Werner Herzogen erantzunaren zain

Werner Herzogen erantzunaren zain Ergelkaria | 2026-10-08 18:54

Mundu osoan ezaguna den izar ospetsu batek, hona etorritakoan, euskaldunon eta euskararen aldeko zerbait esaten duenean, edozer gauzatxo txiki nahikoa da, berehala jasotzen du gure aitortza eta gure esker ona. Halaxe gertatu zen Werner Herzogek, Donostia Zinemaldira etorrita, euskaldunok miresten gaituela esan zuenean, poeten herria garela, edo herri poeta, antzeko zerbait bederen, eta bertsolari txapelketako saioak ikusten eta entzuten dituela, liluratuta, bertsolariek esaten dutena ulertu ez arren.

Herzogen hitzak entzun nituenean aste batzuk lehenago ikusiak nituen irudi batzuk etorri zitzaizkidan bat-batean burura, Gotzon Aranburu kazetariak Epelde trikitilariaren hileta-elizkizunean bideo-kamerarekin hartutakoak1: inguruko trikitilari multzo handia, soinu eta pandero, zahar eta gazte, kantatu gabe trikitia jotzen jo eta su, eliz atarian gorpua barrutik ateratzen duten bitartean. Hileta dotoreagorik!

Hortik sortu zitzaidan ideia. «Bertsolaritzari buruz esan duena ondo zegok, baina bertsolarien mundua nahiko ezaguna duk gaur egun», pentsatu nuen, gutxi gorabehera, neure artean. «Badik, izan ere, bere pelikula, eder askoa, Asier Altunak zuzendua. Gaur egungo trikitilarien martxak eta lehengoen historiak eta istorioek ez zeukatek hainbesteko oihartzunik. Ziur Werner zaharrak, mundu hori ezagutuko balu, pelikula bat egingo nahiko lukeela horretaz».

Kasualitatez, Zinemaldian nenbilen lanean urte egun hartan, ez kazetari moduan, aurrez, aspaldi, ibilia nintzen bezala, ardura txikiko, ordainsari ez handiagoko eta glamourrik batere gabeko lanean baizik. Ez dut esango zertan zehazki, ez baitu batere interesik. Irailean lan gutxi izaten dut normalean itzultzaile gisa, eta lagun baten bidez lantxo horretan aritzeko aukera izan nuen, hileko diru-sarrera bestela ere ez ikaragarri handiak txukuntzeko. Filmak ikusteko akreditaziorik eta astirik gabe baina, aldez edo moldez, saltsan sartuta.

Prentsaurrekoa eman eta saria jaso zuen egun berean, kasualitatez, aurrez aurre egokitu zitzaidan Werner Herzog Maria Cristina Hoteleko hallean, eta ezustean, neure burua ere harrituta utziz, hurreratu eta une batez nirekin hitz egiteko tarte bat ba ote zuen galdetu nion. Sutan jartzean probatzen omen da nolakoa den eltzea. Beldur nintzen jendaurrean hain jator eta irribarretsu agertutako pertsonaia ospetsua ez ote zen Zinemaldian zerbitzuko lanean ari zen gizon ez gazte eta ez dotore batekin zaputz eta iheskor agertuko, baina ez zen hala izan, gelditu eta hitz egiten utzi zidan. Nire ingeles kaxkarrean, harrapataka eta trakets, trikitiari buruzko filmari buruzko nire burutazioen berri ematen hasi nintzaionean, nire jardun nahasia eten eta, inondik inora espero ez nuen adeitasunez eta pazientziaz, lasai hitz eginez, orduantxe abiatzekoa zuen paseoan laguntzeko gonbita egin zidan.

Elkarren ondoan ibiltzen hasi ginenean, bere pelikulei buruz hitz egiten ausartu nintzen. Nire jaioterriko zine-klubean ipotxen iraultzari buruz egin zuen pelikula eman genuenean jendeak flipatu egin zuela kontatu nion, ez genekiela pelikula ona edo txarra zen, baina denoi geratu zitzaigula iltzatuta gogoan. Stroszek eta Woyzeck pelikuletako eszena bana ere gogoratu nion: bietan, gidaririk gabeko auto bat ageri da, bolantea jiratuta duela, bueltaka eta bueltaka etengabe, beti leku berean osatzen duen zirkuluan.

Horretaz ezer esan gabe, burua jiratu eta begitera begiratuz, irribarre apal batez, harira jotzeko eskatu zidan, ez zituela lausenguak maite, nik egindakoen zintzotasunaz zalantzarik ez bazuen ere.

Paseoan geldialdi laburra eginez mugikorrean Epelderen hiletako bideoa erakutsi nionean, arrazoi nuela esan zidan, zirraragarriak eta motibagarriak iruditu zitzaizkion irudiak, eta haietatik abiatuta zerbait egiteko gogoa pizten zitzaiola aitortu zidan. Biok mugikorrak aterata, WhatsAppez igorri nion bideoaren esteka, berak esandako zenbakira, nahi adina aldiz ikusterik izan zezan, eta agindu zidan hartuko zuela nik esandakoari buruz pentsatzeko astia. Kasu egingo zidala erabakitzen zuenarekin.

Nahi zuenean Donostiara itzultzeko esan nion, nahi bazuen neure etxean emango niola ostatu, eta lagunduko niola euskal kultura, bertsolaritza barne, eta bereziki trikitia, sakontasun handiagoz ezagutzen, bertatik betara. Aristerratzuko erromeriaren historiaz eta orainaz ere hitz egin nion.

Ezer agindu gabe baina ezein aukera baztertu gabe alde egin zuen Donostiatik. Zain nago. Edozein egunetan izan dezaket Werner adiskidearen berri.

Ez duzue sinisten? Nire irudimenaren asmazioa iruditzen zaizue kontatu dizuedan guztia? Kalentura bateko eldarnio txoroa? Axola al dio? Egia izanik ere, ez da erraza izango pelikula hori inoiz estreinatu ahal izatera iristea. Eta, egia ez balitz ere, ez al dute merezi Epelde trikitilariaren hiletako irudiek Werner Herzogek idatzi eta zuzendutako pelikula eder baten abiaburu izatea?


Utzi iruzkina: