Edulkoraziorik gabe, hobe

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2026-02-13 21:19

Euskara ez du salbatuko (euskaldunon) natalismoaren gorakadak; euskara ez du hondoratuko immigrazioaren gorakadak. Baina (euskaldunon) natalismoaren gorakadak ez lioke lagunduko? Immigrazioaren gorakada ez zaio kalte egiten ari?

Eskarmentuak esaten dit gisa horretako galderak planteatze hutsa nahikoa izan daitekeela “eskuinaren diskurtsoa” bereganatzen ari naizelako akusazioa jasotzeko. Zer esanik ez bi galdera horiei baiezko banarekin erantzunez gero: (euskaldunon) natalismoaren gorakadak lagundu egingo lioke euskarari; immigrazioaren gorakada kalte egiten ari zaio.

Eskuinaren edo, nahi bada, eskuinik —paradoxikoki— siniestroenaren diskurtsoetan barneratzea litzateke, hori bai, horretan ados, euskararen onerako gazteak (gazte euskaldunak, jakina), euskararen izenean, familia ugarien produkziora bultzatu edo behartzea; edo, euskarari egin diezaioketen kalteen beldur, immigranteen etorrerari ez dakit nolako muga zorrotzak jarri behar zaizkiola aldarrikatzea.

Hori esanik, hasieran esandako bi esaldiak errepikatuko ditut berriro: euskara ez du salbatuko (euskaldunon) natalismoaren gorakadak; euskara ez du hondoratuko immigrazioaren gorakadak. Hori baino askoz gehiago beharko du euskarak, nozitzen dituen kalte eta gaitz larrienak ez baitira ez (euskaldunon) natalismoaren beherakadaren eta ez immigrazioaren gorakadaren erru edo ondorio. Esana bedi, badaezpada ere.

Begien bistakoak diren errealitateak ukatzea, politikoki zuzenago agertzeko, eztabaidan arrazoia edukitzeko, ez da “eskuinaren diskurtsoa” bereganatzea, jakina; areago, beste muturrera jotzea dela dirudi, lehen begiratuan. Baina, sakonean, ez ote da, ez al da izaten ari, zuzenean ez bada zeharka, “eskuinaren diskurtsoari” hauspoa ematea?

Onartu behar dugu, errealitatea disimulatu edo edulkoratu gabe, munduaren gaur egungo atarramenduak eta bereziki globalizazioak, eta globalizazioaren barruan bereziki immigrazioak, bietatik dakarzkion arren, mesede baino kalte ugariagoak eta handiagoak egiten dizkiola euskarari. Aukerak eta abantailak ere eskaintzen dizkio, jakina, dudarik ez. Baina guztiz zartatzeraino arrakalatzen ditu orain artean iraunarazi dioten faktoreetako asko. Hori da behintzat nire irudipena kalera ateratzen naizen bakoitzean, berdin arnasgune koxkor batean zein hiri batean. Zer esanik ez ia edozein eskolatan sartuz gero. Irudipenak alde batera utzita, datuei dagokienez, ba ote dago kontrakoa uste izateko bidea ematen duen daturik?

Izango da iritziko dionik euskarari kalte egiten diona ez dela immigrazioa, ezta globalizazioa ere, kapitalismoa baizik. Ados. Baina gaur egungo kapitalismoaren barruko globalizazioaz eta immigrazio mugimenduez ari gara, eta immigrazioaz aritu behar dugun bakoitzean kapitalismoa aipatu beharra erredundante eta nekagarri gertatzen da. Bestalde, ez dut uste munduan diren gaitz eta kalte guztiak kapitalismoari leporatzea, gizakiok, berez eta izatez, kapitalismoak usteldutako izaki garden eta aratzak bagina bezala, oso estrategia bizkor eta sinesgarria denik.

Errealitatearen —(euskaldunon) natalismoaren beherakadaren eta immigrazioaren gorakadaren— alderdi gordin eta kaltegarrienak diren bezala onartzearekin batera, ondo dago gogoratzea, Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, euskaldun baino lehen gizakiak garela —“gizonak” esan zuen zehazki Mitxelenak, aitor dezagun—, eta ez garela nor, euskararen edo euskaltzaletasunaren izenean, inor ilegala denik esateko, edo inor behartzeko bere gogorik intimoenak eskatzen dion baino ume gehiago ekartzeko mundura, ezta inor, euskalduna delako, gure artean bizitzera ere. Ondo dago gogoratzea, alegia, ez dugula bat egiten eskuinik siniestroenaren diskurtsoekin.

Baina edulkoraziorik gabe, hobe, nik uste.

 

P.D.: Susmoa dut hemen aipatu dudan gaiari buruzko galderak planteatzen dituela Patxo Telleriaren Kandida antzezlanak. Ez dut ikusi, eta agian egilea ez dago inondik ere ados esan ditudanekin, baina argumentuak badu mamia eta gaurkotasuna.


Utzi iruzkina: