Literatura eta genero-ikuspegia

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2024-11-06 15:26

Gero eta literatura-lehiaketa eta -beka deialdi gehiagoren oinarrietan aipatzen da epaimahaiak, lanak edo proiektuak baloratzean, aintzat hartuko duela «genero-ikuspegiaren txertaketa», batzuetan balorazio osoaren ehuneko zehatz bat esleituta txertaketa horri, %10 eskuarki. Txertaketa hori zer den edo zer izan daitekeen argi dagoela pentsa daiteke, ez baita beste azalpenik ematen oinarri horietan.

Genero-ikuspegiaren txertaketaren norainokoa eta nolakoa neurtzeko oinarrizko irizpide bat izan daiteke, besterik gabe eta sinpleki, emakumezkoen presentzia kontaketan: zenbat emakume agertzen diren, zenbaterainoko protagonismoa duten, narratzailea emakumea den...

Bechdel legea edo Bechdel testa izan daiteke, akaso, aintzat hartzeko moduko beste irizpide bat. Hauek dira arau nagusiak, Wikipediak dioenez: «Gutxienez bi pertsonaia emakumezko ateratzen dira, eta: pertsonaia horiek behin bederen elkarrekin hitz egiten dute; elkarrizketa horren gaia gizon bat ez den beste zerbait da (baldintza hau ez dagokio bikote erlazioari bakarrik: adibidez, aitari buruz diharduten bi ahizpek ere ez dute testa gainditzen). Testaren aldaera batek eskatzen du, horiezaz gainera, bi emakumeek izena izan behar dutela».

Ez zaizkit hala ere oso neurgailu fidagarriak iruditzen bi horiek. Gizonezkoen presentzia itogarria izan daiteke, adibidez, matxismoaren salaketa zorrotz baterako baliabidea; eta emakume asko irudikatzeak, beren artean edozertaz hitz egiten dutela ere, ez du zertan genero ikuspegiaren txertaketa feminista egoki bat ziurtatu, eta are kontrako efektua ere izan dezake.

Gai honetaz gogoeta egiten hasi eta pizten dizkidan zalantzen baso sarrian barneratuta, bi liburu etorri zaizkit burura, euskaraz idatzitako ipuina bata, gaztelaniaz idatzitako nobela bestea.

Uxue Alberdiren Irla ipuina irakurriz gero (Susa argitaletxearekin argitaratu berri duen Hetero narrazio bilduman), ziurtzat jo daiteke genero-ikuspegiaren txertaketaren balorazioan notarik altuena emango liokeela edozein epaimahaik, ustez ezkertiar eta feminista diren gizon heterosexual batzuen matxismoa eta matxirulismo misoginoa uzten duelako ipurdi-bistan, ausardia eta errealismo handiz (eta seguru asko ondo dokumentatuta).

Alberdiren ipuineko gizon ezkertiarren sexualitatearen erretratuak Xabier Silveiraren A las ocho en el Bule nobelako (Txalaparta, 2007) protagonista ekarri dit niri gogora, aldeak alde eta ñabardurak ñabardura. Baina ez zait iruditzen Silveiraren nobelak Alberdiren ipuinak adinako puntuaziorik edo portzentajerik eskuratuko zukeenik genero-ikuspegiaren txertaketaren neurketa hipotetiko batean.

Zergatik? Ez dakit ziur. Literaturaz kanpoko faktoreak alde batera utzita —epaimahaiak egileari buruz izan litzakeen iritziak eta aurreiritziak, adibidez—, obrari soilik erreparatuta, kontalaria gertatuko zen akaso elementu erabakigarria. Silveiraren lanaren kasuan, gizonezkoa da kontalaria eta Alberdirenean emakumea, eta bataren eta bestearen ikuspuntua guztiz desberdinak dira.

Askotan, gehienetan agian, kontalariaren ikuspuntua eta iritzia egilearen ikuspuntuaren eta iritziaren isla izaten dira, edo horietatik gertukoak bederen. Baina ez da beti hala izaten, eta batzuetan egileak, berariaz, bere iritzien eta gustuen guztiz aurkako den kontalaria fabrikatzen du.

Horrenbestez, ez du zentzurik obrari kontalariaren iritzia egozteak. Kontalariaren ikuspuntua eta iritzia ez dira derrigorrez obrarenak, ez behintzat irakurleak obrari nahitaez egotzi beharrekoak. Kontalariak iritzi edo jokabide baten alde esaten duena iritzi edo jokabide horren aurkako argudiotzat har dezake irakurleak.

Horrela begiratuta, Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Vladimir Nabokoven Lolita pederastiaren apologia dira? Berez, betidanik, beti eta betiko? Ala pederastiaren aurkako nobela gisa ere irakur daitezke, egileek izan zezaketen asmoa edozein zela ere, obrari berari, eta ez beste ezeri, erreparatuz gero? Ni baiezkoan nago. Pederastia aberraziotzat duen irakurlearentzat nekez izango dira bi liburu horiek pederastiaren aldeko aldarri.

Ildo berekoak dira, oker ez banago, Beñat Sarasolak CTXE. Revista Contexto aldizkari elektronikoan argitaraturako artikulu batean, izenburutik hasita, planteatu zituen galderak: ¿Qué hacemos con ‘Madame Bovary’?.

Literaturaren alderdi ederrenetako bat ez al da, hain zuzen ere, interpretaziorako eta eztabaidarako eskaintzen duen irekitasuna eta askatasuna, egileak berak ere ezin murriztu duen irekitasuna eta askatasuna; gauza bat esanez, eta are gauza bat esan nahiz, kontrakoa adierazi, pentsarazi edo iradokitzeko duen gaitasuna; azaleko zuzentasun formal guztien gainetik, edo azpitik, sakoneko egietara hurreratzeko bidea irekitzeko duen ahalmena?

Aski zaila ez al da, absurdoa eta zentzugabea ez esatearren —literaturari laguntzeko, batzuetan, mesedegarritzat jotzen badugu ere—, literatura-lanak konparatzea? Zertarako gehitu, hortaz, konparaketa horri azpi-konparaketa gehiago, zailak horiek ere, absurdoak eta zentzugabeak ez esatearren?

Bestela, behin, azpi-konparaketak ezartzen hasita, zergatik ez konparatu, genero-ikuspegiarenaz gain, beste txertaketa batzuk, hala nola antirrazismoarena, jasangarritasunarena, bakezaletasunarena...?

Edo zergatik ez aldez aurretik erabaki zertaz, zeren alde, zeren aurka eta, dena argiago izateko, nola idatzi behar den lehiaketa irabazi edo beka eskuratzeko?

Idazleek eskertuko lukete agian lana horrela erraztea.

Ala ez?

Gai honetaz gogoeta egiten hasi eta pizten dizkidan zalantzen baso sarrian barneratuta nagoen honetan, zer diozu zuk, irakurle?


Utzi iruzkina: