Kataklismoaren mehatxupean

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2024-11-13 09:22

Trump, Putin, Zelenski, Ukrainia, Errusia, Israel, Gaza, Iran, gerra, arma nuklearrak, Adimen Artifiziala, larrialdi klimatikoa, gaitz kutsagarri berriak, goseteak, muturreko pobreziaren hedadura, migrazio masiboak.... Bada zertaz beldurtu. Batzuetan munduko albisteak entzutean izuak hartzen gaitu: mundua pikutara joango ote den betiko, edo behintzat gizateria, gerra iritsiko ote den gure lurraldera, gure ekonomiak peko erreka joko ote duen, pandemia batek gure osasuna hondatuko duen...

«Kataklismoa, kataklismoa hemen dek. Kataklismoa, kataklismoa oraintxe», kantatzen zuen 80ko hamarkadan Jotakie taldeak.

Azkenean ohitu egiten da bat. Donostiako Kursaalean egin zen medikuntzako kongresu batean, ETA artean ere bizirik eta oldarkor zela, bonba abisu baten ondoren kongresuko parte-hartzaile guztiak kanpora ahalik eta modurik ordenatuenean irteten ari zirela, hala esan zien Espainiatik etorritako mediku batek bertako batzuei, izuak lotsagabetuta, ukondoekin bultza eginez: «Utzi pasatzen, mesedez, zuek ohituta zaudete, baina gu ez».

Mundua, gizakia edo gure zibilizazioa bihar edo etzi amaituko direla entzuten ere ohitu egin gara, mehatxupean bizitzen. Otsoa datorrela entzun eta entzun ari gara, jaio ginenetik, hirugarren mundu-gerrak, gerra termonuklearrak, saihetsezina zirudien garaitik. Eta ezin ulerturik nola ez den oraindik etorri, ezin arrazoiturik zer egin daitekeen etor ez dadin, etorriko den beldurrik ez bagenu bezala bizitzeko ahaleginetan.

Urteetan aurrera egin ahala, ez gaituela otso beldurgarri horrek jango pentsatzen hasita gaude, txakur batek baizik, gure aurrekoak jan dituen txakur txiki hain arrunt baina ez horregatik barkaberago ezagun horrek.


Utzi iruzkina: