Erdizen harrobia egiteko proiektua bertan behera utzi du Magnak

erdizbizirik 1456132298856 ERDIZ BIZIRIK !! | 2008-01-30 10:45

asier azpilikueta

Iruñea

Magnak amore eman du. Magnesitas Navarras (Magna) enpresak atzo iragarri zuen Baztango Erdizaga mendian egin nahi zuten harrobiaren proiektua bertan behera utzi dutela, «Baztango Udalaren aldetik erabakirik egon ez delako». Magnako agintariek prentsaurrekoa eman zuten, atzo, Iruñean, eta Dominique Bamas administrazio kontseiluko lehendakariak erran zuen baztandarrek ez dutela «erabaki egokia hartu».

Gertaturikoa «oso larria» da, Bamasen aburuz. «Galdutako aukera izan da; porrota. 1,5 milioi euro gastatu ditugu proiektu honetan, jende asko sartu dugu tartean, ahal izan dugun guztia egin dugu, baina, azkenean, ez gara ailegatu inora».

2000. URTETIK. Magna 1945ean hasi zen Nafarroan lanean. Eugitik gertu dagoen harrobi batean ateratzen dute magnesita eta Zubiri herrian dagoen lantegian lantzen dute. Haien datuen arabera, egun, 150 langile dituzte, eta 35 milioi euroko negozio bolumena dute -horien %70 esportazioen bidez lortzen dute-.

Eugiko harrobia, baina, zazpi edo zortzi urte barru agortuko da. Eta, horregatik, duela zenbait urte, bertze harrobi bat egiteko tokiak bilatzen hasi ziren. Baztango Erdiz mendian, Kintoa ondoan, aurkitu zuten 15-20 urterako harrobia izan zitekeen lekua.

2000. urtean hasi ziren beharrezko baimenak eskatzen eta beharrezko ikerketak egiten. 2007ko otsailean aurkeztu zuten harrobiaren proiektua. Eta orduan mamitu zen haren aurkako mugimendua, Baztanen. Inguruak duen ingurumen balioa eta abereen bazkalekua izatea izan dira baliatu dituzten argudio nagusiak.

Ika-mika handia sortu da Baztanen Erdizko harrobiaren kontura, eta Baztango Udalak ez duenez hartu horri buruzko erabaki finkorik, Magnak amore eman du, azkenean, atzo esplikatu zutenez.

«Bertze harrobi bat bilatuko dugu, munduan barna», erran zuen Bamasek. «Harrobirik gabe ez baitago etorkizunik». Bamasek iradoki zuen Zubiriko lantegiko 150 lanpostuak arriskuan daudela. «Harrobia Espainian aurkitzen badugu, litekeena da Zubirikoari eustea. Baina Txinan aurkitzen badugu, ez dakit zer gertatuko den. Pena da».

Magnak Nafarroako Gobernuarekin hitz eginen du, «luze gabe konponbideak aurkitze aldera». Bamasen hitzetan, badira Nafarroan, «bertze meategi txiki batzuk, kalitate txikiagokoak, pare bat urterako konponbidea ekar dezaketenak». Erroibarko Zilbetin egon daiteke horietako bat.

«ULERTEZINA». Magnesitaren aldeko adierazpenak egin zituen Bamasek, atzo: nola gauza askotarako balio duen, nola Europak bere lehengaiak ustiatu behar dituen, eta nola Nafarroan erauzten den magnesitak mundu osoan ospea duen. «Ez dugu ulertzen nola utzi duten aukera hau pasatzen», adierazi zuen. «Material aberatsa baitugu Nafarroan. Talde ekonomiko fidagarria dago hemen, hori egiteko prest, eta egiten badakigu».

Bamasek erran zuen ezin zuela erran Baztanera «sekula itzuliko ez direnik», baina gaineratu zuen Erdizko proiektuan ez zutela «minutu bat gehiago, euro bat gehiago, izerdi tanta bat gehiago» gastatuko. «Bertze kontu batera pasatzeko garaia ailegatu da».

Baztango kultur eta kirol taldeak finantzatzeari utziko ote dioten galdetuta, Bamasek erantzun zuen Baztango bizitzan parte hartu nahi zutela, eta orain bizitza horretatik kanpo gelditu direnez, «logikoa» dela pentsatzea ez dutela talde horietan hainbertze diru gastatuko. Azkenik, harrobiari buruz Baztanen egin nahi duten herri galdeketaz, Bamasek erran zuen hobe dutela baztandarrek dirua eta denbora «bertze zerbaitetan gastatzea».

 

ZenBaKIa

1,5

Inbertsioa. Magna enpresak dio Erdiz mendian harrobia egiteko proiektuan 1,5 milioi euro gastatu dituela orain arte. «Prospekzioetan, bertze aukeren inguruko ikerketetan, ikerketa teknikoetan eta ingurumen ikerketetan, bideragarritasun ikerketetan, burutze proiektuetan eta errepideen hasierako proiektuan» gastatu omen dute dirua.



berri osoa hemen : http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=harian&data=2008-01-30&orria=014&kont=007


Utzi iruzkina: