Estaturik gabe
Ezaguna eta maiz aipatua da Txillardegiren aspaldiko esaldi hau: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz».
Politikariren batek edo bestek duela urte batzuk egindako iragarpenak gorabehera, euskara lehen hizkuntza eta hizkuntza nagusitzat hartuko duen estaturik nekez irudika dezakegu hurrengo urteetan eta hamarkadetan.
Estatuarena utopia urrun baino ez den bitartean, Txillardegiren esaldia bi bertsio berri osatuz eguneratuko nuke nik:
1) «Euskaldun gehienok alfabetatuta, agian, euskara ez da salbatuko; baina euskaldun gehienok alfabetatu gabe, ziur ezetz».
2) «Erdaldun gehienak alde edukita, agian, euskara ez da salbatuko; baina erdaldun gehienak aurka edukita, ziur ezetz».
Alfabetatuta
Euskarak gaur egun duen egoera zailari ez dio laguntzen euskaldun gehienen euskarazko alfabetizazio maila eskasak.
Euskaldun guztiok euskaldunberriak garela esan zuen Karmele Jaiok, duela lau urte, Korrikaren amaierako lekuko testua irakurtzean, eta egia galanta da. Edo, hobeto esanda, egia galanta izan behar luke. Ulergarria da euskaraz hazitako euskaldun askok nork bere etxeko, kaleko, auzoko edo herriko euskara —sukalkia, esango luke Xabier Amurizak— izatea maiteena, baita batzuei euskara baturako aukeratutako forma batzuk —adizkiak— arrotz suertatzea ere, baina euskara benetan indartuta, noranahikotuta eta ahaldunduta ikusi nahi badugu, euskara baturik gabe jai daukagu gaur egungo munduan.
Normalean euskaldunberritzat jotzen direnek euskara ikasteko lana eta nekea hartu badute, nolatan gera gaitezke euskaldunzaharrok alfabetatzeko lana eta nekea hartu gabe, euskaldunberri bihurtu gabe euskararik nire ustez aberatsenean eta, dudarik gabe, efikazenean eta zabalduenean, finkatu zenez geroztik euskararen etsairik etsaienentzat amorragarrien gertatzen den euskaran: euskara batuan.
Erdaldunak alde edukita
Bestetik, euskaldunak eta euskaltzaleak erdaldunez inguratuta bizi gara, herrikide ditugu, eta kasu askotan senide, ahaide, adiskide, lankide, etxekoneko... Euskaraz ere badakiten erdaldunak kasu askotan, euskara ulertzen dutenak, zerbait esateko gai direnak, baina justu eta trakets samar, euskara bigarren hizkuntza dutenak eta erabiltzen ez dutenak...
Ezin dugu ukatu txalogarritzat jotzen ditugun euskararen aldeko neurri batzuek kostu bat dutela, traba bat direla, nekagarri gerta daitezkeela horientzat —eta kasu batzuetan geuretzat ere—, eta hori ezkutatzea eta horrelakoak aipatzen dituztenean purrustaka hasi eta euskarafobo edo faxista txartelak banatzea, bidezkoa ez izateaz gain, kaltegarri gertatzen da, nire ustez, hamarretik bederatzitan.
Administrazioaren arloko euskararen aurkako oldarraldi judizialari orain hezkuntzaren arlokoa gehitu zaiola dirudi, eta alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide indartsu batzuk gezurrez eta propagandaz hauspotzen ari dira euskararen aldeko den oro auzitan jartzeko kanpaina gisako bat, gero eta ozenagoa. Badira, bederen, hori hala dela pentsarazten duten zantzuak. Uste dut, hala ere, erantzunek pausatuak eta arrazoituak izan behar dutela, propaganda horren oinarrian, gezurrak gezur, erdaldun askorentzat -—eta kasu batzuetan geuretzat ere— mingarriak izan daitezkeen egiazko errealitateak ere badaudelako: etxekoa ez den hizkuntzan ikasteak dakartzan askotariko arazoak, ikasleen mailaren beherakada PISA neurketetan (hau ez dakit zer neurritan den egia eta zer neurritan propaganda faltsua), nepotismotzat jotzeko moduko gehiegizko esijentziako kasuak lanpostu publiko batzuen kasuan, supremazismo baztertzailetzat jo daitezkeen adierazpen euskaltzale batzuk...
Euskararen aurkako oldarraldiei edo purrustadei emandako erantzuna esaldi edo kontsigna bakar batean laburbiltzea propagandari propagandarekin erantzutea da, baina erantzun nahi zaion propagandak dituen bitartekoak eta oihartzunak izan gabe, hau da, porrot segururako bidea.
Amorragarria da, jakina, euskararen alde edozer egiten duenari beti eta berehala euskara politizatzea leporatzen zaiola entzutea edo irakurtzea, euskara patrimonializatzen ari dela, euskara inposatu beharrean euskara erakargarri egiten saiatu beharko lukeela (gaur egun inposatu ezean edozein hizkuntza pikutara doala jakingo ez bagenu bezala)... Baina aitortu behar dugu, aldi berean, euskarak nekez egingo duela aurrera beti gatazka politikoarekin lotuta agertzen bada plazan, eta euskararekiko gutxieneko atxikimendua ez duten guztiak euskarafobiaren eta faxismoaren zakuan sartzen baditugu, gure herrikide batzuei euskararekiko gutxieneko atxikimenduak zer ahalegin eskatzen dien ahaztuta.
Oreka baten bila
Alfabetizazioaren kontuan zalantza gutxi daukat: zenbat eta alfabetizazio maila handiagoa, hobe. Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua!
Erdaldunak alde edukitzen saiatzearena konplikatuagoa da, oreka bat eskatzen du, tamaina egokia bilatzea, jakinda euskararen alde ezer ez egiteak, utzikeriak eta erosotasunak, euskara galzorian jartzen duela, baina betiere kontuan hartuta euskaltzaleok euskarafobiaren eta faxismoaren eremuetan kokatu ohi ditugun alderdi politikoen boto-emaile, sindikatuetako afiliatu eta komunikabideen kontsumitzaileen artean gure herritar asko daudela, euskaldunak batzuk, erdaldunak besteak, eta haiekin bizi garela eta bizi beharko dugula. Areago: horietako batzuk senide, ahaide, adiskide, lankide, etxekoneko... ditugula.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: