Aurpegi goxoko zentsura?
Iragan ekainaren 20an zentsurari eta sorkuntza literario zein artistikoaren askatasunari buruzko mahai-inguru batean izan nintzen, entzule moduan, Baionan. Egan aldizkariak eta Iker taldeak antolatu zuten, Jon Miranderen jaiotzaren lehen mendeurrenaren aitzakian, eta Mariasun Landa, Miel A. Elustondo eta Josu Martinez entzun genituen gaiari buruz solasean, Katixa Dolare-Zaldunbidek egindako oharrak eta galderak gidari hartuta.
Gaiaren adar askori heldu zioten mahai-inguruko hiru hizlariek, eta ez dut hona han esandakoa ekarriko (Egan aldizkariak jasoko ditu denak, edo ia denak, abenduan argitaratuko duen zenbakian).
Mahai-ingurua amaitu eta entzuleon txanda iritsi zenean, nahi genuena galdetzeko edo komentatzeko parada izan genuenean, ez zitzaidan bururatu esan edo galdetu nezakeen ganorazko ezer. Baina gero pentsatzen egon nintzen ez ote den, zeharkako eta leuna bada ere, askatzaile eta berdintzaile itxurakoa, zentsura mota bat, aurpegi goxoko zentsura, literaturako lehiaketa eta beka batzuen oinarrietan zabaldu den joera bat: genero-ikuspegiaren txertaketaren balorazioa (balorazio osoaren %10 ematen zaio, antza denez, kasurik gehienetan).
Gaindituak uste genituen aspaldiko eztabaidak ekartzen ditu gogora kontuak, literaturaren autonomiari buruzkoak. Ez al genuen ba erabaki literaturak erabateko autonomia behar duela, egileak erabateko askatasuna, literatura (artea oro har) dela gure territorio libre bakarra...
Bada, horrekin batera, bereziki beketan, gero eta gehiago zabaltzen ari den beste joera, nire ustez, are gogaikarriagoa: ipuin, poemario, nobela edo dena delakoaren proiektua aurkezterakoan, hura sustatzeko plana ere prestatu eta aurkezteko eskatzearena, hori ere, genero-ikuspegiaren txertaketa bezala, balorazioan kontuan hartua izateko. Hau da, gaizki ulertu ez badut, baloraziorako puntuak irabaz ditzakezu auto-bonboaren aktibista fin eta bizkorra zarela erakusten baduzu (sare sozialetako influentzerra, booktrailer moloien egilea, indar mediatiko nabarmeneko pertsonaia publikoa...), edo, gutxienez, hori pentsarazten baduzu.
Borreroak bezala, zentsurak ere milaka aurpegi ditu.
Ez dut askorik hitz egin honetaz beste idazle edo artista batzuekin, baina hitz egin dudanean nire desadostasunarekin ados agertu zaizkit, hau da, ez dute egokitzat jo lehiaketa eta beketako balorazioetan genero-ikuspegiaren txertaketa eta sustatze-plana aintzat hartzea.
Jakin nahi nuke idazle eta artista gehiagoren iritzia, batez ere genero-ikuspegiari buruz ni baino gehiago arduratu eta kezkatu direnena, nik baino gehiago pentsatu dutenena, genero-ikuspegiaren inguruko kontuetan ni baino aktiboagoak direnena.
Garai berrietara egokitu ezin den dinosauro astun eta gogaikarria naizela irudituko ote zaie sustapen-planak aurkeztarazi eta baloratzearen aldekoei?
Matxismoak ere milaka aurpegi dituela leporatuko ote didate lehiaketa eta beketako balorazioetan genero-ikuspegiaren txertaketa aintzat hartzearen aldekoek? Nire pribilegioen galera dela benetan kezkatzen nauena, eta ez sormen artistikoaren askatasuna?
Ez dakit. Nik nire orain arteko iritzia eman dut, eta aurrerantzean aldatzeko prest nago, horiek baino argudio eraikitzaileagoen truke.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: