Hitanoaren arazoak eta bulldozer linguistikoak
Ez arrazoirik gabe, «hitano selektiboa» deritzonak kezkatu eta gogaitu egiten duela salatu du Danele Sarriugartek Berria egunkariko bere zutabean (Anaidiera artikulua, joan den astean argitaratua, 2024ko azaroaren 28an). Hau da, solaskide dituzten gizonak eta emakumeak «gradu berekoak» izan arren —konfiantzan, adinean, jatorrian, bestelako ezaugarri sozialetan eta abarretan—, gizonei toka eta emakumeei zuka egiten dieten —gizon— hika-praktikatzaileen jokabideak.
«Hitano selektiboaren hiztun guztiak ez dakit ohartzen diren —serio diot— baina halako egoeretan anaidia indartzen dute full», dio Sarriugartek. Interpelatua sentitu nintzen. Nik, modu sistematikoan ez bada ere, hitano selektiboa praktikatu dut, eta praktikatzen dut, eta horrelako egoeretan anaidia indartzen dudala konturatu izan naiz batzuetan.
Ez naiz bakarra. Beste hika-praktikatzaile batzuk ere jabetu dira arazoaz, eta ez kezkarik gabe. Nik ezagutzen ditudan bi gurasok, emakumea bata, gizona bestea, bakoitzak bere etxean eta bere familian, ezintasun bera dutela aitortu didate: semeei hika egiten diete baina alabekin ezin, ez zaie «ateratzen».
Beste kasu batzuetan, anaidia indartu gabe, hitanoa arrotz zaien gizonezkoak baztertzen ditu hitanoaren gaur egungo erabilera-joerak. Hika-praktikatzaileen «klubak» kanpoan baztertuta utz dezake, adibidez, donostiar bat bi urolatarrekin dagoenean, donostiarra gizona eta urolatarretako bat, edo biak, emakume izanda ere. (Esan gabe doa, baina esanda hobe, badaezpada ere: gerta daiteke bi donostiarrek uztea klubetik kanpo urolatar bat, bai baitira donostiar hika-praktikatzaileak eta hika-praktikatzaile ez diren urolatarrak.)
Halaxe da: anaidia indartzen du batzuetan, full, eta bestelako bazterketa itsusiak ere sortzen ditu, han eta hemen, hitanoaren gaur egungo erabilera-joerak.
«Minimoa, izan ere, galdetzea litzateke, edo, bestela, denoi berdin egitea», Sarriugarteren iritziz. Ez dago gaizki esana. Baina hizkuntzaren bidezko komunikazioan «metahizkuntzara» jotzea —galdetzea, kasu honetan— oso deserosoa da, eta askotan harremana oztopa dezake; baita «denoi berdin egiteak» ere, hori berez «ateratzen» ez denean. Sarri eta modu askotan bizi izan dudan kontua da.
Xabier Lete zenarekin hika egiten nuen nik beti, hark hala egiten zidalako eta neuri ere halaxe «ateratzen» zitzaidalako. Gogoan daukat, ordea, Letek emandako prentsaurreko baten ondoren berarekin solasean bi kazetari geratu ginenekoa. Beste kazetaria ere euskalduna zen, baina ez hika-praktikatzailea. Bada niri sekulako lotsa ematen zidan Leterekin hika hitz egiteak beste kazetariaren aurrean, hark jokoz kanpo utzi nahi nuelako irudipena izan zezakeelako, ni harroputz nazkantea nintzela iritzita. Deserosotasunak nahi baino isilago egotera bultzatu ninduen. Kasu horretan, beste kazetaria gizona zen. Bitxia da, eta ematen du zer pentsatua horrek ere: uste dut beste kazetari euskaldun hura emakumea balitz lasaiago hitz egin izango niola egun hartan hika Leteri, emakumeak, oro har, bazterketa horretara ohituago daudelako, emakumeen kasuan —anaiditik kanpokoak direnez— bazterketa hori, tamalez, «normalizatuta» dagoelako.
Mutil-lagunarekin harremana hautsi zuen neska batek esan zidan behin susmoa zuela, ziurtasun erabatekorik gabe, bien artean hika hitz egiteko hautuak eragina izan zuela harremanaren endekatzean. Nik ere probatu izan dut ohitu gabeko lagun batzuekin hika hitz egiten, eta oso deserosoa egin zait. Beste egoera batzuetan, zalantzaren zamak isiltasunera eraman izan nau. Aldez edo moldez, estres linguistikoa edo antzeko zerbait eragin didate askotan kontu hauek, eta gaizki pasarazi ere bai. Barkatu beharko zait, biktimario izanik, biktimismora ere jo izana, baina hitanoaren arazoak zein konplexuak diren erakustea izan da nire asmoa.
Nola konpondu arazo horiek? Ez dakit. Hizkuntza Politika adostu, ondo pentsatu eta hobeto diruztatua da burura datorkidan irtenbiderik ziurrena. Dragoi bola-k hasitako bideak jarraipen zentzuzko, sendo eta biderkatua izan balu, beste oilar batek joko liguke kukurruku seguru asko, zabalagoa eta berdinzaleagoa litzateke akaso gaur egungo erabilera-joera. Lekutan gaude! Ikus-entzunezkoetako —eta sareetako— ahozkotasunean dauzkagun gabezia larria aintzat hartuta, zaila da itxaropentsu izatea.
Badu, haatik, inola ere konpondu ezin daitekeen arazo bat hitanoak: nola egin hika, adibidez, ez-bitar bati? «Bitartasuna berresten duela-eta zuzenean hitanoa baztertzearen aldekorik badago, eta zilegi», dakar gogora Sarriugartek. Hala da, bitartasuna berresten du hitanoak; eta, gainera, bitartasuna berresteko —inguruko hizkuntzekin konparatuta behintzat— elementu gutxi dituen hizkuntza batean. Eta hala da: zilegi da, eta ulertzekoa, hitanoa baztertzearen aldekoak izatea.
Baina ni ez nago, hala ere, hitanoa baztertzearen alde. Herritarren artean indarrean dauden hizkuntza-praktikak dekretuz baztertzea edo aldaraztea hizkuntzari bulldozerra aplikatzearen parekoa da (katerpilarra, garai bateko basomutilen hizkeran). Niri ez zait «ateratzen» hainbat lagunekin —gizonezkoak dira buruan ditudan gehienak, baina ez guztiak— zuka egitea; espainieraz aritzean todes esaten ez dudan, emakume hitzari asteriskorik jartzen ez diodan eta gizartea esan edo idatzi ordez jendartea esaten edo idazten ez dudan gisa berean. Oraingoz. Aurretik beste gai batzuetan egin izan dudan bezala, baliteke honetaz ditudan iritziak aldatzea aurrerago. Ateak zabalik daude.
Ez arrazoirik gabe, norbaitek esan diezadake hainbat eremutan euskara batua eskatzea edo derrigortzea ere hizkuntzari bulldozerra aplikatzea dela. Hala da. Euskara batua ez zaio inori hasieratik eta gauetik goizera «ateratzen», denbora bat behar da horretarako, eta ikaste eta murgiltze prozesu bat. Hortik dator euskaldun askok, prozesu hori garatu ez dutenez, batuarekin duten harreman deserosoa, hortik dator euskaldun askorentzat euskara batua arrotz izatea, Arantzazun adostutako erabakietan bulldozerrak eragindako triskantza ahalik eta txikiena izateko ahaleginak egin bazituzten ere.
Bulldozer horren premia zuen, ordea, eta du, euskarak —ez erabil-eremu guztietan, jakina, baina bai batzuetan, ageriko eta zabalenetan, kulturazkoetan, nazionaletan...— baserritarrek gaur egungo nekazaritzara egokitzeko traktoreen —eta autoen— beharra duten gisa berean. Hitanoaren arazoak konpontzeko, bulldozerra aplikatuz «zuzenean baztertzea» traumatikoegia eta krudelegia iruditzen zait. Oraingoz behintzat.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: