Patxo Telleriaren ‘Ai, gure juaneteak’: koldarkeria ausarta
Borroka galduetatik gatozenez (Urtzi Urrutikoetxea) eta esperantzara kondenatuta gaudenez (Jose Luis Padron eta Gari), asaba zaharren baratza (Lizardi), aitaren etxea (Gabriel Aresti) eta amaren sua (Jon Sarasua) defendatu behar ditugu euskaldunok, euskaltzaleok eta euskal idazleok.
Musika ere bihotz-altxagarri izan dugu, eta dugu, adore-emaile efikaz bide malkartsu horretan, gerra ondorenetik gaur arte: bertan ezin eta euskal kultura munduan zabaldu zuten abesbatzekin, Mixel Labeguerierekin, Ez dok Amairurekin, RRV (ondo edo gaizki ez dakit) deitutakoarekin, azken orduko bakarlari eta gazte garaikideekin...
Argi utzi dugu beti guk hegoak ebaki gabeko txoria dugula maite, justizia eta askatasuna denontzat, euskaratik eta euskaraz.
Ez genuen asko espero hegoak ebakitzeko eskatzen duen euskal idazlerik ezagutuko genuenik. Okerrago: berari ez ezik, geure buruari ere hegok mozteko eskatuko zigunik: «Moztu zuek denok hegoak. (...) Hartara, pentsatuko dugu gelditasuna dela gure egoera normala».
Azak ontzeko, hori eta gisako gogoeta eta proposamen asko, gainera, Mikel Laboa handiak Joxan Artze, Xabier Lete eta Joseba Sarrionandiaren hitzekin osatutako kantuetatik tiraka egin ditu aktore, antzerkigile eta zinemagile ere baden idazle horrek.
Heresia latza, afruntu laidogarria euskaldunon letren errepublikan, Patxo Telleriak Ai, gure juaneteak liburuan kometatu duena (Elkar, 2024).
Baina aitortu beharra daukat —bekatari handia neu ere!— lasaitu eta hobeto sentitzen lagundu didala Telleriaren liburuak, irakurketaren une askotan bat egin baitut egileak dioenarekin. Baita Arantxa Iturbek Euskadi Irratiko Arratsean saioan iragan azaroaren 18an egin zion elkarrizketa gomendagarrian esan zituenekin ere. Ai, gure juaneteak ikuspegi «derrotista edo koldar batetik» idatzia dela esan zuen orduan, besteak beste, eta neu ere batzuetan halaxe idatzia naiz, hala uste dut behintzat.
Zalantzak izan ditut, inoiz, horrelakoak —ikuspegi «derrotista edo koldar batetik» idatziak, alegia— argitaratzearen egokitasunaz, baina halakoetan bizkor uxatu ohi ditut duda-muda horiek, neure buruari esanez eta ulertaraziz literatura ez dela norberari egokien iruditzen zaizkion unean uneko mezuak zabaltzeko tresna lau eta tolesgabe bat, norberaren literatur senari egin behar diola kasu idazleak, literatura traizionatuz bere burua traizionatuko ez badu, eta literaturan koldarkeria erakustea ekintza ausarta izan daitekeela. Areago: koldarkeria erakusteak irakurlea ausartago izatera ere bultza dezakeela, aski frogatua baitago, literaturaren historia osoan, literaturaren bideak, Jainkoarenak legez, ezin asmatuzkoak direla.
Batzuek nahiago izango dituzte ikuspegi baikor eta adoretsuagoak, are han-hemenka urbi et orbi txoriei hegoak ebakitzearen aurka entzuten eta irakurtzen diren sermoi gisako aldarri hanpatu pitzadurarik gabeak ere. Bejondeiela! Baina, nire kasuan behintzat, askoz gehiago bultzatzen naute txoriei hegoak ebakitzearen aurkako era guztietako lan eta borroketara Patxo Telleriarenaren gisako aitorpen eta testigantzek. Ez dute zertan batzuk besteen ukatzaile izan.
Barka diezaiotela, beraz, hilda dudenek Patxori, eta bizi garenok eskerrak eman diezazkiogun, Ai ene juaneteak liburuagatik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: