V. Emakumea Pilotari eguna larunbatean
Datorren larunbatean, maiatzaren 28an, ospatuko da Iruran V. Emakumea Pilotari Eguna. Bertan elkartuko dira, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 2004tik martxan duen Emakumea Pilotari proiektuaren baitan, aurtengo ikasturtean emakumeen 20 urtetik gorako paleta ikastaroetan aritu diren emakumeak. Ikastaroetan ibilitako 80-90 lagun inguru izango dira bertaratuko direnak, guztira ikasturtean parte hartu dutenen erdiak, gutxi gorabehera.
Azken festa honetan, besteak beste, Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia jokatuko da. Herri bakoitzak bere ordezkaritza izango du txapelketa honetan; zehazki, 9 bikote lehiatuko dira: Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Hernani, Ibarra, Oiartzun, Tolosa, Zarautz eta Zizurkil. Bikote hauek 3 multzotan banatuko dira; multzo bakoitzean ligaxka jokatuko dute denek denen aurka, eta lehendabiziko sailkatuak finalerdietara pasatuko dira, bigarren sailkatuen arteko onenarekin batera.
Txapelketaz gain, hala ere,
paleta saioa ere izango da. Pilotalekua sei gunetan banatu eta hainbat joko
egoera landuko dituzte bertaratutako emakumeek. Saio honetan 80 batek parte
hartzea aurreikusten da. Saioa amaitu ostean txapelketa herrikoiko azken fasea
jokatuko da: finalerdiak eta finala.
Bazkaria eta trikitilariak ere ez dira faltako ikasturteko lana merezi bezala ospatzeko, eta ezta oroigarriak ere.
Emakumea
Pilotari Egunari hasiera 10:00ak aldera emango zaio, emakumeen iritsierarekin,
eta 20:00ak aldera arte luzatuko da festa.
ONDO PASA ETA GAIZTOAK IZAN!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: