

Azken urte hauetan Lea Artibai eskualdeko herrietan mugimendu sozial indartsu bat eratu da zentro komertzial handien kontra eta herri bizitasunaren eta eredu ekonomiko eta sozial alternatiboen alde. Sindikatu, arrantzale, ekologista, nekazari, dendari, alderdi, gazte erakunde eta beste hainbat herritarrek hamaika arrazoi eman dituzte Eroskiren zentro komertzial handi baten kontra. Eta martitzenean ere arrazoi horiek errepikatuko ditugu Berrituan:

  • Zentro komertzial handiek herrietako dendari txikiak lanik gabe uzten dituztela, eta herriek hilda amaitzen dutela.
  • Errenteriako Eroskik eskainiko duen zerbitzua jada badaukagula gure herrietan ere.
  • Zentro hauek lanpostu prekarioagoak sortzen dituztela eta aberastasuna kontzentratu eta eskualdetik ateratzen dutela.
  • Komertzio gune handiek arrantzaleen eta nekazarien produktuei prezio injustuak ezartzen dizkietela, gure nekazaritza eta arrantzaren etorkizuna kolokan jarriz.
  • Errenteriako poligonoan Eroskik hartzen duen espazioa ezingo dela erabili Ondarroan hain beharrezkoa den industria berria sortzeko.
  • Zentro komertzial hauek kotxea erabiltzera derrigortzen dutela eroslea, errepideak gehiago saturatuz, kutsadura gehiago sortuz eta, azkenean, ustez dirutan aurrezten dena erregaietan eta denbora librean gastatzen dela.
  • Zentro komertzial erraldoiek herrietan dendarien, erosleen eta kaleko beste pertsonen artean sortzen diren sare sozialak deuseztatzen dituztela, kontsumismo masibo eta indibidualista bat bultzatuz.

Horretaz gain, salatu nahi dugu administrazioek (eta batez ere Ondarroako Udalak) proiektu hau sekretismorik handierakin daramatela aurrera, eta ez diotela kasurik ere egin azken urte hauetan EROSKIren zentro komertzial erraldoiaren aurka sortu den mugimendu sozialari.

Entzun dezatela gure aldarrikapena:
GURE HERRIAK BIZI-BIZIRIK NAHI DITUGU!
EROSKIRIK BARIK HOBETO GAUDE!
ZENTRO KOMERTZIALIK EZ!

Ondarroako herritar talde bat


Utzi iruzkina: