NOIZ ARTE?
Fenixaren berpiztea
Musika munduaren alderik komertzial eta materialistenean bizi diren “artistek” ez dute batere argi izaten beren bizitzekin egin nahi dutena. Haizearen antzera batetik bestera dabiltza noraezean, gaur drogez kopetaraino beteta, bihar destoxikazio zentrora, etzi sekulako festan konortea galdu, etzidamu liposukzioa egin…
Fenixa abere mitologiko harrigarria da; zahartzen denean su hartu eta hauts bihurtzen da, ondoren bere hondakinetatik berpizteko. Antzera egiten dute gure plastikozko idoloek; behin eta berriz erortzen dira zulorik beltzenetan, ondoren disko, irudi eta mutil edo neska lagun berriarekin gure artera bueltatzeko.
Eta milaka adibide jarri genitzake; Britney Spears-ek esate baterako disko berria atera berri du eta bizitza berri bat hasteko prestatu da (publikoki behintzat). Baina, zein punturaino pertsona batek iraun dezake honelako bizitza erritmoa? Britney-k semeak ditu, nahiz eta soilik 26 urte eduki, eta gehiegitan ikusi dugu erortzen.
Nire galdera hauxe da; noiz arte iraun dezake Fenixaren antzera, ezer gertatu ez balitz bezala, berpizten, hiltzen eta berpizten? Eskarmentuak ez al du panpinazko pertsonaia hauetan errealitatearen izpia pizten?
Tristeena zera da; beraiek guztiek gure diruaren kontura bizitza arrosa daramatela uste duten artean beren bizitza gris eta faltsuak gehiegikerietan itotzen dituztela inguruko diru gosetien gutiziak betez.
Kylie Minogue, Lindsay Lohan, Courtney Love, Mariah Carey y Whitney Houston, Pete Doherty… guztiek egin dute beren bizitzarekin Fenixaren berpiztea behin eta berriz. Baina… Noiz arte? Gure kapritxoa ase arte; gu guztiok beraietaz betirako aspertu arte; diru iturri izateari uzten dioten arte; edo, besterik gabe, gehiegi zahartu arte.
Horregatik saiatzen dira temati berpizten; horregatik 40 urterekin 20 izaten jarraitzen dituzte, berrogeita hamabi mila rekopilatorio atera dituzte, bostehun dibortzio eta ezkontza izan dituzte, mila toxikazio jasan dituzte… baina batez ere, bilioika euro gastatu dituzte luxuzko litxarreriatan. Beren fan gazteenek imita ditzaten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: