Txernisevski vs Dostoievski, logaritmoetatik algoritmoetara
Nikolai Gavrilovitx Txernisevskik Zer egin? eleberrian aldarrikatutako tesien aurka idatzitako obra da, neurri handi batean behintzat, Fiodor Dostoievskiren Lurpeko ezkutuan idatziak nobela. Hala diosku Josu Zabaleta itzultzaileak Dostoievskiren lan laudatu horren itzulpenari (Igela, 2024) ezarritako hitzatzean.
Txernisevskiren nobelako protagonistak, Vera Pavlovak, kristalezko jauregi batean antolatutako gizarte sozialista bat du amets («Fourier-en sozialismo utopikoaren irudira», Zabaletak zehazten duenez), baina Dostoievskik erantzuten dio nahiago duela kaosa eta suntsiketa Kristalezko Jauregiko harmonia artifiziala baino.
Zientziak eta jakintzak lagunduta, gizakiak jokabide kaltegarriak alde batera utziko zituela uste zuen Txernisevskik, premisa honetaz jabetzera iritsita: «Ekintza onak baizik ez dira zuhurrak, zentzuzkoa eta neurritsua dena baizik ez da ona, ona den neurrian, hain zuzen».
Honela laburbiltzen du Dostoievskik, Lurpeko ezkutuan idatziak nobelan, ez zehazki Txernisevskiren ikuspegia —ez baita haren aipamenik testu osoan—, baina bai oro har haren pentsamenduaren ildoari oniritzia ematen ziotenena:
«Zuek diozuenez, zientziak berak irakatsiko dio gizakiari (...) ez borondaterik ez guraririk ez duela, egiaz, eta inoiz ez duela izan, (...) eta, horrez gainera, badirela munduan naturaren legeak; eta horrenbestez, berak egiten duen guztia ez duela egiten bere borondatez, berez, naturaren legeen arabera baizik. Horrela bada, aski izango da naturaren lege horiek aurkitzea, gizakiak bere egintzen erantzukizuna izan ez dezan eta orduan oso-oso erraza izango da bizitzea. Gizakiaren egintza guztiak matematikoki kalkulatuko dira orduan, lege horien arabera, logaritmoaren taula baten antzera, 108.000 arte, eta egutegian ezarriko dira; edo, hobeto oraindik, asmo oneko zenbait argitalpen sortuko dira, gaur egungo hiztegi entziklopedikoen antzera, eta haietan hain ondo kalkulatuta eta adierazita etorriko da dena, non mundu osoan ez baita izango ez ekintzarik ez abenturarik».
Eta hau da Dostoievskiren nobelako pertsonaia nagusi eta kontalari izengabeak horri buruz duen iritzia:
«Zer iruditzen zaizue, jaunak, zentzuzkotasun horiek guztiak pikutara bidali eta hankaz gora botako bagenitu, berriro gure gogo ergelaren arabera bizitzeko, besterik ez bada ere? Eta gehiago, okerrena da jarraitzaileak aurkituko lituzkeela seguru: horrelaxe eginda dago gizakia. Eta hori dena beharbada aipatzea ere mereziko ez lukeen arrazoi ezdeus batengatik; gizakiak, nor ere den, gogoak ematen dion bezala jokatu nahi izaten duelako beti eta alde guztietan, eta ez arrazoiak edo bere interesak agintzen dion bezala: norbere onuraren kontrakoa ere izan daiteke, eta aldian behin halaxe behar du izan (nire ideia da hori). Bere gogoa, libre, mugarik gabe, bere guraria, guraririk basatiena bada ere, bere fantasia, zenbaitetan zorameneraino asaldatua, horixe da, beti ahazten den hori, onurarik onuragarriena, inolako sailkapenetan sartzen ez dena eta sistema eta teoria guztiak beti-beti pikutara bidaltzen dituena. Eta nondik atera dute sasi-jakintsu horiek guztiek gizakiak halako zentzuzko borondatea, bertutezkoa, behar duela? Nondik atera dute gizakiak derrigor zentzuzko eta probetxuzko borondate bat izan behar duelako ideia finko hori? Gizakiak gauza bat behar du: borondate aske bat, zeinahi dela askatasun horren kostua eta zeinahi ondorio ere dakarrela. Eta borondatea, deabruak daki...».
Luzeak dira aipuak, baina esanguratsuak, batez ere kontuan hartuta Txernisevskik eragin handia izan zuela hamarkada batzuk geroago Iraultza egin zuten komunistengan. Ez alferrik eman zion Zer egin? izenburua Vladimir Leninek bere tratatu politiko ezagun bati (eta, askoz geroago, EMKk, Euskadiko Mugimendu Komunistak, larunbatero kaleratzen zuen bere aldizkariari).
Uste dut, testu hauek irakurrita, Dostoievskiri aitortu behar zaiola ez zebilela guztiz oker bere aurreikuspen gogoetatsuan. Baita punkak historian izan dituen aitzindari ugarietako bat izan zela ere.
Eztabaida gaur egunera ekartzeko modukoa ere bada. Adibidez, inori okurrituko balitzaio —denetarako jendea izaten baita—, mutatis mutandi, logaritmoen ordez algoritmoak aipatuz, Adimen Artifizialaren agintepean mundu perfektua eraiki dezakegula, non une oro geure eta denon onurarako zer egin dezakegun eta zer egin behar dugun jakingo dugun, Vera Pavlovak amestutako kristalezko jauregikoaren antzekoa, ekintzarik eta abenturarik gabea. Halakorik balitz, hari ere pentsarazi egingo liokete Dostoievskik lurpeko ezkutuko idazlearen bidez —1864an, duela 161 urte— horren aurka emandako argudioek.
Nobelako pertsonaia nagusi eta kontalari izengabeak, beste kontu batzuei buruz ari dela, bere buruari egiten dion galderara ailegatu ahal izango gara, akaso, eztabaida horretan: «Eta, hain zuzen ere, horixe da oraintxe nire buruari egiten diodan alferrikako galdera: zer da hobe, zoriontasun merke bat ala sufrikario goratuak?».
Iruzkinak
Utzi iruzkina: