maniFESTAzioa, komunikatua

erdizbizirik 1456132298856 ERDIZ BIZIRIK !! | 2007-11-11 13:23

Zazpi hilabete eta erdi pasatu dira toki honetan berean ERDIZ BIZIRIK oihukatzera bildu ginenetik. Bilkura hunkigarria izan zen hura. Orduan, gaur bezala, ehunka baztandar helburu bakarrarekin elkarturik: gure lurra babestea. Manifestazioaren arrakasta ikusirik, batzuk harritu egin ziren. Ez gara baztandarrak horrelakoetara usatuak. Baina, bazkaleku bikain hau suntsitu nahian dabiltzalarik, nola etxean gelditu? Gure mendialderik ederrena arrisku gorrian delarik, nola isilik egon? Nola ez defenditu gure eta gure seme-alaben ondarea?

 

          Baztanen ardura handiko erabaki bat hartu behar da. Hortarako Herri galdeketa nahi dugu. Hara zer gauza xinplea eta ederra!

 

          Erreferenduma egiteak, baztandar guztiek, afera honi buruz erabakiko dugula erran nahi du. Baztandarrek edukiko dugula harrobiari buruzko azken hitza. Ez da gutiagorako!  Harrobia Baztango herri-lurretan eginen baita, DENENAK DIREN LURRETAN

 

          Harrobia egin nahi duen enpresari lurpean dagoen gaia baino ez zaio interesatzen. Gainerako guziak, bazkalekua, errekak, oihana, baserritarrak, hemen bildurik gaudenak, trabak baino ez gara. Saihestu beharreko trabak. Traba egiten dugu Erdizaga gurea delako. Nekazari izan edo ez,  paraje hori maite dugulako. Badakigulako, inoren azalpenik gabe, toki paregabe eta balio haundikoa dela. Eta, traba egiten baitugu, gure izen ona zikintzen saiatzen dira. Eskumakil prestuek dauzkate horretarako.

 

          Erdizagako harrobia “ Aldude mendiko” ZECaren kontrako eraso bortitza izanen litzake: lehentasunezko habitatak betiko suntsituak, mendiko nekazaritza egurtua, Erdizaga errekako ura kutsatua, Urtzelgo erreka xehatua, Erregerenako pagadi zoragarria zazpi kilometroan urratua, paisaia xarmantak itxuragabetuak…Beraz dei egiten diogu Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailari, leku honen balio naturalak defenditzeko daukan konpromisoa bete dezan eta harrobiaren proiektuari ezezko garbia eman diezaion.

 

          Baina pilota bertze teilatu batean ere dago. Afera honek aitzinet segitzen badu Baztango Udalera ailegatuko zaigu eta orduan  hemen erabaki bat hartu beharko da. Gure herrietako 5 alkatek Erreferenduma deitzeko hartu duten erabakiarekin, afera hau goxoki eta modu garbian konpontzeko bidea edeki digute. Bide honek erran nahi du, Baztandar guztien artean erabakiko dugula. Egun bat finkatuko dugula eta egun horretan, denek,  harrobiaren aldeko edo kontrako botoa ematen ahalko dugula. Hau, legeak agintzen duen bezala, informazio kanpaina baten ondotik burutuko  da.

 

          Baina doike, denek ez dute uste bera. Iduriz, Baztango agintari eta buruzagiek, herriaren gainetik daudela uste dute. Azkeneko Junta Jenerala horren erakusgarria da; eguneko gaien zerrendan heldu ez zen hondar momentuko proposamena nolanahi ere bozkatuaraziz, afera Iruñekoen erabakiaren eskuetan uzteko!!

          Zer gertatzen da hemen? Baztango erabakiak Iruñen hartu behar badira zertarako junta jenerala eta udaletxea? Zeren beldur dira?

 

          Aspertuak gaude beldurraren aitzakia aditzeaz: ezetz erranez geroz MAGNAk errekurrituko duela, Nafarroako Gobernuak harrobia inposatuko duela…Honezkero bada ordu, Baztango Balleko Etxean ilusio eta ausardiaren hazia ernatu dadin. Ilusioa Erdizagaren alde lan egiteko. Ausardia baztandarren nahia nonahi eta nornahiren aitzinean defenditzeko.

 

          Jakin, badakigu bide luze eta zaila izanen dela. Eta bide honetanErdiz maite dugun guzien eginahala beharrezkoa izanen da. Lan egin dezagun bada elkarrekin: zintzoki eta azpijokorik gabe. Ilusioz eta ausardiaz.

 

ERDIZ GUZTIENA DELAKO

KONPONBIDE HOBERENA DELAKO

DENEN ARTEAN ERABAKI DEZAGUN

ERDIZ ERREFERENDUMA

ERREFERENDUMIK GABE ERABAKIRIK EZ

 


Utzi iruzkina: