Ezin zaio ‘Mitoaroa’ri gehiago eskatu

Ezin zaio ‘Mitoaroa’ri gehiago eskatu Ergelkaria | 2026-06-24 20:29

Gure aurreko adinekoen irakaskuntzekiko maitasunari, ingurumenarekiko errespetuari, immigrazioarekiko elkartasunari, bertakoaren aldarrikapenari eta hizkuntza gutxituekiko maitasun militanteari buruzko diskurtsoa”, horixe izan zen, Fernando Neira kazetariaren ustez, Pello Reparazen eta Zetak taldearen Mitoaroa emanaldi ezin arrakastatsuagoa, El País egunkarian ekainaren 21ean argitaratutako kronikan adierazi zuenez: El suyo es un discurso de amor a las enseñanzas de nuestros mayores, respeto al medioambiente, solidaridad con la inmigración, reivindicación de lo autóctono y amor militante por las lenguas minoritarias”.

Ba ote dago gehiago eskatzerik? Ez. Laudorio erabatekoa da hori Mitoaroarentzat, horixe izan nahi duelako eta horixe delako Mitoaroak. Pozgarria da, dudarik gabe, hain bidezko aldarrikapen jatorrak euskaraz egiten dituen ikuskizun batek halako harerra beroa arrakasta izatea, are gehiago euskara gazteen artean atxikimendua galtzen ari ote den sumatzen ari garen garaian. Bejondeiela Reparazi eta Mitoaroan parte hartu duten guztiei.

Ez al da kezkagarria, ordea, sorkuntza artistiko baten alderdirik aipagarriena eta laudagarriena izatea sorkuntza artistiko horren aldarriak, eta ez, adibidez, bere diziplinan egiten duen ekarpena? Ez al da joera orokor gero eta zabalduagoa sorkuntza artistikoa baloratzean jorratzen duen gaiari eta gaiari buruzko ikuspegiari ematea lehentasuna eta garrantzia? Zenbat eta argiagoa eta zalantzarik gabekoagoa izan mezua, hobe, gainera. Utikan ikuspegi desberdinen arteko talkak eta kontraesanak, utikan zalantzaren putzu uher nahasiak!

Ez da, jakina, kasu isolatua Mitoaroa euskal kulturan. Eta euskal kultura ere ez da kasu isolatua munduan, Mendebaldeko sorkuntza artistikoan zabaldutako joera baita sorkuntza artistikoari buruzko ikuspegi, askotan eta askorentzat bederen, soilegi, sinpleegi eta zuzenegi hori. Alde onik ere izango du, baina kezkagarri samarra ere ez ote da?


Utzi iruzkina: