BAZTANGO EZKER ABERTZALEA ren OHARRA ERDIZI BURUZ

erdizbizirik 1456132298856 ERDIZ BIZIRIK !! | 2007-03-11 17:25

Erdizaga mendian magnesita meategi bat ustiatzeko Magna Enpresak aurkeztu duen proiektuak, baztandar jendartearengan eragin eta kezka handia sorrarazi du.  Magnak azaldutako makro proiektuaren haritik, Baztango Ezker Abertzaleak horri buruzko bere jarrera publiko egin nahi du.                        

Gure jarrera azaldu aurretik, gai honi buruzko zenbait gogoeta egin nahi ditugu.

Erdizaga, herri-lurretan kokaturiko bazkalekua dena, abeltzaintzaren erabilerarako, oihanaren aberastasunerako eta basafauna eta landaretzarendako garrantzitsua da.  Aldudeko GKTan kokaturik dago. Gainera Zainketa Bereziko Eremu batean dago (ZBE), eta beraz edozein motatako meatze ustiategi egiteko aukeratik at.

Baztan barruan, bazkaleku gisa baliatzeko bailarako ordenantzen bitartez arautua den leku bakanetariko bat da; baserritarrek urtez urte zorrotz zaintzen dute bazkalekuon beharra dutelakoz. Ordenantza hauek bazka hauen ustiapenaren eta zaindu beharreko animali eta landaretza espezien arteko oreka mantentzea bilatzen dute, baita lekuan bizi diren hegaztiena ere.  Guzti honengatik, lehendik ere nahikoa zailtasun dituen bailara honetako abeltzaintzarako, bere biziko garrantzia duen lekutzat hartzen dugu.

Horren ustiakuntzara emanak diren enpresen erakarle garrantzitsu bihurtzen dira bailarako edoizen lekutan dauden lurrazpiko aberastasunak.  Ekoizkinaren baliagarritasuna eta sortzen diren lanpostuak argumentu gisa erabiltzen dira, kasik ukaezinak, jarrera bat hartzeko orduan. Baina, lehentasunezkoa iruditzen zaigu ondarea mantentzea (behin hondatuz gero, berreskura ezina eta kalte konponezina), baita ekosistemaren oreka mantentzea ere (atzera bueltik gabea hau ere).  Zalantzan jartzen dugu, autoritateak (Udalak) Enpresa pribatu bati horrelako ondarea saltzeko duen zilegitasuna.  Lan postuen sorrera gaurko ogia, biharko gosea da, Erdiz bezalako mendi baten ingurumenarentzat aberrazio bat izateaz aparte.

Baztan Bailarako Batzar Orokorrak, Erdizagan zundaketak egiteko baimaneri ezezkoa eman zion.  Magnak erabaki honi helegitea jarri, eta Administrazio Auzitegiak Maganren alde egin zuen.  Auzitegiak, Batzar Orokorra herri-lurren inguruko edozein aferei buruzko erabakia hartzeko gai dela aintzatetsi arren, meategi ustiakuntzei buruzko erabakia deusezten dio, Ordenantzetan arlo hau ez arautua izateagatik.  Udalak epaia bere horretan utzi zuen, hutsartea betetzeko Batzar Orokorraren erabakia babestu eta bere egiteko ordez.  Jokabide honekin ez zaio batere mesederik egin Batzar Orokorraren eskumenei eta juntakideei.

Guzti honengatik, eta alde onak eta txarrak kontutan hartuz, Baztango Ezker Abertzaleko jarrera zalantzarik gabe, Erdizagako meatze ustiakuntzaren aurkakoa da.

Gai honen inguruko informazio guztia zabaltzearen alde egiten dugu, iritzi ezberdin guztiak agertzeko eztabaida foroa ireki, eta azkenik erabakia baztandar guztiongain erori dadin.

  BAZTANGO EZKER ABERTZALEA

 

Oharra. Martxoaren 24ean, Elizondon, arratsaldeko 16:00etako manifestazioarekin bat egiten dugu.                                                  

Elizondo, 2007ko martxoaren 6a

 

 


Utzi iruzkina: