Noiz entzun duzu azkenekoz euskarara itzulitako zerbait?

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2026-01-19 20:38

Joan den astean hau idatzi nuen sare sozialetan: “Galdera bat hausnarketa soziolinguistikorako: noiz entzun duzu azkenekoz euskarara itzulitako zerbait?”. Erantzunak esperotakoak izan ziren, gutxi gorabehera: batzuek haurrekin entzun berri zuten bikoizketaren bat edo beste, beste batzuk ez zuten gogoan noiz izan zen azken aldia, eta izan zen esan zuenik supermerkatuetako eskaintzetan edo gisako iragarki trakets euskaratuetan entzun zuela azkenekoz euskarara itzulitako zerbait.

Ikuspegi askotatik begiratuta, hobe da erdarazko ikus-entzunezkoak azpitituluekin ikus-entzutea bikoiztuta ikus-entzutea baino. Horretan ez dago dudarik, eta esana gera bedi.

Ikuspegi soziolinguistikotik, ordea, itzulpenean trebatu eta ohitu gabeko ahozkotasuna daukagula iruditzen zait, azken hamarkadetan sekulako aurrerapausoak egin dituen idatzizko itzulpengintza aberatsarekin kontraste betean. Gaitz erdi erdarazko bikoizketara aspaldidanik ohitutako gizartea batean biziko ez bagina (Hego Euskal Herrian bederen).

Gure ahozkotasun jasoaren eta gure idazketa jasoaren arteko deskonpentsazioa ikaragarria da, eta horrek eragiten du, beste faktore batzuen artean, nire ustez behintzat, euskaldun gehienontzat, ia guztientzat esango nuke (salbuespenak badirela jakinda), errazagoa izatea aldameneko erdaraz irakurtzea euskaraz irakurtzea baino, eta itzulpenetako euskara jatorriz sortutakoa baino (are) arrotzago sentitzea (horrek dakarkigun euskarazko alfabetatze maila baxuarekin). Baita zinemagintzan behin eta berriz “euskara naturala” bilatzea ere (aktorearen beraren etxeko edo herriko euskara ez bada, euskalki jakin bat...), bikoizketako euskara, ia nahitaez batua izatera derrigortua, entzutea hain arrotz izateak ez baitu laguntzen euskara batua entzutea (irratiko eta telebistako eskaintza erdarazkoaren aldean guztiz urritik aparte aski gauza gertagaitza) naturaltzat hartzen.

Beste kontu batzuei buruz ari ginela (ez euskarari buruz, alegia), hau esan zidan orain hurrengoan lagun batek: "Jendeak Netflixen bezala hitz egiten dik". Ez zen ari euskarazko ahozkotasunari buruz, erdarazkoari baizik, jakina, Netflixen euskararen presentzia oso urria baita. Eta, pentsatzen hasita, nondik jasotzen ditugu gure eguneroko bizitzako "input" gehienak euskaldun arruntok? Horretarako berariazko ahalegin kontziente, borondatezko eta militantea egiten dutenek salbu (meritu handiko erabakia etxera nekatuta iristen den langile batentzat). Ez derrigor Netflixetik, baina bai, seguru asko, erdarazko edo erdarara bikoiztutako ikus-entzunezkoetatik.
Nik behintzat oso noizbehinka izaten dut tratua Administrazioarekin, eta izaten dudanean laburra izan ohi da, edo ahal bezain laburra iza
n dadin saiatzen naiz behintzat. Era bateko edo besteko ikus-entzunezko produktuekiko harremana, aldiz, etengabea da, nire kasuan behintzat, egunerokoa eta plazerari lotua, eta uste dut horrek ez nauela friki edo zakur berde egiten. Ez dut esango bestelako oldarraldiei arretarik jarri behar ez diegunik, baina nire irudipena da eguneroko oldarraldi honi ez diogula behar adinako kasurik egiten, eta iraingarria dela, eta etsigarria, alde horretatik, lagungarri izateko aukera ederrena izango lukeen tresnak, ETBk, jokatzen duen rola, aise ematen baitio ETB2ri (Erdal Telebistari) ETB1 (Euskal Telebistari) ukatzen diona.

Ezin da idatzi hitz egiten den bezala, baina idatzia ahozkoaren ondotik dator eta ahozkoaren ondorio da. Euskararen kasuan, iruditzen zait idatzizko batasuna landu dugula ahozkoa baino askoz ere lehenago eta askoz ere indar eta perfekzio handiagoz, ahozko batasunaz arduratu gabe; horregatik zaiola arrotz euskara batua euskaldun askori; horregatik direla hainbeste beren etxeko edo herriko euskaran ondo hitz egin arren batuan hitz egitean (edo, besterik gabe, gai jaso samarrei buruz hitz egitean) eroso sentitzen ez direnak, ezjakin ez bada pedante, neurria ezin hartuta; edo adierazkortasunerako esaldi edo formula partekatuak bilatzean, motz, erdarara jo beharrean; eta horregatik jarraitzen duela izaten euskaldun gehienontzat, are euskaraz ikasientzat ere, errazagoa erdaraz irakurtzea euskaraz irakurtzea baino.

Ez ote litzaiguke lagungarri, arazo horiek gainditzeko, edo leuntzeko bederen, euskarara ondo itzulitako testuak entzutea, eta ez, jakina, bakarrik haurrentzako ikus-entzunezkoetan edo supermerkatuetako eskaintzen berri emateko grabatutako iragarkietan?

 


Utzi iruzkina: