Berreskuratzeko moduko hitz bat linboan: “paola”
Nik dakidala Orotariko Esukal Hiztegian baino ez dago jasota, ez baitut beste inon aurkitu, ama zenari askotan entzuten nion euskarazko hitz bat: paola. Ez farola adierazteko, komentario edo baieztapen absurdo, zentzugabe, ergela... adierazteko baizik.
Oritarikoan hau ageri da: «(...) paola. ( G-azp ) . (Sust.). Dicho sin fundamento, sin verosimilitud. Cf. parabola (2). "Charla, en Azcoitia. ¿De parola ?" Garate Cont RIEV 1935, 352. " Antxe zauden danak maixen bueltan jarritte paolan " (G-azp) (...)».
Nik bestelako adibide batzuk jarriko nituzke, asmatuak denak: “Politikari horri paolak baino ez dizkiot entzun azken boladan”. “Isildu hadi behingoz, paolak besterik ez ditun esaten eta”. “Utzi paolak eta esan behingoz zer egin behar dugun”.
Inork gutxik idatzi edo irakurri gabeko hitza den arren, uste dut Azkoitian, behintzat, bizirik dagoela oraindik, hil-hurren bada ere, beste asko bezala, linboan.
Ia segurutzat daukat mailegu trukatua dela. Neuk asmatua da definizo hori, eta agian bada beste modu bat nik mailegu trukatua deitzen diodanari deitzeko, baina ez dut ikasi oraindik.
Ia segurutzat jo daiteke paola hitzaren atzean parabola hitz mailegatua dagoela, honako esanahia duena Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera: “Alegiazko gertaera baten kontakizuna, irakaspen bat gordetzen duenak”. Baina Elizan ikasitako hitza –parabolaz josita baitago Biblia– trukatu egin zuten behiala hiztunek, ironia finez trukatu ere.
Beste mailegu trukatu batzuk ere gogoratu ditzaket, baina horien trukaketa ez da hain nabarmen eta ironikoa. Ez dira erabiltzen, edo ez beti behintzat, maileguan eman diguten hizkuntzan bezala sikiera, akaso, a(l)mortzu... eta beste hainbat hitz, baina paola-ren trukaketak beste indar bat duela irudutzen zait.
Dena den, niri une honetan gogora ez etorri arren, ziur badituela euskarak beste mailegu trukatu aberats askoak, ezagunagoak batzuk beste batzuk baino, eta agian badute filologo adituek “mailegu trukatu” baino definizio hoberik ere.
Dena den eta kontuak kontu, berreskuratzeko moduko hitza da, dudarik gabe, paola.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: