Gregorio Ordoñez hil zutenean

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2025-01-23 21:03

ETAk Gregorio Ordoñez hil zuenean, ezker abertzaleko politikagintzan oso ezaguna den pertsona batek albistea jasotakoan izandako erreakzioaren lekuko izatea egokitu zitzaidan. «Erotuta daude», esan zuen, burumakur, nahigabetuta, eskuekin buruari eutsita. Oraindik ere begien aurrean daukat une hura.

Gabriel Arestik gogoratu zuen (Franco artean bizirik eta hurkoa hiltzen ari zen garaian) etakideen amek asko sufritzen zutela, beren semeak hiltzen zituztelako ez ezik, beren semeek hil egiten zutelako ere. Nondik begiratzen den, hori esatea bera lotsagarria izan daiteke, eta gero eta lotsagarriago bihurtu da urteek —eta ETAk— aurrera egin ahala, konparazio bihozgabetzat jo daiteke, eta ez zait aipu hori gogora ekartzea gustatzen.

Baina egia da, oso egia ezkutua bada ere —eta inolako konparaketarik egin gabe eta apaltasunez eta seguru asko autokritikaz gogoratu beharrekoa– ETAk asko sufriarazi diela abertzale askori, baita ezker abertzaleko militante askori ere.

 


Utzi iruzkina: