Zertarako balio du Baztanen Erdizaga babesteak?
Baztan. -- Magnesistas de Navarrak ustiapen berri bat egin nahi du aire zabalean, Artesiagako sinklinalean (Baztan). Aukeratutako lekua 70 hektarea baino gehiagoko larrea da (Baztango herri-larrerik haundiena), Kinto Realeko LIC (Komunitateko Toki Garrantzitsu) izendapenaren bitartez babestua dagoena. Paraje ederrak daude bertan, paisaia-multzo interesgarriak eta lehentasuna duten hainbat habitat. Halako enklabeetan onartu daitezkeen erabilera bakarrak zaintzea helburu dutenak izan behar dute, orain arte bezala.
Dudarik gabe, Erdizko harrobia Kinto Realeko LIC-ren kontrako erasoa da, belardiak eta mendialdean bakarrik bizi diren espezieak daudelako, eta inondik inora ere ez lituzkeelako kaltetu edo suntsitu beharko. Nafarroan, ez li-tzateke hain erraz izendatu beharko Komunitateko Toki Garrantzitsua, ez badago gaitasun edo borondaterik babesatutakoa mantentzeko.
Harrobia zeru zabalean eraiki nahi da, eta ingurua erabat suntsitua geldituko da eginen diren lur mugimenduen eta desagertaraziko diren landare eta animalien ondorioz. Inguruko tokietan ere kalteak eraginen ditu, zaratak, kutsadura, osasunarentzako kaltea, larre eta erakargarri turistikoa galduko dira… Ustiapena bere bukaerara ailegatzen denean, ezinezkoa izanen da ingurumena salbatzea eta hori da gure ondorengoek jasoko dutena; hondatutako eta suntsitutako paisaia. Azken batean… kostu ekologiko eta soziala berreskuratuezina izanen da ballearentzat eta etekina Magna enpresaren-tzat… negozio txarra.
Komunitateko Toki Garrantzitsua izendatua den inguru batean nola eraikiko da suntsituko duen harrobi bat? Ingurumen-inpaktuaren inguruan egiten diren azterketa guztiak proiektu suntsitzaileekin bateragarriak izaten dira gehienetan, zergatik?
Baztan Balleak ondare eta ingurumen paisajistikoa, herritarren mantentze ekonomiko eta sozialarekin bateratu beharko luke. Hori egin daiteke, eta ingurumen aldetik jasangarria da. Hainbat arrazoi tarteko, 2007ra degradaziorik egin gabe ailegatu gara, Gipuzkoan ez bezala, eta horrek ballean onartu beharko ez litzatekeenaren eredu izan beharko luke.
Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailari, Baztango Udalari eta baztandar guztiei dei egiten diegu paraje hau suntsitzen utzi ez dezaten. Batzuetan, aski da erran behar da eta bizi kalitatea mantendu, eskaintza ekonomiko tentagarriei ezetz erranez. Gauz batzuk ez dute preziorik eta horixe da Erdizagako inguruaren kasua. «Hazkundea» deitzen dioten horri EZETZ errateko garaia da, NBEk egindako azken txostenak dioen bezala, gure planeta mugan dagoelako.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: