Liburuen bakarrizketetatik elkarrizketetara

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2024-12-18 11:25

Durango Azokaren aurtengo ekitaldiak eman duen berri pozgarrienetako bat izan da, kontatu didatenez behintzat, gazte asko joan dela, ez eskolak horretara bideratu edo behartuta, gustuko disko eta liburu berrien bila baizik.

Irakurleen premia du, izan ere, euskal literaturak, idazleena baino premia handiagoa gaur egun. Ez, jakina, idazleak premiazkoak ez direlako, idazleak egon badaudelako baizik, onak, gainera, eta adin guztietakoak.

Katea ez da eten, idazle gazteen emana eta etorria ziurtatuta dagoela dirudi, eta gainera idazle gazte horien lanean artean badira kalitate ukaezineko ekarpen oso interesgarriak egin dituztenak.

Liburu horien promoziorako bideak ere aski sendo daude gaur egun. Idazleen esker on zintzoa aspaldidanik bereganatua dute Arantxa Iturbek, Nekane Peñagarikanok eta Tere Belokik —azken hau gaur egun beste saio batean ari bada ere lanean— Euskadi Irratiko beren saioan urte askoan egin duten eta egiten jarraitzen duten lan fin eta beharrezkoaren ondoren eta ondorioz. Beste aukera laudagarri batzuk ere ematen dut gaur egun irratiak, eta irratian ez ezik prentsa idatzian eta, neurri apalagoan baina duintasun handiz, telebistan ere badago liburu berriei buruzko informazioa jasotzerik. Sare sozialetan ere badu oihartzunik euskal literaturak. Horrez gain, ez da ahaztekoa irakurle taldeek egiten duten lana, ezta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen dituen Idazleak Ikastetxeetan eta Liburuak Gozagarri programak ere, arnasgune bikainak baitira euskal idazleentzat eta beren lanentzat.

Azken hamarkadetako bilakaerari erreparatuz gero, sekulako aurrerapenak egin dira, beraz, alde askotatik.

Ikuspegi baikor horri gabezia bat kontrajarri zion, Karmele Jaio eta Ilazki Serranorekin solasean, Bernardo Atxagak abenduaren hasierako Artefaktua telebista saioan, esanez idazleek idatzitako testuek ez duela oihartzunik beste testuetan, elkarrizketetan, tertulietan, gizartean oro har: «Tertuliak entzuten ditut irratian, eta badirudi horietan parte hartzen dutenek Espiritu Santuaren inspirazioz hitz egiten dutela», esan zuen Atxagak. «Ez baitute sekula inor aipatzen. Ematen du mundua sortu dela justu programa hori hasi denean. Nik hori seinale txartzat daukat».

Hala da. Idazlea bere obrari buruz entzuteko aukera daukagu, baina gutxitan aipatuko du obra hori beste inork. Gutxitan jartzen da idazleen ekarpena gizarteari eta munduari begira, ez beharko lukeen neurrian bederen.

Tertulietatik aparte ere, literaturari buruzko informazioari eta literaturaren zabalkundeari dagokionez, oro har, ikusten da liburuei buruzko informazioa dagoela, promozioa dagoela, sustapena, publizitatea, propaganda, baina debaterik... apenas! Kasu bakanetan izan ezik, liburuak banan-banan eta bakartuta agertzen zaizkigu hedabide guztietan, bakarrizketa ezinbestean auto-laudatzaile eta auto-promoziokoan. Idazleak ezagutzen ditugu, haien ideia nagusi batzuen berri ere jasotzen dugu. Baina idazlea eta liburua beste idazle eta liburu batzuekiko elkarrizketan jarri gabe, zaila da idazle eta obra horien ekarpenetan sakondu eta azaleko baieztapenetatik zalantzazko ñabarduretara iristea, hots, literaturaren lurralderik aberatsenetara.

Bada zertaz hitz egina eta, batez ere, eztabaidatua, gaur egungo euskal literatura ardatz edo esparru harturik: kanonaren aldaketa(k) eta moldaketa(k); genero literarioen arteko hierarkizazioa; zer den eta nola baloratu behar den (sarietan eta laguntzetan, argitalpenetan, harrera kritikoan, zabalkundean...) genero ikuspegiaren txertaketa; idazle gazteen plazaratze bideak; argitaletxe sendotuen, argitaletxe marjinalen eta autoekoizpenen arteko ordekak eta desorekak; autofikzioaren, autobiografismoaren eta ni-nismoaren lilurak eta ajeak; balioen pedagogiara eta didaktismora bideratutako literaturaren gorakada (bereziki haur eta gazte literaturan); euskaraz sortutako literaturaren eta euskarara itzulitako literaturaren arteko antzak eta aldeak hizkuntzaren erabileraren aldetik; euskal literaturaren zabalkundea Euskal Herritik kanpo; literaturaren alderdi kolektiboak idazlearen lanean duen eragina... Horiei guztiei eta beste askori buruzko banakako iritziak entzuten edo irakurtzen dizkiegu, tarteka-marteka, idazleei, normalean liburu berri bati buruz elkarrizketatzen dituztenean, baina askorik sakondu gabe eta, batez ere, idazleen iritzi horiek elkarren aurkako kontrastean edo konfrontazioan jarri gabe.

Liburuei bakarrizketarako bidea ematen zaiela, alegia, baina gutxiegitan jartzen direla elkarren artean hizketan, horra nire irudipena.


Utzi iruzkina: