EHNE-Nafarroak gaitzesten du Magna enpresak Erdizen ustiatu nahi duen meategi irekiaren proiektua

erdizbizirik 1456132298856 ERDIZ BIZIRIK !! | 2007-03-21 11:59

EHNE-Nafarroak gaitzesten du Magna enpresak Erdizen ustiatu nahi duen meategi irekiaren proiektua

 

Nekazari sindikatu honek Erdiz Bizirik Plataformak antolaturiko manifestazioarekin bat egiten du

 

2003ko irailan egin zuen bezala, EHNE-Nafarroa sindikatuak joan den otsailaren 16an Baztango Udalarekin izandako bileran, Magnesitas Navarrasek Erdizen egin nahi duen meategi irekiari buruzko kontrako jarrera erakutsi zuen.

 

Tamalez Baztango Udalak ez zuen bere garaian Baztango Batzar Orokorrak hartutako erabakia baliogabetzen zuen 2005eko Administrazioarekiko-auzibidearen epaiaren aurrean inolako erantzunik eman.  Udaleko Gobernu komisioak bereganatu zezakeen Batzar Orokorraren erabakia eta zundaketa berririk egiten ez utzi.

 

Arestian aipatutako bileran INGEAN Ingenieria Geominera Andaluza S.L. enpresako kide bat zegoen.  Ondorengo egun batean, bere e-mail bat hartu du sindikatuak, nekazal erakunde honen ikuspuntua Magnari helarazi diola esanez.  Geroni dagokigu gure ikuspuntua helaraztea eta egoki iruditzen zaizkigun alegazioak aurkeztuko ditugu bere garaia iristean.

 

Bilera hartan meategi horrekiko gure kontrako iritzia berretsi genuen gure kide baserritarren alde lan egiten dugulako.  Horrelako bazka lekuak behar dituen abeltzaintza estentsiboaren alde lan egiten duen sindikatua gara, ingurumena zaintzen duen iharduera delako, modu iraunkorrean kudeatzen duelako lurraldea, bertako etxabere arrazak mantentzen dituelako (latxa, behi pirenaikoa, pottoka,...), gizartearentzat kalitatezko elikagaiak ekoizten dituelako eta mendialderdia jendez hustea ekidin eta herri txikiak bizirik mantentzea lortzen duelako.

 

Lan postuen aitzakia izaten da maiz horrelako proiektuak baimentzeko erabiltzen den argudio nagusia.  Baztanen nekazaritzan 600 bat baserri ari dira, eta jakina da herri administrazioek sektore hau aktiboki laguntzeko moduak badituela.  Sektore honek meatzaritzak baino aunitzez ere lan postu gehiago betetzen ditu eta baliabide naturalen erabilpen eta kudeaketa hobea egiten du.  Gainera nekazalgoan gero eta zeharkako lanpostu gehiago sortzen ari dira (albaitaritzan, kooperatibetan, gasnategietan, hiltegietan, nekazaritzako elikagaien industrietan, aholkularitza bulegoetan, bankuetan, ingenieritzetan,...)

 

Gogoratzeko modukoa da ere 2010 arte indarrean dagoen 2002an egindako Baztango Estrategi Planaren lerro nagusiak zein diren:

ü             Nekazal dibertsifikazioa eta balio erantsia ematea.

ü             Turismoaren garapen iraunkorra.

ü             Enpresen bultzatzea eta giza kapitalizazioa.

ü             Azpiegituren hobetzea eta lurralde eredua indartzea.

ü             Ingurumenaren mantentzea eta berbalorizatzea.

 

EHNE-Nafarroarentzat kezkagarria da, batezere haranetan eta herri inguruetan ematen den nekazal lurren galera.  Oraingo honetan bailarako bazkaleku garrantzitsuenetariko bat galtzeko arriskua da, kontutan edukiz hartzen duen azalera, bazken kalitatea eta kulturalki duen garrantzia.

 

Abeltzaitza estentsiborako hain garrantzitsua den bazkalekuaren suntsitzeak zenbait baserriren jarraipena kolokan jartzen du, horrek dakarren ondorio sozioekonomikoekin.  Denbora mugatu batez sortuko omen diren lanpostuak Nafarroako Gobernuari berari Zainketa Bereziko Eremu (ZBE) bezala izendatzea bide eman dion abeltzainen lanpostuak baino garrantzitsuagoak al dira?

 

Ulergaitza da nekazarientzat, GKT (Garrantzi Komunitarioko Toki) baten barnean egoteagatik bere iharduera mugatua egotea, eta aldiz, Magna bezalako multinazional batek ZBE barnean, meategi bat irekitzeko ahalmena izatea, betiko eremu zabal hori ondatuz eta inguruko abelburu eta  piztiengan aztorapena sortuz, horri zarata-kutsadura, ur eta iturrien kutsadura, lur azpiko uren desbideraketa eta hautsen ondorioz lurraren eta landaretzaren kutsadura gehitu behar zaio, dena haizearen, fauna eta floraren oreka hauskorraren, eragin bisualaren, ireki beharreko bide zati berriaren, leherketek eragindako dardaren, kamioi trafikoaren eta abarren baitan, bertan alatzen diren abelburuei ere eragiten dieten elementuak guztiak ere, stressa, ekoizpen galera, hilortzeak, istripuetarako arriskua, heritasunak,...   EHNEk berdintasunaren printzipioa aplikatzea eskatzen du, ZBE baten zaintzaren inguruan ardura edo betebeharrei dagokionean, eta pentsatzen dugu gure arbasoengandik hartutako Naturako Baliabideak zentzuz  zaindu eta modu iraunkorrean ustiatuak izan behar dutela hurrengo belaunaldiek, gaur egungo gizarteak bezala, gozatu eta probetxa ahal ditzaten.

 

GKT baten azalera mugatzerakoan ez zaio bakarrik animali edo landare babestu jakin bat bertan aurkitzeari bakarrik begiratzen, baizik eta bertan bizitzeko baldintza onak izan ditzazken edo ez.  Magnesita meategia egin beharra den bazka leku mesofitiko azidofilo montano hau, lehentasunezko habitat gisa katalogatua dago, hau da, 92/43/CEE Direktibak erraten duenez, Europar Batasunean zaindu beharreko tokia da desagertzeko arriskuan dagoelakoz.

 

Azkenik EHNE-Nafarroa sindikatuak Erdiz Bizirik taldeak martxoaren 24ean, arratsaldeko 16:00etan antolaturiko manifestazioarekin bat egiten duela adierazi nahi du.

 

Elizondo, 2007ko martxoaren 21


Utzi iruzkina: