Bernedoko udalekukoaz, helburuez eta bitartekoez

Ergelkaria, Juan Luis Zabala Ergelkaria | 2025-09-30 15:12

Duela 50 urte inguru, Franco hil baino lehentxeago edo geroxeago, ezin dut zehatz esan, Azkoitiko eskola publikoko —nazionaletako— EGBko 7. mailako ikasleok, lehen aldiz, ikasgela mistoetan ikasi genuen. Pare bat hamarkada arte dantza lotua debekatuta egon zen Azkoitian, baina hala ere, nik gogoratzen dudanez behintzat, eskolan neskak eta mutilak nahastu eta bateratzeak ez zuen ezinegon edo aurkakotasun handirik eragin.

Hori ekarri dit gogora Bernedoko udalekuko afera polemikoak. Badakizue: ustez haurrak edo nerabeak elkarrekin eta begiraleekin batera biluzik dutxatzera behartzen (omen) zituzten udalekukoak.

Oroitzapen horretatik tiraka, pentsatu dut agian hogei edo hogeita hamar urte barru, edo agian lehenago, normaltzat joko dela, inori (edo, tira, ia inori) ezinegonik edo aurkakotasunik sentiarazi gabe, dutxa irekietan nornahi nornahiren aurrean edo nornahirekin batera dutxatzea, edozein dela ere bere sexua, generoa edo dena delakoa.

Ez litzateke seinale txarra izango, eta bidezkoa iruditzen zait helburu moduan, duina, utopia irisgarri moduan agian. Baina helburua bidezkoa eta duina izateak ez du ziurtatzen helburu horretarako egiten dena, bitartekoak, halakoak izatea. Uste dut horretan ados gaudela jadanik denok (edo, tira, ia denok).

Bernedoko kasuari dagokionez, helburu moduan neska-mutilak eta begiraleak, denak batera, lasaitasun osoz eta segurtasunez elkarrekin eta elkarren ondoan biluzik dutxatzera iritsi nahi izateak ez du tatxarik, egokia eta duina da, nire ustez.

Besterik da horretarako zer bitarteko erabili diren. Jakinarazi zaie aldez aurretik jakinarazi beharrekoa haur edo nerabeei? Eta haien gurasoei edo tutoreei? Ez dituztela behartu esan dute begiraleek, baina begirale batek udaleku batean haur edo nerabe bati egindako eskaria (guraso batek etxean edo nonahi egindakoa bezalaxe, jakina) ez al da, kasu askotan behintzat, eskatzeko moduaren eta beste inguruabar batzuen arabera, agindua izaten?

Ez dut esan nahi Bernedoko udalekukoa hala izan denik, inork inor inoren aurrean larrugorririk dutxatzera behartu denik. Esaten ari naiz ez dakidala zer neurritan izan zen egin zaien eskaria agindu baten mailakoa udalekuko haur edo nerabe batzuentzat. Nik oso argi daukat: ez dakit, ezin dut ezer ziurtatu.

Baina polemikaren inguruan han eta hemen irakurri eta entzundakoaren arabera, badirudi askok badakitela nik ez dakidan hori. Baina jakite hori ez ote da futbolzaleek zalantzazko penaltiei buruz izan ohi duen jakintzaren antzekoa, hau da, norberaren futbol taldearekiko atxikimenduak (kasu honetan, norberaren pentsamoldeak eta norberaren inguru emozional edo afektiboak), neurri handi batean behintzat, eragina?

Gauza bera gertatu zen Palestinaren aldeko aldarrien testuinguruan asfalto gainera erori zen ziklistaren kasuan. Alde bateko askok argi ikusi zuten Palestina Librearen aldeko ekintzaileak eragin zuela erorketa; beste aldeko askok, aldiz, harengana joateko errepidea gurutzatu zuen poliziari egotzi zioten erantzukizuna. Bat zetozen beti, jakina, ideologia eta ebazpena.

Bernedoko udalekuko aferara itzulita, uste dut ez dagoela ezer esaterik begiraleen helburuen aurka. Hau da, ados egon gaitezke edo ez, baina eskubide osoa dute helburu horren alde lan egiteko. Besterik da horretarako erabilitako bitartekoek zer kalte eragin ahal izan dioten udalekuko haurrei edo nerabeei. Horiei buruzko berriak nahasiegiak dira, nire ustez, iritzi sendo bat izateko.

Ondorio bat atera dut behintzat, edo, zehatzago esateko, lehendik nuen ustea indartu zait: helburuak ez ditu beti bitartekoak justifikatzen, baina askoz errazago justifikatzen ditugu, denok (edo, tira, ia denok), norberaren helburuetarako baliagarri diren bitartekoak.


Utzi iruzkina: