Lehenik Julia Roberts hartuko dugu, gero Mary Wollstonecraft
Honako hau irakurri diot Beñat Sarasolari 31 eskutik atarian argitaratu duen “Portaera fisikoa egoera solidoan” artikuluan: “Garai batean argi genuen Michel Montaigne, Platon, Sigmund Freud, Madame Staël, Mary Wollstonecraft (azken bi horiek ez daude bilduman) euskaraz eduki arte ezingo genuela taxuzko hizkuntzarik eduki. Gaur egun, ez dakit; esango nuke lehentasun handiagoa ematen diogula sareko azken modako zeratxoak euskaraz egon daitezen”.
Sarasolak aipatzen duen garai berean edo bertsuan erabaki zuten horretarako ahalbidea eta eskumena zutenek ez zuela merezi euskarazko bikoizketan dirua inbertitzerik, euskaldunoi arrotza zitzaigulako —zilegi bekit karikaturara jotzea— John Wayne, Humphrey Bogart edo Audrey Hepburn euskaraz —euskara batuan, jakina, nola bestela, Euskal Herri osorako?— entzutea, aldameneko erdara estandarrean entzun beharrean, “beti eta betidanik” egin izan genuen bezala.
Ez ote ziren gurdia idien aurrean jartzen ari?
Sarasolak artikuluan egiten duen Petronorren aipamenari tira eginez, nik, Josu Jon Imazen iloba edo lehengusua banintz, eta familia-bazkari batean ondoan tokatuko balitzait, Petronorren balizko eusko zuribidearen gaia aterako nioke, dudarik gabe, baina ez Pentsamenduaren Klasikoak berrikusi eta berrabiatzeko proposamena egiteko, Sarasola horren aldekoa den arren.
Hiruzpalau hamarkada daramagu idatzizko itzulpengintzan egindako aurrerapenaren handia eta horrek gure literaturan izan dituen ondorio mesedegarri ezin ukatuzkoak gogoratzen eta laudatzen. Baina ahozko itzulpengintzan ez da neurri berean aurreratu, ezta hurrik eman ere. Duela bi edo hiru hamarkada bezain arrotz zaizkigu Jon Wayne, Humphrey Bogart eta Audrey Hepburn euskarazkoak, orobat Julia Roberts edo Brad Pitt oraingoagokoak (Jacob Elordi, ekimen puntual bati esker, euskaraz bikoiztuta ikusteko aukera badago ere).
Itzultzaile armada ezin bikainagoa dugu, jakintsua, prestatua, zorrotza, antolatua, eta emaitzak bistakoak dira, baina gure itzultzaileak idatzizko itzulpengintzan aritzen dira hamarretik bederatzi eta erditan. Eta idatzizko emaitza bikain horiek ez dute —eta hau esaten ere hamarkadak daramatzagu— mereziko luketen eta komeniko litzatekeen oihartzunik eta harrerarik jasotzen.
Ezin da idatzi hitz egiten den bezala, badakigu, baina ahozkoa da idatzizkoaren hastapena eta oinarria, idatzizkoa irensgarri bihurtzen duen egosketa biguntzailea. Oinetakoa oinera egokitzen laguntzen digun trepetaren parekoa, barrunberik zakarrena irisgarri bihurtzen duen baselinaren antzekoa.
Eta hori hala izanik, nola irentsarazi Michel Montaigne, Platon, Sigmund Freud, Madame Staël edo Mary Wollstonecraften testu euskaratuak, urtean —batez beste baikor bat eginda— euskarazko sei film eta euskarara bikoiztutako lau film baino ikusten ez dituzten eta, horretaz aparte, euskara batuan esandako eta euskarara itzulitako ia ezer entzuten ez duten irakurleei?
Euskaraz bizi, lan egin eta are pentsatzen duten euskaldunek ere errazago irakurtzen dute erdaraz euskaraz baino. Ala ez? Ni baiezkoan nago, hala esaten dit eskarmentuak. Errazagoa delako gaztelania? Ez, jakina. Batetik, gaztelania askoz presenteagoa dagoelako gizartean, eta baita etxeetako trepeta elektriko-elektronikoetan ere. Baina, bestetik, baita ere, euskaldunik euskaldunen horiek ere ahozko euskara baturik entzuten ez dutelako —Euskadi Irratia da iturri emankorrena alde horretatik, gutxieneko hedadura eta oihartzuna duen bakarra eremu askotan—, eta idatzizko euskara, horrenbestez, irensteko gogorregi dagoen egosi gabeko jakia iruditzen zaielako, janzteko estuegia eta deserosoa den oinetakoa, sarbide zail eta deserosoko barrunbea.
Hori guztia kontuan izanik, nik, Imazekin partekatutako alegiazko otordu horretan, euskaldunoi —eta baita erdaldunei ere, beren aurreiritzi asko alde batera utz ditzaten— ahozko euskara batura ohitzen lagunduko ligukeen itzulpengintza sustatzea eskatuko nioke, hau da, euskara idatzia —jatorrizkoa zein itzulia— geureganatzen eta etxekotzen lagunduko ligukeen ahozko itzulpengintza, horretarako publiko zabala aise lor lezaketen ahozko itzulpenak eta bikoizketak sustatuz, John Wayne, Humphrey Bogart, Audrey Hepburn, Julia Roberts eta Brad Pitt lehenbailehen eta ahalik eta promozio handienez euskaratuta.
Michel Montaigne, Platon, Sigmund Freud, Madame Staël eta Mary Wollstonecraften itzulpenak berrikustea edo egitea baino kontu prosaikoagoa eta arruntagoa da, baina susmoa dut, tamalez, premiazkoagoa dela.
Nemesio Etxaniz zena artean gazte eta ekintzaile zen garaian hit-parade espainiarreko kantuak euskaratzea Lev Tolstoi edo Henrik Ibsenen testuak euskaratzea baino premiazkoagoa zen moduan, gutxi gorabehera.
Leonard Cohen parafraseatuz, lehenik Julia Roberts hartuko dugu, gero Mary Wollstonecraft. Biak batera ezinezkoa bada, bederen.
Ahaidetasunik eta partekatutako otordurik ezean, ea bada nondik edo handik nire alegiazko proposamen honen berri iristen zaion Josu Jon Imazi, Sarasolarenarekin batera, egokiena irizten dionaren alde egin dezan. Edo, ahal bada, bien alde.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: