AMAIUR, ARIZKUN, IRURITA, ORONOZ ETA BERROETAKO ZINPEKO ALKATEAK BAZTANGO UDALEKO GOBERNU BATZORDEARI
Gan den astean, Baztango Udaleko Gobernu
Batzordeak argitara emandako prentsa oharraren aitzinean zenbait aipamen egin
behar dugu, uste dugulako bi gai arras diferente nahasi dituzuela eta
informazioaren eta hizkuntzaren manipulazio hutsa dela.
1. Garbi gera daiela Erdizeko harrobi-mehategiari buruzko herri-kontsulta
Baztango bost herritako alkatek eskatu dugula, eta ez talde politiko batek.
Honen alde ez dago EAE-ANV bakarrik, baita guttienez bertze 954 baztandarrak
ere, seguruenik NaBai eta UPNren aldekoak barne. Gu ez gara politikoak eta ez
dugu joko politikoan sartu nahi. EAE-ANV eta NaBairen arteko tirabiretan gu ez
sartu.
2. Herri-kontsulta “a la española o a la baztandarra” aipatzen duzuen hori
ergelkeria hutsa da. Ongi dakizuen bezala, gaur egun Baztanen ez dago
herri-kontsulta bat nola egin behar den erraten duen legerik. Horregatik guk
kontsulta hori arautzen duen Foru Legea aukeratu dugu, Nafarroako Parlamentuak
onetsia. Zer diote Baztango ordenantzek honen inguruan? Ordenantzek akaso
erraten dute informazio kanpaina eman behar dela eta nola eman behar den?
Bitartekariak egon behar direla aipatzen al dute?
Baimena Madrilen eman behar dute, jakina, baina ez dugu ulertzen zertaz ematen
diozuen honi hainbertze buelta, NaBairen ordezkariek Madrilgo Parlamentuan
parte hartzen baitute.
3. Guk hautatutako bidea demokratikoa ez dela errateak ezjakintasuna adierazten
du. Guk ez diogu inori informazioa ukatzen. Baina nahiago dugu Foru Legea
aplikatzea enpresa pribatu baten eskuetan uztea baino (baztandarra ote da
enpresa hori??). Objektibotasuna, inpartzialtasuna eta gardentasuna nahi dugu.
4. Beldurra diogula emaitzari? Inolaz ere ez. Horregatik herritarrei galdetzea
nahi dugu, erraten dutena errespetatuko dugula erran dugu beti. Baina bai
beldurra diogula NaBairen maltzurkeriari, faltsukeriari, informazioaren
manipulazioari...
5. Autokritika ez dugula egin? Egin behar dugu? Prentsa aitzinean erran genuen
garbi aski zer nahi ganuen eta nolako bidea egin behar genuen. Ez dugu iritzia
aldatu eta ez dugu deus altxatu. Puntu berean gaude. Agian autokritika zuek
egin beharko zenukete, bazterrak nahasten ibili zaretenak. Akordio batera
iristeko ahaleginetan ibili gara, ongi dakizuen bezala, iduri zuen posturak
hurbiltzen ari zirela eta orduan adostutako proposamena zehaztu behar
genuenean, prentsan eskatzen diguzue zuen plana onartzea. Horrek elkar ulertzea
errezten al du?
Baztan, 2007ko abenduaren 27a
Iruzkinak
Utzi iruzkina: