Ideologiak eta bidegabekeriak

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2024-11-18 16:30

Gizateriari ekar diezazkioketen onurengatik baino gehiago, haien izenean erabilitako indarkeria bidegabeak eragindako kalteengatik neurtzen eta baloratzen ditugu, gaur egun eta hemen, ideologiak. Kalteengatik onurengatik baino gehiago.

Gauza bera gertatzen da gerretan ere. Palestinaren aldeko iritzi eta mugimendu oldea ez du eragin antolaketa soziopolitikoaren bidezkotasunak edo egokitasunak, Israelen neurririk gabeko indarkeria gupidagabeak baizik. Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkan ere, propagandaren oinarria etsaiak erabilitako indarkeria bidegabearen krudeltasuna erakustea da.

Gure etxeko gatazkan ere, «errelatoa» deitzen den horren oinarria ez da, funtsean eta nagusiki, eztabaida ideologikoa edo soziopolitikoa, indarkeriaren erabilera bidegabe, krudel eta hilgarriaren kontaduria eta kontaketa baizik; kontaketa, ahal izanez gero, irudiekin eta lekukotasun pertsonal xehatu eta zirraragarriekin lagundua.

Kapitalismoa, liberalismoa, falangismoa, marxismoa, sozialismoa, komunismoa, anarkismoa, alde guztietako nazionalismoak, nazional-sozialismoa... Guztien balorazioan, gero eta eragin handiagoa du —balorazio negatiborako, jakina— haien izenean erabilitako indarkeriak, historikoak zein garaikideak, eta gero eta txikiagoa haien balizko edo ustezko lorpen soziopolitikoek.

Gauza bera gertatzen da erlijioekin ere, haien izenean ere sekulako sarraskiak egin baitira. Erlijioak ere, funtsean, ideologiatzat jo daitezke ikuspegi horretatik begiratuta.

Ideologien kontra jartzera eta ideologiak gaitzestera eraman gaitzake joera horrek. Edo, nondik begiratzen den, ideologien alde, orain arte haien praktika egoki eta zuzena ez dela gauzatu argudiatuz gero.

Aitortu beharra dago, ordea, edozein ideologiari atxikita jarraitzeko —gutxieneko ortodoxia batekin atxikita jarraitzeko behintzat— fede handia behar dela gizakiarengan.


Utzi iruzkina: