ERDIZ ERREFERENDUMA !!, joku zikinik ez
Berripaper honekin, Erdizeko aferaren inguruan gertatzen ari direnak kontatu eta salatu nahi ditugu; bereziki, Erdizekoa Iruñean erabakitzeko udaletxearen jokamodu lotsamangarria, eta Diario de Notiasen ildo manipulatzailea.
1. Alkatearekin izandako bilguran, alkate andreak, garbi erran zigun urriaren 1eko Batzar Nagusian ez zela Erdizi buruzko ja solastu eta erabakiko. Baina batzar honen bezperan, Magnaren idatzi bati buruz mintzatuko zirela jakin genuen, harrobi proiektua aitzinerat eramateko baimena eskatzen duen idatziari buruz. Harrigarriena eta lotsagarriena, Magnak bere idatzia, udaletxean, uztailaren 18an sartu zuela da!! Alkate andreak gezurra erran zigula SALATU nahi dugu, berak emaniko hitza jan zuela, eta gainera, Magnaren proposamena ixilpean aurkeztu zuela, horrela, eztabaida soziala eta herritarren iritzia sahiesteko
2. Ixiltasun, gezur eta zikinkeri testuinguru horretan, urriaren 1eko Batzar Nagusira joateko erabakia hartu genuen. Magnaren idatziaren berri eman ondotik, alkate andreak NaBai-ren proposamenaren berri eman eta bozketara aurkeztu nahi du. Proposamen hau ez da eguneko gai ordenean heldu; edozein modutara, idatzian, funtsean, Erdizeko afera Iruñean erabakitzeko erraten da, eta erabakia zuritzeko, proiektuari alegazio modura aurkeztuko zaion herritarren partehartze prozesua erantsi. Modu horretan, baztandarrei hitza lapurtu eta afera Iruñean erabakitzeko eginiko saioa SALATU nahi dugu.
3. Batzar Nagusian egiten ari ziren jokaldiaren aitzinean, eztabaida akitu ondotik, alkatea bere proposamena onartzeko itsututa zegoela ikusita; eta zernahi gauzaren gainetik, momentu horretan, herrietako batzarrak ere kontsultatu gabe, bozkatu nahi zuela ikusita, alkate jurado zenbait Batzarretik lekutu ziren, eta gu, aldi berean, ERDIZ BIZIRIK ohiukatzen hasi ginen, tranpaz betetako plenoa behingoagatik geldiarazteko. Ez da gutiagorako, alkate juradoen proposamen alternatiboak ez tratatzera ailegatu baitziren. Ikusitakoak ikusita, alkate-andrearen autoritarismoa eta herria hitzik gabe uzteko eginahala SALATU nahi ditugu.
4. Biharamunean, Batzarra suspenditu ondotik, komunikabide desberdinak gertatutakoaren berria emanen dute, baina horietako zenbaitek (Diario de Noticias eta Diario de Navarra) ez dute egia erranen. Harrigarriena, komunikabide horietako kazetariak, ez zirela Batzarran egon da, pentsa! Tokian egon gabe emaniko berria... Betiere, Diario de Noticiasi buruz, afera honetan edukitako jokamodu manipulatzailearen bertze keinua baizik ez da: gure idatzi eta komunikatuen zentsura, martxoko manifestazioaren aitzineko hilabeteetan abiatutako kanpaina...
5. Erdizi buruzko gure PROPOSAMENA garbia da: afera baztanen ERABAKITZEA nahi dugu, baztandar guztien artean ERREFERENDUM bidez, eta ez Iruñean. Baztandarrok eskubidea dugu, zuzenean ukitzen gaituen holako proiektu garrantzitsuan, denen artean erabakitzeko. Ariketa demokratikoa da, bakoitzak bere ustearen arabera bozkatuko du, baina denek jakinen dugu noiz, non eta nola erabakitzen ari den. Ez dugu miraririk eskatzen, Leitzarrek beren denboran, iduriko afera bati buruz egin zuten gauza bera, bertzerik ez da. Ez dezatela herritarren hitza lapurtu!! Gainera, afera hau ez bada Baztanen erabakitzen, zein da gure tokiko erakundeen izateko arrazoia?
ERDIZ BIZIRIK!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: