ELkarrizketa GARA-n
«Baztanen ez da orain arte izan Erdizen aldeko mugimendua bezalakorik»
Mikel Sobrino eta Jon Elizetxe
Erdiz Bizirik plataformako kideak
Baztango Erdiz mendian harrobi-mehatzea irekitzeko asmoa ezagutu zutenean, bailaran garrantzitsua den inguru hori defendatzeko mugimendua sortu zen. Pentsamolde ezberdineko jendea bildu zen Erdiz Bizirik plataforman. Harrobiaren kontra martxoan eta joan den astean baztandarrek erreferenduma aldarrikatuz egindako manifestazioek arrakasta handia izan dute.
Jasone MITXELTORENA |
Magnesitas de Navarra-Magna enpresaren egitasmoa ez da gehiegi ezagutarazi Baztanen. Gordeka edo erdi isilpean aitzinera eginen zuela pentsatuta, Erdiz Bizirik plataformak informazioa eskatu eta zabaldu nahi izan du, baztandarrek bailara osoari eraginen dion egitasmoaren berri izateko eskubidea zutela uste baitute. Aurten bi mobilizazio antolatu dituzte. Martxoan bi mila lagunek, aziendek lagunduta, harrobiari gaitzespena erakutsi zioten. Pasa den larunbatean berriz, egitasmoaren inguruko erabakia baztandarren esku izatea eskatu zen, eta horretarako erreferenduma aldarrikatu.
Joan den larunbateko manifestazioan nabarmendu zenutenez, Baztanen lehenago ez zen Magnesitaren kontrakoa bezalako mobilizaziorik ikusi, nahiz eta antzeko egitasmoak izan diren. Zerk mugiarazi du jendea?
Mikel SOBRINO: Baztandarren berezko izaerari dagokio kalera ateratzea kostatzea. Lehenago ere izan dira mugimenduak, ikastolaren eta euskararen alde, baina Erdizen aldekoa bezalakorik sekula ere ez. Gaia larria da: Multinazional bat agertu da interes propioengatik Baztango aberastasuna hanka azpitik pasa nahian.
Jon ELIZETXE: Manifestazioaren arrakasta nekazariak eta ekologistak elkartzea izan da. Baztango bazkalekurik handiena dago arriskuan eta nekazariak larri daude; ekologikoki ere garrantzi handiko tokia da Erdiz. Alduideko Inguru Berezien Babeserako izendapena du bertan dauden habitat bereziak zaintzeko.
Erdiz Bizirik plataforma nortzuek osatzen duzue?
M.S: Plataformaren aurpegia gainerako mugimenduetan ibili den jendea izan da, baina lehenago behin ere mugitu ez direnak ere bildu dira.
J.E: Saiatu dira, hainbat komunikabide adibidez, plataforma sektore politiko bakarrarekin lotzen, erradikala dela eta egitasmoari «ezezkoa ezetzarengatik» ematen zaiola adieraziz. Gisa horretan kamuflatu nahi izan dute sortu den mugimendua.
M.S: Sektore anitzetako jendea bildu zen manifestazioan: Nekazariak, ekologistak, UPN, Aralar, EA eta ezker abertzaleko jendea, sindikalistak... Baztango nekazariak manifestatzea pentsaezina zen, eta joan den larunbatean harro eta indarrez atera ziren aziendekin, erakutsi nahi zuten hori hor zegoela. Bi buelta eman zizkioten herriari aziendekin!
Enpresa handien egitasmoetan informazio eza salatu ohi da. Nolakoa izan da zuen kasua?
M.S: Baztango Udala saiatu da gauzak azpitik egiten, gu agertu arte. Gure eginkizuna Udalak bete behar luke; jendea informatuz eta baztandarrei hitza emanez.
Magnesita enpresa, berriz, multinazional bihurtu zenean, Frantziako gerente dotore bat hartu zuen, baina Baztanen kokatzea erabaki zuenean, gerentea aldatu egin zuen, eta Etxarri Aranazko bat aukeratu, itxuraz `naturalagoa', hemengo jendearekin harremanetan aritzeko.
J.E: Dirua barra-barra eskaini dute, eta jendea erosten saiatu dira. Udalarekin berriz, isilpeko bilkuretan ibili dira.
Udalaren jarreraz zer diozue?
Magnesitaren txostenarekin alderatzeko Udalak INGEAN taldeari eskatu zion ikerketa egiteko. Teknikari hori EHNE sindikatuari Magnesitaren proposamena azaltzera joan zen; Ikerketa izan behar zuenak enpresak egindako proposamenaren zabaltzea izan zen azkenean.
Proposamen horretan Magnak bazkaleku berri bat sortzea eskaintzen zuen: Egungo bazkalekuaren 100 hektarea harrobiarentzat erabiliz gero, 200 hektarea enpresak espresuki bazkale- kutzat uztea eskaintzen zuen. Azienden edalekuak eraikitzea ere eskaintzen zuen. Nekazariek lur komunalak erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanonak ere beren gain hartuko zituen.
Baztandarrek indartsu defendatua eta Magna ere arduraturik nekazariei alternatiba eskaintzen... Hainbertzeko ga- rrantzia al du Erdizek?
M.S: Erdiz parajeko belarra berezia da, eta bazkaleku gisa ezaugarri garrantzitsuak ditu. Erabilia izan delako ongi mantendu da. Gogoratu beharra dago, 1996an paraje horretan haize-erroten parke bat jartzeko egitasmoa atzera bota zuela Nafarroako Ingurumen Sailak. Nola daiteke babestu beharreko ingurua delako parke eolikoari ezetza emanik, harrobi-meatze bat leku berean egitea pentsatzea?
J.E: Badakigu Magna enpresa Ingurumen Sailarekin elkarlanean dabilela. Ez da izanen baimena lortzeko, baina handik erranen diote egitasmoa nola gauzatu behar duen Ingurumen Sailak onar dezan. Hau da, irakasleak etxerako lanak egiten laguntzen dio ikasleari gero lana agertzean, hau zuzena eta akatsik gabea izateko.
Urrian, azken Batzar Nagusian, proposamen bat aurkeztu zuen NaBai-k eta orain herri-kontsulta egiteko asmoa agertu du.
Magnak egitasmoa aurkeztean, baztandarren iritzia alegazio gisa agertzea da NaBai-ren proposamena. Baina horrela, Nafarroako Gobernuak erabakiko du helegite horiei kasu egitea edo ez. Gure ustez, pilota kanpora botatzea da, eskuak garbitzea. Baztango aferak baztandarrek erabaki behar dituztela uste dugu, eta Udala da hori bermatu behar duena. Erabakiak Iruñean hartzea uztekotan, Udala disolbatzea eskatzen dugu; ez du bere funtzioa betetzen.
Orain diote proposamena aldatu eta adostasuna bilatzen dutela. Baina orain arte egindakoa ikusita, konfiantza galdua dugu. Erreferenduma saihesten du; ez badu egitea nahi, atzean zerbait badela pentsarazi eta mesfidantza sortzen digu.
Erreferenduma egitea erabaki zen; hori da manifestazioan aldarrikatu zena. Zergatik?
Gure ustez hori da bide zuzenena eta garbiena. Udaletik beren proposamena zuzenena dela diote, guk bultzatzen dugun erreferenduma ez dela aski, informaziorik eman gabe galdeketa hutsera mugatzen dela ulertzera ematen dute. Hori ez da hala; Nafarroako legean erreferenduma ongi arautua dago, informazio kanpaina eta guzi.
Ez dugu ulertzen Udalak zergatik ez duen erreferenduma bultzatzen, zeri dion beldurra. Gure ustez Udalak denekin ongi gelditzeko tarteko zerbait egin nahi du. Magnako geren- teak aitortu zigunez, idatzirik ez badago ere ahoz hitzartuta daude Udalarekin: «Harreman ona» eta «gauzak ongi egiteko gogoa» omen dituzte biek.
Ausardia eskatzen diogu Udalari. Orain arte gauzak gaizki egin badira ere, berandu ez dela eta erreferenduma onar dezala. NaBai-ren barrenean jendea harrobiaren kontra agertu da. Hauteskundeen aitzinetik erreferenduma bultzatuko zutela adierazi zuten NaBai-tik; jendea haserrea dago orain hitza jaten ari direlako.
Duela hiruzpalau urte, Leitzan erreferenduma bultzatu zuen Udalak. Leitzarrek ezezkoa eman zioten ofita ateratzeko herriko lurretan harrobi-meatzea egiteari, eta Nafarroako Gobernuak erabaki hori errespetatu zuen.
Laster Batzar Nagusia bereziki deitua izanen da gaiaren inguruan erabaki bat hartzeko...
Prozesuak parte-hartzailea izan behar du. Magnaren egitasmoa ezagutzera eman eta ikerketa independenteekin alderatu behar da. Ondotik denen artean mintzatu eta erreferenduma burutu behar da. Prozesu osoa eman gabe, herritarrei beren nahia adierazten utzi gabe, eta beraz, nahi hori jakin gabe, Batzar Nagusiak ezin du herritarren izenean inolako erabakirik hartu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: