Ez da xenofobia, oikofilia da

Ez da xenofobia, oikofilia da Ergelkaria | 2026-10-13 18:58

Ez da xenofobia, oikofilia da

Batek baino gehiagok aholkatu dit ez galtzeko alferrik denbora sare sozialetan euskararen “inposizioa”, euskaltzaleon “xenofobia” eta gisakoak salatzen dituztenekin —nik ez diet “euskarafobo”deitzen— eztabaidatzen. Baina ez nintzateke saltsa horretan sartuko gustura sentiaraziko ez banindu, lokatza horretan neure erara gozatuko ez banu eta, ibili-ibili eginda, ikasteko baliagarri ez balitzait. Argudiaketaren artean trebatzen nauela iruditzen zait, bederen. Hona hemen euskararen alde pixkanaka landu ditudan argudiaketa batzuk, inork dagokionean erabili nahiko balitu ere:

1. Euskararen inposizioa

Euskararen inposizioa aipatzen duten bakoitzean Espainiako Konstituzioaren 3. artikulua ekartzen diet gogora, espainiar herritar guztiak espainiera jakitera behartzen dituena, nahitaez, eta Administrazioarekin edo edozein langile publikorekin komunikatzeko, hala Euskal Autonomia Erkidegoan nola Nafarroan, derrigor jakin beharreko hizkuntza bakarra horixe dela, espainiera, eta es besterik, Euskal Herri kontinentalean frantsesa den bezala.

2. Euskararen subentzioak

Euskara subentzioei esker bizi dela diotenei gogorarazten diet euskarak subentzioak jasotzen dituela, bai, egia dela hori, baina espainierak —subentzioei uko egin gabe— estatu oso baten lehentasunezko babesa eta laguntza duela, eta denok ordaintzen dugun diru ia guztia bideratzen dela nagusiki edo esklusiboki espainierazkoak diren ekintza eta jardueretara, euskararen alde gastatzen den diru publikoa hutsaren hurrengoa dela espainieraren alde gastatzen denarekin alderatuz gero.

3. Euskara etxeko hizkuntza ez izatearen drama

Etxeko hizkuntza ez dutenak euskarazko hezkuntzan murgiltzea haien ikasketen garapenaren kalterako dela argudiatzen dutenei esaten diet asko garela inoiz etxekoa izan ez dugun hizkuntzan arazorik gabe ikasitakoak. Arazoa ez baita etxekoa ez den hizkuntzan ikastea, baizik eta, izatekotan, kalean, gizartean eta, gaur egun bereziki, pantailetan, ez dagoen hizkuntzan ikastea. Hor dagoela arazoa: murgiltzea efektiboa eta onuragarria izan daiteke, baina ez arrainontzi batean egiten baldin bada (1), errekan edo itsasoan eginez gero baizik.

4. Xenofobia vs oikofilia

Lanpostu edo kargu batzuetarako, edo dena delakorako, euskara-eskakizun “gehiegizkoak”, edo kasu batzuetan euskara-eskakizunak berak huts-hutsean, xenofobia direla ere entzun eta irakurtzen dugu maiz (2), eta bada, edozein kasutan eta edozein testuingurutan, norberaren hizkuntza eta kultura lehenestea edo besteak baino hobeto tratatzea xenofobia dela dioenik. Baina ez da. Edo ez behintzat beti. Kasu askotan oikofilia da, hau da, ez inoren aurkako gorrotoa, norberarenarekiko atxikimendua edo maitasuna baizik (3).

Athleticen fitxaketa politika xenofoboa da? Xenofobia da gipuzkoar bat Realaren alde egotea? Xenofoboa da nazioarteko edozein lehiaketatan euskaldunen alde egotea? Xenofoboa da kideago sentitzea urrutiko euskalduna ondoko erdalduna baino? Ez. Hori ez da xenofobia, oikofilia baizik.

Kasu batzuetan lausoa izan daiteke xenofobiaren eta oikofiliaren arteko muga, baina, euskararen historia eta egungo egoera kontuan hartuta, euskararen kasuan motibo asko ditugu pentsatzeko euskararen aldeko praktikak, itxura batean baztertzaile gisa aurkeztu daitezkeen arren, ez direla xenofoboak, oikofiloak baizik, larrialdi egoeran dagoen hizkuntza baten eta hari atxikitako kulturaren larrialdi egoerari bati etsi-etsian emandako erantzunak direlako.

5. Euskara etxegabetze baten biktima gisa

Askotan entzun behar izaten dugu, euskara-eskakizunen eta euskararen aldeko laguntzen murrizketa justifikatzeko, euskara ez dela gaur egun ia inon ere maioritarioa, gutxiengo baten hizkuntza dela bizirik jarraitzen duen lekuetan, eta euskaldunok euskaraz ez dakitenek ez dituzten “pribilegioak” nahi ditugula guretzako, gutxiengo bati ez dagozkionak. Entzuten dugu, halaber —ez gutxitan— euskara “ez dela politizatu” behar.

Madrilen gertatutako etxegabetze kasu mediatiko baten lekuko izan gara oraindik orain, Mari Carmen Abascalena, eta izan da etxegabetzea justifikatu duenik, haren aurkako protestak gaitzetsiz, horretarako etxegabetuaren ustezko “pribilegioen” berri emanez eta gaia “ez politizatzeko” eskatuz. Horrek euskararen kasua, azken finean, etxegabetze batena ez ote den pentsarazi dit, edo lurgabetze batena modu zehatzagoan esanda.

Orain ez bezala, bizilagun gehienen lehen hizkuntza zen euskara Euskal Heriko lurralde ugaritan 1936ko gerra baino lehen (4), eta are nagusitasun handiagoa izango zuen ziurrenik lehenago. Maioritarioa izan zen, alegia, Euskal Herri osoan (Zazpi Lurraldeetan) edo haren zati handi batean bederen, agintearenak, ofizialak, kultura jasoarenak beste batzuk izan arren. Baina nagusitasun hori galdu du, bi estatuk lehenetsitako bi hizkuntzaren —bi putre-funtsen— mesedetan: espainiera eta frantsesa. Etxejabe edo lurjabe aberats okituak biak ere, baina daukatenarekin konformatu ez eta etxe eta lur gehiagoren jabe izan nahia ezkutatzen ez dutenak hala ere, horretarako beste hizkuntza bat bere etxe edo lurralde bakarretik egotzi behar badute ere, beste inon bizitzerik ez duelako gupidarik txikiena ere erakutsi gabe.

* * *

(1) Horretaz ari ote zen Ignacio Maria Gasca Ajuria Poch “Inmersión en la pecera” kantatzen zuenean, Derribos Arias taldearen Branquias bajo el agua kantuan?:

https://www.youtube.com/watch?v=H3JHKhFtBkQ&list=RDH3JHKhFtBkQ&start_radio=1

(2) “Atzerritarren eta atzerriko gauzen kontrako joera edo gorrotoa” da xenofobia, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera.

(3) Hitz hau ez dago oraindik Euskaltzaindiaren Hiztegian. Aski ezezaguna da, baina erreibindikatu eta zabaldu beharrekoa da, nire ustez. Berez, “norberaren etxearekiko atxikimendua edo maitasuna” adierazten du, baina, hedaduraz, “norberaren hizkuntzarekiko eta kulturarekiko atxikimendua edo maitasuna” ere adieraz dezake.

(4) Ikus, adibidez, artikulua ilustratzen duen mapa: Ez da zorroztasun zientifiko handikoa, (ordaindu gabeko) Adimen Artifizialak eskuratu baitit nondik atera duen esan gabe, baina niri behintzat aski sinisgarria iruditzen zai.


 

 

 


Utzi iruzkina: