Mitxelena eta Cohen gabe

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2024-11-22 10:05

Koldo Mitxelena hil zenez geroztik, pikutara joaten ari da, pixkanaka, hala erdaldunek nola euskarari aparteko atxikimendurik ez dioten euskaldunek garai hartan artean ere zioten gutxieneko borondate oneko errespetua.

Leonard Cohen hil zenez geroztik, pikutara joaten ari da, pixkanaka, Bigarren Mundu Gerraren osteko Mendebaldeko Zibilizazio Partisanoari artean ere geratzen zitzaion sinesgarritasuna eta indar etikoa.

Ez dira egia zientifikoak bi baieztapen horiek, baina uste dut egia poetikoak izan daitezkeela, neurri handi batean nostalgiaren ondorio. (Hala ez balitz ere, blogaren izenburuak horrelakoak idazteko zilegitasuna ematen dit.)

Jaio eta haz daiteke, bai, Koldo Mitxelenak edo Leonard Cohenek adinako dohain eta talentua duenik, nabarmendu eta ezagun ere egin daiteke. Baina halakorik bada, ez diogu inola ere utziko haiek izan zuten eragina izaten, porrotera kondenatuko dugu hasieratik.

Bernardo Atxagaren Etiopia berrargitaratu berria eta Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora eternoa gogoan, honela kanta dezakegu:

 

Imajina ezinak ditun

beste Koldo Mitxelena bat

eta beste Leonard Cohen bat

gau zomorroen gisa akabatzen gaitun

gure azken orduak:

lore ximelduen enpalagoa

asfixia,

zikina arkitzen dinagu krubitxeta,

konjeladore made In China honetan.

 


Utzi iruzkina: