Durangoko Azokari begira, Leopoldo, Juan eta Izaskun gogoan
Durangoko Azoka gertu dugun honetan, aurten han izango ez diren hiru lagun etorri zaizkit gogora, hirurekin maiz samar egin nuelako topo Durangoko kultura festan: Leopoldo Zugaza, Juan Rekarte eta Izaskun Ellakuriaga.
Durangoko Azokaren sortzaileetako bat izan zen Leopoldo, kulturaren aldeko langile porrokatua gorputzak horretarako sasoia eta indarra eman zion urte mordoan, eta beti izan zion atxikimendu handia Durangoko Azokari; Juanek ere, Aus Art Records musika zigilu txiki baina heroikoaren sortzaile gisa, urteroko hitzordu ezinbesteko izan zuen, urteetan, Durangokoa; Izaskun, berriz, antolakuntza taldeko Messi moduko bat zen, Landakon gora eta behera: txiki, erne, argi, bizi, bizkor, nekaezin, behar zuenari behar zen moduan berehala eta berriketarik gabe laguntzeko prest beti.
Leopoldo, Juan eta Izaskun gogora ekartzen hasita, uste dut, bakoitzak bere erara, bakoitzak bere ikuspuntutik eta bere indarrarekin, hirurok bat egiten zutela kontu batean: negozio izatetik aparte, entretenimendu eta plazer iturritik harago, sortzaileei luzimendurako aukera ematetik landa, kultura deritzogun horrek herriago, herritarrago eta sustraituago egiten gaituela sinesten zuten, elkar errespetatuz elkarrekin bizitzeko gaituago, hobeto bizitzeko kapazago, horretarako hurkoari kalterik egin beharrik gabe; eta sinistu ez ezik, sinetsarazi egiten zioten hori beraiekin hitz egiten zuenari, solasaldiak irauten zuen bitartean eta ondorengo orduetan, eta baita aurrerago ere, orain, adibidez, niri gertatzen zaidan bezala, haietaz gogoratzean.
Leopoldo, Juan eta Izaskun aipatu ditut, haiekin Durangon izandako harremanak gogoan, eta agian bakanak izan dira hirurak, baina inondik inora ere ez bakarrak. Ziur naiz haien gisako asko izango direla aurten ere Durangoko Azokan, bizirik, azoka bera bezala.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: