Inprobisatzearen merituak

entzun 1456132249025 Entzun! | 2007-12-11 00:09

Ostiralean, barrualdeko herri bateko gaztetxean izan nintzen. Sartu nintzenean, dozena erdi pertsona ikusi nituen taula gainean musika jotzen. Harritu egin ninduen honek, izan ere, talde batek jotzen duenean, ohikoa da atean sarrera sinbolikoki ordaintzea. Maldan behera doan nire poltsikoarentzat edozein huskeria zein mesede den pentsatu eta alaitu egin nintzen. Gogoeta horietan barneratuta nengoen, eszenatokian igota zegoen bat nire laguna zela ohartu nintzenean. Gitarra oso ongi jotzen zuela banekin, baina ea noiztik zen talde bateko partaide galdetu nien ingurukoei. Hauek, oker nengoela azaldu zidaten, ez zela talde bat, lagun batzuk elkartu zirela soinu pixka bat ateratzeko baizik. Gauzak horrela, inprobisazioaren inguruan pentsatzen hasi nintzen eta bide batez, ea gai hau nola bideratu nezakeen, blog honetan idazteko.

 

Inprobisazioa musikari baten sormenaren maxima handiena iruditzen zait. Inprobisatzearen bitartez lortzen dituzte musikariek euren abesti eta doinuak. Baina, inprobisazioa publikoaren aurrean oso mugatua da musika estilo batzuetan besterik ez baita egiten, jazzean, hip hopean…

 

Ez gaude ohituta sormen era honetara, kontsumo erraza nahi dugu. Gustatzen zaizkigun abestiak entzun nahi ditugu eta badakizkigun abestiak kantatuz, emozionatu. Azken batean, erosokerian erortzen gara.

 

Esperimentu honen emaitza ikusi eta gero, ordea, gauza berriak probatu genitzakeela ondorioztatu dut. Hasiera, apur bat hotza izan bazen ere, akorde batzuen ondoren giro berezi bat sortzea lortu baitzuten han bildutakoek. Gaua aurrera zihoan heinean, jendea animatuz joan zen eta taula gainean aurkitzen ziren pertsona kopurua hirukoiztu egin zen. Batzuek euren ahotsaz baliatu ziren, norbaitek kaxaren bat ere hartu zuen, gitarrak aldatuz joan ziren, kutxa batean aurkitzen ziren malabareak hartuta ere jardun zen talde bat. Azken batean, lagunarteko denborapasa bat, zenbait kontzertu esanguratsu baino arrakastatsuagoa izan zen. Sarritan, errutinatik ateratzea ez baitago “ordaintzerik”.


Utzi iruzkina: