Pentsamendu librearen kontra

Pentsamendu librearen kontra Ergelkaria | 2026-07-14 19:50

Agian gainbaloratuta dago artaldetik kanpoko pentsamendu librea, espiritu kritiko zorrotza, nork bere kabuz pentsatzeko askatasun mugagabea, dena zalantzan jarri eta denean eta denekin etikoki, enpatikoki eta justiziaz jokatzen ahalegintzea, azken batean, justizia erabat justuaren ezintasunak ezer ez egitera eta injustizia guztiak dauden-daudenean uztera eraman baitezake jarrera horrek, injustiziari injustiziaz borrokatzeari uko eginez, injustizia handiari injustizia txikiago batez borrokatzea bidegabetzat jota, helburuak ez dituela inoiz bitarrekoak justifikatzen iritzita, bitartekoak bidegabeak badira, guztiz garbiak ez badira.

Kontuan hartuta ez dagoela benetako eraldaketarik batasun kolektiboan garatutako borrokarik gabe, hau da, talde batu edo artalde baten aktibismorik gabe, agian luxu bat da, aktibista baten ikuspuntutik behintzat, kolektibotik, taldetik, artaldetik kanpoko pentsamendu librea, espiritu kritiko zorrotza, nork bere kabuz pentsatzeko askatasun mugagabea, dena zalantzan jarri eta denean eta denekin etikoki, enpatikoki eta justiziaz jokatzen ahalegintzea.

Betikoa da galdera: noraino estali burua oinak behar baino biluziago utzi gabe, edo alderantziz?


Utzi iruzkina: